Gazte literaturara saltoa eman du Miren Gorrotxategik ‘Lima’ eleberriarekin

Bere burua ezagutzen ari den nerabe baten gatazkak eta sentimenduak mitologiarekin nahastu ditu Gorrotxategik liburu honetan. Nobela beltza alde batera utzita, benetako billanorik ez duen istorio batean murgildu da, bere DBHko ikasleak oso kontutan izanda, haien gustukoa izango delakoan.

Miren Gorrotxategi idazlea, astearte honetan Donostian.
Miren Gorrotxategi idazlea, astearte honetan Donostian. (Jon URBE | FOKU)

Lili Maiuri gaztea da Miren Gorrotxategik sortu berri duen pertsonaia. Lima deitzen diote denek, bere izena eta abizenaren laburdura, eta izen hori darama, halaber, gazte literaturan kokatzen den liburuak. ‘Lima’ Elkar argitaletxeko Taupadak bilduman kokatzen da, eta pertsonaia zein bere bizitzaren parte diren gainontzeko guztiak aurkezteko balio digu. Etorkizunean berari buruzko istorio gehiago aurreikusi ditu idazleak astearte honetan Donostian egindako aurkezpenean.

«DBHko irakaslea naiz eta ‘nire’ haurrei zerbait eskaini nahi nien. Zer gustatzen zaien badakit», esan du helduentzako nobela beltzetik eman duen saltoa arrazoitzeko. Izan ere, aurretik ‘33 ezkil’ (gero pelikulara moldatu zutena) eta ‘Sotoan gordeak’ idatzi ditu Gorrotxategik.

Oraingoan gazteen problematikei heldu die fruta izena duen neskatila baten bitartez. «Protagonista fruta bat balitz, lima baino granada litzateke, hormonez lehertzear baitago, edozein nerabe bezala», argitu du. Istorioan zehar mitologia ere txertatzen du, berari txikitan amak Barandiaranen «ipuinak» irakurtzen zizkiolako. Gerora jakin zuen ipuinak baino, mitologiako istorioak direla. «Gaurko gazteek mitologia ipuintzat hartzen dituzte, haurrentzako gauzak bezala, eta hemen txertatu nahi nuen», aipatu du. Honela, berari hainbeste gustatzen zaion hori gazteek ere jasotzea ahalbidetzen du.

Limak institutura doan neska arrunta dirudi. Bere burua «munduko pertsonarik zorigaitzena» bezala aurkezten du, institutuko zuzendaria bere ama delako, Arantxa. Arantxa eta aita dira bere gurasoak, eta beraiekin bizi da auzo bateko baserri batean; geroxeago deskubritzen du ez direla bere guraso biologikoak, mendian aurkitu baitzuten.

Bere jatorriari buruz informazioa jasotzearekin batera, bere izaera deskubritzen du, eta konturatzen da goibel dagoenean xirimiri egiten duela, alai dagoenean eguzkia ateratzen dela, eta hainbeste gustatzen zaion Markosen ondoan dagoenean gelako tenperaturak gora egiten duela.

Istorio honetan ez dago billanorik, nahiz eta Limarentzat bere ama biologikoa den «gaizkilea», bera abandonatzeagatik. «Bere arrazoiak baditu», kontatu du Gorrotxategik.

Liburua Tanjari eskaini dio idazleak, urtero Ukrainatik etortzen zitzaien neskatilari. «Uda honetan ez dakigu etorri ahalko den», tamaldu da.