«Kopa beste lehiaketa bat da eta nabarmen geratu da beste behin. Ligako sentsazio txarrak albo batera laga ditugu eta ‘feeling’ on batekin jokatu dugu. Sentsazio bikainekin ekin diogu partidari eta berdin amaitu dugu eta gure helburua ere bete dugu», onartu zuen pozarren Lointek Gernika Bizkaiako Marta Alberdik final-laurdeneko kanporaketa amaitu berritan, Cadi La Seu talde katalanari 51-55 irabazi ostean.
Arrazoi eman beharko eskolta bizkaitarrari, partida hasi eta buka talde gernikarra askoz erosoago aritu baitzen Cadi La Seu baino. Ez bakarrik Tinara Moorek lortu zituen 23 puntu eta 8 erreboteei esker, baita hirugarren laurdenaren hasieran Angela Bjorklunden eskutik lorturiko 2-14ko partzialari esker ere.
Partida azken orduan asko estutu zen, Ariadna Pujol, Laura Peña eta egun oso beltza izan zuen Irati Etxarriren eskutik Lleidako taldea 24-41 galtzen egotetik 51-53raino hurbildu baitzen. Zorte apur bat ere izan zuen talde bizkaitarrak une horietan. Batetik, Bjorklundek jaurtiketa kale egin ostean, zortzi segunduren faltan, sekulako errebotea harrapatu zuelako Tinara Moorek, baina Ariadna Pujolek kendu egin zion baloia, eta kontraeraso bizian ateratzera zihoala epaileek inor gutxik ikusi zuten falta adierazi zioten Cadi La Seuko kapitainari.
«Aurten partida larregi galdu ditugu bost puntu edo gutxiagogatik eta La Seu atzetik aurrera zetorrela ikusi dugunean, beldurtu egin gara, mamuak ikusten hasi garelako», onartu zuen, bestalde, Mario Lopez entrenatzaileak. «Hala ere, burua hotz mantentzea lortu dugu eta gai izan gara beste batzuetan kontra amaitu diren amaiera horietako bat gure alde ekartzeko», gaineratu zuen.
Zentzu horretan, Roselis Silva antolatzaileak taldearen izaera gogorra azpimarratu zuen. «Sufritzen jakin dugu. Ez gara hondoratu La Seu hurbiltzen ari zela ikusi arren. Kostata irabazi dugu, baina merezita», azpimarratu zuen Venezuelako antolatzaileak.
Gernikarren poza sekulakoa izan zen ostegun gauerdi aldera, hurrengo aurkaria Perfumerias Avenida ahalguztiduna izango dela jakinda ere. Baita, Mario Lopezen esanetan, «final-laurdena bera oso luze» egin arren jokalariei.
Birritan jokatu dute bizkaitarren Salamancakoen aurka aurten. Aurreneko itzulian ez zen kolorerik izan eta 70-47 nagusitu ziren Roberto Iñiguez gateiztarrak zuzentzen dituen jokalariak. Malosten jokatu zen partidan, hilabete honen hasieran hain zuzen, 56-62, asko kostata nagusitu ziren gaztelarrak, nahiz eta aurreneko laurdena 11-22 aurretik amaitu eta Lointek Gernika emaitza horri buelta emateko kapaz izan ez.
Kopako finalerdiak beste kontu bat izango dira ziurrenik. Ligak duen logikarik ez da betetzen erabat –galdetu bestela IDK euskotreneko kideei, esku eskuan izan baitzuten Perfumerias Avenidakenak egitea, nahiz eta 60-56 galdu–; 14.00ak neurketa bat jokatzeko oso ordu arraroa delako eta horrez gain, Fontetan biltzen diren zaleen hamarretik zortzi bizkaitarren alde –Salamancakoen aurka– azalduko direlako.
«Partida bakarrera ezin da jakin. Etxean jokatu genuenean bertan izan genituen. Zer galdurik ez daukagu eta dena da posible», azaldu zuen, itxaropentsu, Marta Alberdik.