Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Europa, jaitsiera, lasaitasuna eta ohorea jokoan

Lehen Mailako taldeek denboraldiko azken txanpari ekingo diote helburu desberdinekin. Eibarrek, Alavesek eta Athleticek bihar jokatuko dute eta Realak igandean bisitatuko du Sporting.

Sportingen kontra galdu ondoren, bost puntutako desabantaila pilatu du Eibarrek.
Sportingen kontra galdu ondoren, bost puntutako desabantaila pilatu du Eibarrek. (SD Eibar)

Denboraldiko enegarren etenaldia amaitu eta azken txanpari ekingo dio Lehen Mailak. Euskal taldeak oso helburu desberdinekin heldu dira 25. jardunaldi honetara. Realak bigarren postuari eutsi nahi dio bere historian lehen aldiz Europara joan ahal izateko; aukera horretatik urrunegi, gutxienez ohorezko postuetan amaitu nahi du Athleticek. Alavesek, bere aldetik, oso bideratuta duen lasaitasuna ziurtatu nahi du eta Eibarrek, azkenik, bide gogorra ibili beharko du datorren urtean Lehen Mailako taldea izaten jarraitu nahi badu.

Sevilla - Eibar

Armaginak izango dira zelairatuko diren lehenak, larunbat honetan Sevillari ekingo dioten bisitan (12.00, Sevillaren Youtubeko kanala). Aurretik dituzten sei jardunaldietan bost puntuko desabantaila neutralizatu behar dute eta hurrengo irteeretan Granadilla eta Atletico bisitatuko dituztela kontuan hartuta, argi dago ezinbestekoa dutela bolada txarrarekin –bost porrot jarraian jaso dituzte– bihar bertan amaitzea.

Ana Juyent ordezkatu ondoren, Jordi Ferronek debuta egingo du. Egoera «zaila» dela onartu du baina Eibar aurrera irtetzeko gai dela uste du, horretarako bere neurketak irabazteaz gain, gainontzeko aurkariek eurenak galtzea behar badu ere. Gorri-urdinei beraiei dagokienez, «jarrerarekin» oso pozik agertu da. «Eta aurretik egin duten lanarekin, fisikoki taldea oso ondo baitago. Orain dinamika aldatu behar dugu». Oso partida konplikatuan saiatuko dira, Sevilla oso talde «intentsoa» baita. «Entrenatzaileak nortasun handia ematen dio eta oso intentsoak dira, gainera beren zelaian jokatuko dugu. Ez da erreza izango baina lanean eman ditugun hamar egun hauetan izan dugun ilusioa jarri behar dugu partidan», esan du Ferronek.

Albiste onena aurreko orduetan Arolaren errekuperazioa izan da. Bere entrenatzaileak aurrelariarekin «kontuz» ibiliko dela onartu du, denbora luzea eman baitu bajan gihar-haustura dotorea eduki ondoren, baina «taldearen dinamikan» sartzearen garrantzitsua azpimarratu du eta, batez ere, minutuak edukitzeko «prest» dagoela azpimarratu du.

Alaves - Rayo Vallecano

Eibar baino okerrago dabilen talde bakarrak bisitatuko du bihar Ibaia (16.30, Alavesen Youtubeko kanala), bere helburua betetzetik oso gertu dagoen Alaves bisitatzeko.

Lana ia eginda duenaren lasaitasunarekin ekingo diote partidari babazorroek; Bigarren Mailatik bultzakadatxo batera egotearen presioarekin aurkariek, berriz. Baina Mikel Cresporentzat hanka-sartze borobila izango litzateke «garaipena gurea dela pentsatzea azkena datorrelako. Azken hiru jardunaldietan Rayok ez du galdu eta, gainera, bere ezaugarri adierazgarriena azken unera arte borrokatzea da. Duten guztia emango dute mailari eusteko eta horregatik dakigu partida oso zaila izango dela».

Alaves, gainera, azken bost asteotan partida bakarra –badira hamabost egun– jokatu ondoren zelairatuko da. Bere entrenatzaileak ez du uste kalterik egingo dionik taldeari eta nahiago du «ukituta eta arazoekin zeunden futbolariak berreskuratzeko, gauza batzuk zuzentzeko eta beste batzuk hobetzeko aprobetxatu» dutela pensatzea. «Partida zail» batean egiaztatu beharko dute gasteiztarrek. «Aurkari gogorra da. Oso atzean defendatzen du eta urruntze batetik trantsizioak lortzeko gai da. Estrategiako jokaldietan ere indartsuak dira. Ez du arriskatzen baloia jokatuta ateratzeko» eta horregatik izango da garrantzitsua hasieratik «baloia azkar mugitzea, egoera onak sortu arean eta, batez ere, eraginkorrak izatea sortu ditzakegun aukeretan», sekulako inportantzia izango bailuke «lehen gola guk sartzea, gehiago zabaldu beharko liratekelako. Ez litzateke erabatekoa izango baina bai oso oso garrantzitsua».

Itziar Gastearenaren baja bakarra dute gasteiztarrek.

Vila-real - Athletic

Lasaitasunetik gero eta gertuago dagoen Vila-real bisitatuko du larunbat honetan, bere aldetik, Athleticek (17.00). Sara Monforteren taldeak puntuen beharra dauka oraindik baina egiten ari den bigarren itzuli dotoreari esker, kondenatuta egotetik jaitsiera zazpi puntura izatera pasatu da. Gorago daude zuri-gorriak baina ez denboraldia helburu erakargarri batekin amaitzeko adina. «Geratzen diren sei partidak irabaztea da gure helburua» esan du Iraia Iturregik, ohorezko postuetan amaitu ahal izateko.

Zehazki larunbat honetako neurketari begiratuta eta Madrilen kontra gertatu zena kontutan hartuta, baloiarekin egin beharreko hobekuntza landu dute batez ere bizkaitarrek bi aste hauetan. «Batez ere baloiaren jabetza izatea –azaldu du beren entrenatzaileak–. Madrilen kontra baloiaren jabetza eduki genuen baina akats asko egin genituen eta hobekuntzaren fokoa hor jarri dugu, barez ere eraso antolatuan». Atzean ere, «intentsitate handiagoa» eskatu die bere jokalariei baina eraso jokoa hobetzearen beharra nabarmendu du berriro ere. «Egia da aukera asko sortzen ditugula kontraerasoan baina partida askotan iniziatiba baloiarekin gurea izan behar da, egokia hori delako. Dauzkagun jokalariekin, Liga honen partida askotan iniziatiba gurea izateko eta eraso antolatuan gol-aukera asko sortzeko gai gara. Ziur nago, horretan sinisten dut. Jokalariek ere sinistea falta zaigu eta praktikan jartzea baina lanean daramagu denboraldi hasieratik», esan du.

Etenaldien eta covidak eragindako atzerapenen ondorioz azken sei astetan bi partida besterik jokatu ez dituen Vila-real bisitatzeko, Clara Pinedo sartu du Iturregik deialdian. Etxean geratu dira, berriz, Naroa, Istillart, Monente eta Unzue, min hartuta. Azken biek hurrengo partidan partehartu ahal izango dute ziur. 

Huelvako Sporting - Real

Igandean jokatuko du Realak (12.00), Europan amaitu ahal duen bidean beste urrats bat emateko asmoarekin. Donostiarren ibilbidea eta Huelvako Sporting-ena sailkapenean duen egoera ikusita, talde txuri-urdinak helburua errez beteko duela pentsa liteke baina talde andaluziarra mailako aurkari gogorrenetarikoa da. Asko, izugarri, kostatzen zaio partidak irabaztea baina bere aurkariek ez dute erraztazun gehiagorik topatzen. 24 jardunalditan 17 garaipen ospatu dituen Reala bera puntu bakarrarekin konformatu behar izan zen Zubietan jokatutako lehen itzuliaren norgahiagokan.

«Oso aurkari gogorra da», onartu du Natalia Arroyok. «Gogorra, lehiakorra, potentzia dauka, kalitatea, defentsiboki eskarmentu handikoa… Eta edozein xehetasunez baliatzen da partidan sartzeko. Jokaldi defentsibo on bat, aukera bat, kornerra… Berdin da, partidan sartzeko aprobetxatzen dute edozein aukera. Iniziatiba zurea dela pentsatzen lagatzen dizute baina azkenean beraiek nahi duten moduan jokatzen ari zara. Baloi barik oso konpaktoa da, jokakari guztiak oso sartuta daude eta gero polbora asko dauka, fitxaketekin asmatu du eta hasieran lortzen ez zituen golak orain sartzen hasi da eta horregatik doa goraka», azaldu du entrenatzaileak.

Guzti horri aurre egiteko, Realak hainbat arlotan hobetu beharko du andaluziarren kontra lehen itzulian egindakoa. «Ez ginen gaizki egon baina erritmo pixka falta izan zitzaigun, goian ez genuen asmatu beste partida batzuetan bezela, oreka eta lehietan ere ez ginen fin ibili… Hazteko ere balio izan zigun eta orain hobe egin dezakegula uste dut. Gure erasoa erritmo gehiagorekin kudeatu, une batzuetan sakontasun handiagoa, pazientzia gehiago… Taldea eremu horretan hazi dela uste dut. Eta, gainera, arretatsuagoak egon behar gara trantsizio uneetan euren arma arriskutsuenetarikoa den kontraerasoa kontrolatzeko».

Realak bihar egingo du azken entrenamendua eta horren arabera bajen zerrenda handitu daiteke, jokalari batzuekin zalantzak baitaude. Nolanahi ere, printzipioz, Maddi deialdira itzuli liteke, aste osoan taldekideekin batera lan egin ondoren.