Bizitza osoan zehar karrikan bizi diren personen alde lan egin zuen Pierre abadeak atxiki zuen lorpena iraunkortzeko urratsa egin du astearte honetan EDF konpainiak.
Arau horren arabera, azaroaren 1etik eta martxoaren 31ra arte etxebizitzen jabeek ezin dituzte maizterrak kanporatu. Era berean, gasaren edo argindarraren faktura ordaindu ez arren, energiaren banatzaileek ezin dute inor hornikuntzarik gabe utzi.
Gauzak horrela, frantses Estatuko hauteskundeak edozein alderdik irabazita ere, gobernuek «neguko menia» izenarekin ezagutzen den neurria errespetatu beharko dute.
Urteak dira muturreko pobreziaren aurka lan egiten duten elkarteek neurri eraginkorragoak eskatzen dituztela. Zehazki, hotz gehien egiten duen hilabete horietan ez ezik, pobrezia energetikoari aurre egiteko behin betiko menia eskatzen du Abbe Pierre Fundazioak.
EDF argindar konpainia frantsesarekin kontratua duten bezeroek, Hexagonoan bezala baita Ipar Euskal Herrian ere, ildo horretan doan neurriaren berri jaso dute astearte honetan.
EDFk jakitera eman duenez, heldu den ostiralean ez da «tregoa»rik amaituko. Hala, urte osoan zehar aplikatuko du argindar zerbitzuaren mozketa debekatzen duen neurria.
Iragan azaroan aurreratu zuenez, «urrats bat gehiago» emateko prest da EDF. Neguko hilabetetik harago argindar zerbitzuaren mozketa bertan behera utziko du.
Horren ordez, faktura ordaintzen ez duen etxebizitzari kw bateko potentzia baizik ez dio bermatuko EDFk. «Hozkailua eta portablea kargatzeko elektrizitate adina».
Berehala, Abbe Pierre Fundazioak gainerako hornitzaileei antzeko erabakia hartzeko gonbidapena luzatu die.
Iaz 254.000 bezerok argindar etenaldiak pairatu zituzten fakturak ez ordaintzeagatik.