Nagore Belastegi

Hasi berrientzako eztabaida filosofikoa dakar Agustin Arrieta Ortizbereak

‘Gaueko eztabaidak’ lanak lau gazte batzen ditu, hiru gauetan zehar filosofiako gai sakonen inguruan mintzatzen direnak. Gaiak eta metodoa filosofiako bereizgarriak badira ere, modu errazean landu du eta guztientzako aproposa den testua lortu du. Ikasle gazteei iristea da bere nahia.

Agustin Arrieta Ortizbereak ‘Gaueko eztabaidak’ aurkeztu du.
Agustin Arrieta Ortizbereak ‘Gaueko eztabaidak’ aurkeztu du. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Filosofia oinarrian duen liburua da ‘Gaueko eztabaidak’ (Elkar), Agustin Arrieta Ortizberearena. Egileak idazten duen gai honen inguruko seigarren lana da honakoa, baina oraingoan bigarren hezkuntzako eta unibertsitateko ikasleak ditu gogoan. Beste irakurle guztiak ere, noski, baina gaurko aurkezpenean azaldu duenez, ez da behar filosofian jantzia izatea planteatzen diren gaiak ulertzeko.

Izan ere, lau pertsonaien bidez, gai bakoitzeko ikuspuntu bat aurkezten du, eta eztabaidaren bidez egiten dugu salto batetik bestera. Unai, Josu, Ane eta Miren hiru gauetan elkartzen dira filosofiari buruz hitz egiteko. Lehen egunean zientzia, erlijioa eta egia dituzte hizpide, bigarrenean artea, generoa, maitasuna eta balioa, eta hirugarrenean zoriontasuna. Filosofian askotan jorratuak izan diren gaiak guztiak. Eta elkarrizketa ere filosofian oso erabilia izan den errekurtsoa ere bada: Platon, Hume, Zizeron, Galileo…

«Klasean gazteen artean eztabaida sortzen zuten gaiak detektatu nituen», argitu du Arrietak, zein EHUn Filosofia irakaslea ere baden. Horiek liburu honetan biltzen saiatu da eta eztabaidari helduz argudioak azaltzeko moduak islatu. Era berean, eztabaida modu enpatikoan ematen dela uste du, pertsonaiak, gehienetan, besteen pentsamoldea ulertzen saiatzen baitira.

«Hasieran ia ez zegoen eztabaida, eta pertsonaiak oso prototipikoak ziren. Ia ia nire etsaiak ziren, eta amaieran kariñoa hartu diet», azald du testua idazten hasi zenetik argitaratu arte egindako aldaketei erreferentzia eginez.

Lau pertsonaiak lau errepide izango balira irudikatzen ditu: «batzuetan paralelo doaz, bestet batzuetan gurutzatu egiten dira, eta gutxi batzuetan bat dira». Terminologia teknikorik erabiltzen ez duenez, publiko orokorrari eta, batez ere, gazteari iristea gustatuko litzaioke, alegia, filosofia klaseetan ‘Gaueko eztabaidak’ material gisa erabiltzea.

Kaleko gaiak

Irati Zubia Landa, Arrietaren ikasle izandakoa eta Filosofian doktoregai, aurkezpenean izan da ere bai. Bere ustez, Arrietak filosofia irakasteko duen modua liburura ekarri du. Bere esanetan, klasean egoerak irudikatzeko pertsonaien izenak asmatzen ditu, eta ikasleek ere berdina egiten saiatzen dira. «Orain pertsonai horiek gorpuztea bezala da», aipatu du.

Era berean, uste du elkarrizketak ez direla batere artifizialak. «Formatuarekin asmatu du gertuagoa delako. Ia antzezlan bat dirudi dena deskribatzen delako», esan du. Pertsonai guztiek ez dute erraztasun berdina euren iritziak plazaratzeko garaian, eta hori ere gizartean islatzen da. «Elkarrizketa humanoak eta zorrotzak dira. Badaude gai filosofiko sakonak kaleko eztabaidetan agertzen direnak», ziurtatu du.