NAIZ

Euskara-frantsesa sakeleko hiztegien bilduma berrargitaratuko dute Ipar Euskal Herrian

Korrika abiatzear delarik, Euskararen Erakunde Publikoak (EEP), Euskal Elkargoak, eta Baiona, Donibane Lohizune, Hendaia eta Biarritzeko herriko etxeek euskara-frantsesa sakeleko 30 hiztegien bildumaren berrargitalpena iragarri dute gaur.

Euskara-frantsesa 30 hiztegien bildumaz osaturiko saskia eskura izanen da Baiona, Biarritz, Donibane Lohizune eta Hendaiako herriko etxeetan.
Euskara-frantsesa 30 hiztegien bildumaz osaturiko saskia eskura izanen da Baiona, Biarritz, Donibane Lohizune eta Hendaiako herriko etxeetan. (@CommunautePB)

Bihartik aurrera, 10 egunez eta bertze hainbeste gauez euskararen aldeko Korrikak Euskal Herriko bide, herri eta hiriren gaindi ibiliko dela baliaturik, Ipar Euskal Herriko sei erakundek ekimen berezia eman dute plantan.

Prentsa-ohar baten bidez jakitera eman dutenez, Euskararen Erakunde Publikoak (EEP), Euskal Elkargoak, eta Baiona, Donibane Lohizune, Hendaia eta Biarritzeko herriko etxeek euskara-frantsesa sakeleko 30 hiztegi tipien bildumaren berrargitalpena egingo dute.

Material horrek helburu bikoitza du. Alde batetik, euskararez ahozko erabilera azkartzea eta bestetik euskara ikasten ari den jendearen bide lagun izatea.

Hala gai orokorrak (familia, eguraldia, eskola), zein berezituak (zientziak, arnoa, bide heziketa) jorratuak dira liburuxka horietan.

Azken 15 urteetan bilduma urratsez urrats osatzen joan da. Hala, 2019an, erakundeen arteko lankidetza desmartxa baten baitan, bilduma osoa zorro itxi eta identifikagarri batean bildua izan zen, erabiltzaileen eskura aise jartzeko.

Webgunearen bidez edo herriko etxeetara bertaratuz

Berrargitalpen honi esker, 3.500 hitz inguru (usaiakoak, zein terminologikoak) jasoko dituzte «euskara ikasten, euskara dakiten edo hizkuntzak maite dituzten» herritarrek.

Bilduma osoa kontsultatu eta deskargatzen ahalko da sei erakundeen webguneen bidez.

Horretaz gain banaketa fisikoa antolatzeko asmoa dago Baiona, Biarritz, Hendaia eta Donibane Lohizuneko herriko etxeetan.

Urririk banatuko dituzte, «euskara bezala hiztegi hauek erabiliak izateko sortuak baitira».

Zorro barnean agertzen den azalpen oharraren bidez erabiltzaileari gonbidapena luzatzen zaio «hiztegi horiekin jostatzeko, erregularki kontsultatzeko, egunero hitz berri bat ahozkatzeko, haurrekin edo lagunekin euskara baliatzeko...».

Ideia horri jarraikiz, Biarritzeko Herriko Etxeak aktibitate liburuxka berriak eskuragarri emango ditu datozen asteetan.

2020an iragan zen konfinamendu garaian sortutako kaier horiek mintzalasai.eus atarian eskuragarri dira, eta familian edo lagun artean euskararekin jostatzeko aitzakia eskaintzen dute.

Hiztegien berrargitalapenaren berri emateko zabalduriko oharrean aipaturiko sei erakundeek nabarmendu dutenez, «euskararen biziberritzea, lurralde mailako erronka kolektibo eta partekatua da».