NAIZ

25 errefuxiatu ukrainar Euskal Herriratu ditu Ruben Garcia futbolariaren ekimenak

5.000 kilometro inguru errepidean egin ostean, Iruñean itzuli dira gaur igandean Nafarroako zenbait lagunek erabilitako bost furgonetan. Bertan 25 ukrainar ekarri dituzte, gehienak umeak eta beren amak.

Bere bikotekide eta beste zenbait lagunekin antolatu du ekimena Osasunako jokakariak.
Bere bikotekide eta beste zenbait lagunekin antolatu du ekimena Osasunako jokakariak. (Osasuna)

Elkartasun ekimen ugari antolatu da egun hauetan Euskal Herritik, Ukrainan gertatzen ari den gerrak kaltetutako lagunen egoera arintzeko asmoz. Oihartzun handiena izan duena, beharbada, Ruben Garcia Osasunako jokalaria partehartzailea izan duena da. Gaur igandean heldu da helmugara, 5.000 kilometro egin ostean, Euskal Herria, Estatu frantsesa, Luxemburgo, Alemaniae eta Polonian barrena. Futbolariarekin batera abiatu ziren lagunek 25 errefuxiatu ukrainar ekarri dituzte Poloniatik, gehienak haurrak eta haien amak.

3, 5 eta 10 urtetako umeak dira Euskal Herriratutakoak, eta helduei dagokienez, zazpi hilabeteko haurdunaldian den emakume bat ere bada. Ez da zehaztu aurrerantzean non biziko diren. Izan ere, Poloniara joateko bidaiari hedapena eman zioten futbolariak eta bere bidaideek, baina itzulerakoan beren ongizatea lehenetsi nahi izan dute. Baliteke horietako batzuk Iruñean eta beste batzuk Donostian hartzea.

Botikak eta elikagaiak eraman dituzte hara, bestalde, Iruñetik abiatutako lagun hauek, bost furgonetak ondo beterik, besteak beste Ruben Garciaren deialdi publikoaren bidez aurreko igandean Taxoarren bildutakoak. Iruñeko klubak emandako erraztasunak ere eskertu ditu.