Asier Robles

Hezkuntza sistema aldatzeko eskatu du Ikamak

Egungo hezkuntza sistema alda dadila eskatzeko manifestazioak egin ditu Ikama ikasle antolakundeak Hego Euskal Herriko hainbat tokitan. Euskal Eskola Herritar eta Burujabea lortu arte ikastetxez ikastetxe eta herriz herri antolatzen eta borrokatzen jarraituko dutela nabarmendu dute.

Ikama ikasle antolakundearekin manifestazioa Bilbon.
Ikama ikasle antolakundearekin manifestazioa Bilbon. (Oskar MATXIN | FOKU)

Ehunka ikasle batu dira astearte honetan ‘Hezkuntza sistema aldatzeko’ lelopean Ikama ikasle antolakundeak Bilbon, Gasteizen, Amurrion, Iruñean, Donostian eta Bergaran deitutako mobilizazioetara. Egungo krisi egoera «betikook ordainduko ez dugula» argi utzi dute, eta hezkuntza sistema errotik aldatzeko borroka egingo dutela berretsi dute.

‘Ikasle altxa, hasi da iraultza’, ‘Gora gora gora, ikasleok borroka’, ‘Kontrol sozialik ez’, ‘Hezkuntzatik Euskal Herria eraiki’, ‘Hezkuntza Herritik eta herriarentzat’ edo ‘Eusko Jaurlaritza, entzun gure hitza’ bezalako leloak entzun dira mobilizazioetan.

Bilbon, Jesusen Bihotzetik hasi da manifestazio zaratatsua eta hiriko erdialdetik egin du ibilbidea. Unamuno ikastetxetik pasatzean, bertako ikasleak txaloka hasi dira leihoetatik. Ondoren, Sabin Etxearen aurrean bukatu da protesta, bertan hitzartzea irakurriz.

Manifestazioak hasi baino lehenago, Poliziak gutxienez 8 ikasle identifikatu dituela jakinarazi du Ikamak sare sozialetatik.

«Covid-19ak mundu globalizatu hau zuzenean kolpatu baino lehen esaten genuen jada blokeo egoera batera ari ginela gerturatzen, neoliberalismo basatiak ezinbestekoak dituelako kolapso egoerak forman biziberritu ahal izateko. Hezkuntzak ere goia jo duela esaten daramatzagu urteak eta urteak, industrializazio garaiko formatu berdina duen hezkuntza eredu batekin jarraitzen dugulako, guztiz zaharkitua dagoena eta ikasleon garapen integrala erdigunean jarri beharrean, kapitalismoaren makinaria olioztatzea beste helbururik ez duena», adierazi du Ikamak.

Gaur egun Hezkuntza «negozioa» dela salatu dute; «gutxi batzuek gehiengo oso bat haien balore eta praktiken baitan hezteko negozioa». Pasa den urtean espainiar Estatutik LOMLOE legea horretan berresteko etorri zela azpimarratu dute: «Dena lotuta eta ondo lotuta izateko».

«Legeak lege, egunez egun ere ikasleak eskuetatik lotuta gaituzte ikastetxeen barruan, itotzen gaituen ebaluazio sistema batekin, gure jatorriagatik ikastetxeka segregatzen gaituztelarik, ikasketa prozesua aurrera eramateko materialetan inbertitu behar dugun diru guztiagatik, ikasleon gaineko etengabeko kontrol eta kriminalizazioa, euskaraz ikasi eta bizitzeko ezintasunagatik. Honek guztiak, nola ez, gure osasun mentalaren kaltetzea dakar, presio eta beldurraren doktrinak muturreko egoera batera eraman gaituelarik», gaineratu du ikasle antolakundeak.

«Sistemak eta egitura instituzionalak dituen mugak» kontuan hartuta, ikasturte honetan hezkuntza eredua iraultzeko «aukera berri bat» ireki dela nabarmendu dute.

Ildo horretan, EAEko Parlamentuan eztabaidatzen ari den legea komentatu dute: «Bide onetik doa baina, hala ere, ikusi beharko dugu adostutako akordioek zer itzulpen duten datorren urterako prest egotea aurreikusten den legean; eta horretarako ezinbestekoa izango da mobilizazio sozialean eragin eta ikasleok gure aldetik kaleetan zein ikastetxeetan eragiten jarraitzea».

Horregatik, ikasleek argi utzi dute hemendik aurrera ere ez direla makurtuko: «Orain inoiz baino gehiago, ikastetxez ikastetxe eta herriz herri antolatzen eta borrokatzen jarraituko dugu, Euskal Eskola Herritar eta Burujabea lortu arte! Galtzeko bakarra kateak direlako».