Asier Robles
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Kalea hartu dute garbitzaileek, euren borroka gizarteratzeko

Gora Garbitzaileak dinamikaren barruan, sektore feminizatu eta prekarizatu honen langileak ekimen bereziak egiten hasi dira euren lan gatazka gizarteratzeko eta hilaren 31ko greba berotzeko. Hasi berria da baina «urte askotako nekearen ondorioa da». Lan baldintza duinak eta aitormena eskatzen dute.

Garbitzaileek Bilborako sarreretako bat moztu zuten martxoaren 16an.
Garbitzaileek Bilborako sarreretako bat moztu zuten martxoaren 16an. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Martxoaren 3an Bilboko zenbait gune enblematiko ezohiko moduan agertu ziren: Iturriak morez tindatuta; gizonezkoen estatuetan eskularruak eta lanbasak zintzilikatuta; eta udaletxeko zubitik pankarta handi bat eskegita, “M31 grebara, 1.200 euro x 15: si las limpiadoras paramos, se para todo” leloarekin. Horren atzean, sortu berri den Gora Garbitzaileak dinamika zegoen, lan baldintzengatik eta aitormen faltagatik nazkatuta dauden langileak.

Sektore feminizatu eta prekarizatu honen lan gatazka duela urte askotatik dator. Izan ere, sindikatuek salatu dutenez, Bizkaiko garbitzaileen soldatak ez dira urtean 16.000 eurora iristen eta, gainera, Bizkaiko garbikuntzaren hitzarmenaren pean lan egiten dutenen artean gehiengoak lanaldi partzialak dituzte (hilean 1.000 euro baino gutxiago kobratuz). Horrez gain, genero arrakala handia dagoela salatzen dute. Gauzak horrela, duela 15 hilabete inguru, hitzarmen duin bat negoziatzen hasi ziren patronalarekin, baina enpresarien «blokeoa» ikusirik, mobilizazioak egiten hasi ziren aurreko azaroan.

ELA, LAB eta ESK sindikatuek, negoziazio mahaiaren gehiengoa ordezkatuz, Bizkaiko eraikin eta lokalen garbikuntzan greba deitu dute martxoaren 31n, apirilaren 26an eta 27an, eta maiatzaren 10, 11 eta 12an. Nabarmendu dutenez, 30 urte pasatu dira gehiengo sindikalak Bizkaiko garbiketa sektorean greba antolatu zuenetik. 12.000 langile inguru daude grebara deituta.

Lan gatazka kalera ateratzeko, aldarrikapenak ikusgarritasun gehiago izateko eta greba indartzeko asmoz, sektore honen langile batzuk batu eta Gora Garbitzaileak dinamikari ekin zioten, LAB eta ESK sindikatuek babestuta. Martxoaren 3ko ekintzaz aparte, 9an ISS Facility Services garbiketa enpresa okupatu zuten ileordeak buruan eta zoru-garbigailuak eskuan zituztela. 16an, hamar minutuz moztu zuten Bilborako sarreretako bat. Dinamika honen kideak diren Olaia Bilbao, Aitziber  Perez eta Amaia Barragan GARArekin egon dira borroka honen nondik norakoak azaltzeko.

«Kolektibo ikusezina eta gutxietsia gara, eta sakabanatutako lantokietan lan egiten dugunez, ez da erraza sektorea aktibatzea. Gainera, oso zaila da gure borrokak eta gure aldarrikapenek oihartzuna izatea». Egoera ikusita, aurrerapauso bat emateko eta ohiko mobilizazioez harago joateko beharra ikusi zuten: «Ekintzara pasatzea erabaki dugu eta dinamika honekin ikusgarritasun eta oihartzun gehiago irabaztea nahi dugu».

«Gizarteak normaltzat jotzen du metaleko edo garraioko grebak daudenean gizonezko langileek kaleak edo enpresak okupatzea, baina harrituta geratzen dira emakume langileok ekimen hauek aurrera eramaten ditugunean. Gu, ordea, eroso gaude, eta ikusi dugu gure borrokak lehen lerrora eramateko baliagarria izateaz gain, ahalduntze kolektiborako tresna ere badela», dio Bilbaok.

Aitorpen falta

Lan baldintzez gain, aitormen faltagatik ere kexu dira garbitzaileak: «Beti egon behar gara ezkutuan, inork ikusten ez gaituen ordutegietan egiten dugu lan, askotan gauez. Eraikinak inor ez dagoenean garbitu behar ditugu eta lan guztia azkar egin. Baina inork ez digu zoriontzen dena txukun eta garbi ikustean. Jendeak argi izan behar du guk ez baditugu gelak garbitzen haiek ezingo direla eroso egon. Inork ez digu hori aitortzen edo eskertzen, eta horrek asko molestatzen nau», dio Perezek.

Errekonozimendu falta hori covid-19ak eragindako pandemia garaian ere igarri zen. Asko hitz egin zen osasungintzako langileen beharrezkotasunaz, eta, merezimendu osoz, haien lana asko goraipatu zen. Aitzitik, garbitzaileen lanaz, birusaren hedapena geldiarazteko eta kutsatzeak saihesteko funtsezkoa izan bazen ere, oso gutxi hitz egin zen.

«Pandemian gu ez ginen gelditu. Egunero joan behar izan genuen lanera eta gure lan karga asko handitu zen, dena garbi eta desinfektatuta egon behar zelako momentu oro. Jendeak hori ez zuen ikusten eta enpresek gure esfortzua ahaztu dute. Martxoaren 8an mezu politak jasotzen ditugu enpresako zuzendaritzetatik, baina gero ez dute gure lana duintzeko ezer egiten», diote Gora Garbitzaileak taldeko kideek.

Hori aldatzeko atera dira kalera, eta hilaren 31n lehen greba eguna egingo dute. Aldarrikapen nagusiak argi utzi dituzte: langileen soldatak gutxienez 1.200 euroko 15 pagakoa izatea eta lanaldi partzialak amaitzea ahalbidetuko duen hitzarmena sinatzea. Hori lortu arte iraungo du Gora Garbitzaileak ekimenaren borrokak.

«Gora Garbitzaileak ekimena hasi berria da, baina urte askotako nekearen ondorio da. Guk geuk sortzen dugu, baina arduradunak enpresariak dira. Duela gutxi jaio da, baina hitzarmen duin bat lortu arte ez da hilko», azpimarratu du Barraganek.