Ion Salgado

Hizkuntza eskubideen urraketari lotutako intzidentziak %15 hazi dira; gehienak administrazioan

2021ean 1.320 intzidentzia jaso ditu Behatokiak, aurreko urtean baino %15 gehiago, gehienak (815) administrazioari eta zerbitzu publikoei loturikoak. Behatokiak dei egin die administrazioei egun dituzten hutsuneak aztertu eta neurri eraginkorragoak martxan jarri ditzaten.

Garbiñe Petriatik eta Agurne Gaubekak aurkeztu dute Behatokiak egindako txostena.
Garbiñe Petriatik eta Agurne Gaubekak aurkeztu dute Behatokiak egindako txostena. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Hizkuntza eskubideen urraketei lotutako intzidentzia kopuruak gora egin zuten joan den urtean. Hala nabarmendu dute ostiral honetan Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren ordezkariek Gasteizko Europa Jauregian egindako agerraldian.

Bertan ‘Hizkuntza Eskubideen egoera 2021’ txostena aurkeztu dute. Honen arabera, iaz 1.320 intzidentzia jaso zituen Behatokiak, aurreko urtean baino %15 gehiago; gehienak (815) administrazioari eta zerbitzu publikoei loturikoak.

Agurne Gaubeka erakundeko zuzendariak eta Garbiñe Petriati Behatokiko teknikariak adierazi dutenez, Gasteizko eta Iruñeko gobernuetako administrazioak izan dira kexa gehien jaso dituzten erakundeak.

Nafarroako Gobernuari dagokionez, hainbat kasutan zerbitzuak euskaraz jasotzea ezinezkoa izaten dela azpimarratu dute, «eta beste zenbaitetan, herritarrek albo-kalte ondorioak pairatu behar izaten dituzte».

«Euskarak lege-babes nahikorik ez izateak eta herritarren eskubideak hizkuntza-eremuka banatzeak, kalte nabarmenak ekarri zizkion 2021ean ere administrazioarekin harremanak euskaraz izan nahi zituzten herritarrei», azpimarratu du Gaubekak.

Halaber, lan-deialdi publikoetan «euskaraz bizi nahi duten herritarren eskubideak kontuan ez hartzeak, zein eskubide horiek bermatzeko hartutako erabakien aurka auzitegietatik emandako erabakiek ere,herritarrak beraien eskubideak aldarrikatzera eraman ditu», azaldu du.

EAEn «ohiko hutsuneak urtero bezala errepikatu zirela salatu dute. Izan ere, haien esanetan, «administrazioen hizkuntz lehentasunak hiztun kopuruaren arabera edo eremuka ezartzeak lotura zuzena du herritarren hizkuntz eskubideak berdintasunean ez bermatzearekin».

Diotenez, herritarrek hutsune nabarmenenak segurtasun eta herrizaingoan edo osasungintzan aurkitu dituzte, «baina oraindik hezkuntzaren alorrean zein zerbitzu orokorrei lotutako modernizazioan euskarazko zerbitzuak jasotzeko arazoak daude».

Zentzu honetan, «auzitegietatik emandako oldarraldiek herritarren determinazioa eta aldarrikapenak ugaritu dituzte» azpimarratu du Behatokiko eledunak Ipar Euskal Herriaren egoerari buruz hitz egin baino lehen.

Esan duenez, zenbait herriko etxetatik hizkuntza politikarako neurriak «determinazioz hartzeko asmoa eta borondatea dagoen arren, egungo lege eta araudien esparruak mugak sortzen ditu.

«Administrazio ezberdinetan oraindik orain euskara bigarren mailako hizkuntza da eta herritarrek kanpora begira zein ematen zaien informazioan euskararen presentzia sustatzea aldarrikatzen jarraitzen dute», gaineratu du.

Oztopoak hezkuntzaren alorrean

Hezkuntzaren alorrean euskaraz ikasteko oztopoek bere horretan jarraitu dute 2021ean ere, «Nafarroa zein Ipar Euskal Herriko sistema publikoan euskarazko murgiltze-ereduak dituen lege mugez gain, haur eskola, lanbide heziketa edo unibertsitateetan euskarazko eskaintza falta egoteak, erabat baldintzatzen ditu herritarrak».

Gaubekak eta Petriatik deitoratu duten bezala, espainiar eta frantziar estatuetako administrazioen kasuan, herritarren kexek gora egin duten arren, herritar asko administrazio hauetako zerbitzuak gaztelaniaz edo frantsesez jasotzera ohitu dira. Gainera, administrazio hauekin euskara erabili nahi izateak sortzen dizkien albo-kalte ondorioak nabarmentzen dituzte herritarrek.

Eremu sozioekonomikoa

Eremu sozioekonomikoan, 2021ean ere herritarrek nabarmendu zituzten Euskal Herri osoko merkataritza-gune edo kate handietan emandako urraketak, ostalaritzakoak, interes orokorretako zerbitzuetan gertatzen direnak (energia hornitzaileak, garraioa, telekomunikazioa) edo aisialdiaren esparruan (kultura eta kirola) ematen diren hizkuntza eskubideen urraketak.

Petriatiren hitzetan, «Behatokitik egiaztatu dugu zerbitzu horietan euskarak gero eta espazio gutxiago izaten duela nabarmentzen dute herritarrek,eta lege-bete beharra dagoenetan ere, euskarazko arreta eta zerbitzuak jasotzea gero eta zailagoa izaten dela. Gaztelania eta frantsesaz gaindi, eremu hauetan ingelesak ere euskarak baino toki nabariagoa hartzen baitu hainbat arlotan».

Bestalde, aisian euskarazko eskaintza falta edo euskarazko eskaintza urriagoa izateak «herritarren kontsumo ohituretan eragin dezakeela ohartarazi du teknikariak, eta, etorkizunari begira, txiki eta gazteei bideratutako eskaintza zein mezuekiko kezka nabaritu dela nabarmendu du.

Era berean, eremu hauetan «inongo lege-betebeharrik izan gabe, beraien determinazioz euskarazko zerbitzua eskaintzeko ahalegina egiten duten enpresa eta entitateak eskertzen jarraitzen dute herritarrek, zerbitzuaren kalitatea eta herritarrekiko begirunea nabarmenduaz» azaldu du Petriatik, Behatokiak jasotako zoriontzeak eta esker onak balioan jarriz.

Hartu beharreko neurriak

Azkenik, Behatokiak deia luzatu die Euskal Herri osoko administrazio publikoei «lehentasunez herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko egun dituzten hutsuneak aztertu eta neurri eraginkorragoak martxan jarri ditzaten».

Behatokiko zuzendariak azpimarratu ditu herritarren hizkuntza eskubideak uneoro eta berdintasunean bermatzeko neurrien beharra. Eta hori lortzeko hizkuntza eskubideen alde aktiboa eta pasiboa landu beharra azpimarratu du, hau da, «herritarrek ezin dutela euskara erabili, zerbitzua eskaintzen duenak hori ahalbidetzen ez badu.

«Eta horretarako, araudi egokia eta bestelako lan-tresnak sortzeaz gaindi, lanpostu publiko guztiak zerbitzuak euskaraz eskaintzeko prestatuak egon behar dira: euskarazko arreta, informazioa, baliabideak... euskaraz ere lan egiteko gaituak egotea», esan du.

Eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko neurriak aldarrikatu dituzte Behatokiko ordezkariek. Nabarmendu dutenez, «lege babes eta neurriak mahai gaineratzea administrazio publikoek bultzatu beharreko zerbait ere bada».

Baita erakunde eta enpresa pribatuek «beraien bezero eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideei aitortza egitea». Izan ere, «gizarte justu eta berdinzaleago bat eraikitzeko duten erantzukizun sozialaren parte ere badela» adierazi dute.