Jon Ormazabal
Elkarrizketa
Unai Laso
Baikoko aurrelaria

«Pilotarako ilusioa berriz piztu diedala esaten entzuteak asko betetzen nau»

Kantxan bezala, elektrikoa da erantzunetan, ere azkarra, bizia eta zuzena. Hori da, bere kalitateaz harago, Bizkarreta-Gerendiaingoa zaleen pilotari kutunenetakoa bihurtu duena. Txapelaren bila ere zuzen eta bizi saiatuko da igandean.

Unai Laso.
Unai Laso. (Iñigo URIZ/FOKU)

Inork zalantzarik baldin bazuen, Unai Laso geratzeko itzuli da.
Hori da, eta ni oso harro horrekin. Itzuli nintzenetik maila ona ari naiz ematen, onenenekin lehiatzen ari naiz eta, gainera, bi final handitara heldu naiz.

Eta denbora luzean ari zara eusten maila bikain horri...
Hori da, partida guztiak agian ez, baina gehienak oso lehiatuak, ongi jokatuak izaten ari dira. Azkenean hori da helburua, gero etorriko dira beste gauzak.

Kantxan hitz egiten ari al zara?
Nik beti esan dut kantxan hitz egin behar dela, ez elkarrizketetan. Maila kantxan eman behar da eta hori egiten ari naiz.

Lau eta erdiko finalaren bezperan esaten zenigun pasa zen guztia ahaztuta zenuela dagoeneko. Baina Binakako Txapelketa hau bazen froga moduko bat zuretzat, batik bat greban beste muturrean izan zen Ander Imazekin jokatuta...
Oso ondo erantzun dugu, Ander izugarrizko txapelketa egiten ari da, ondo erantzuten. Ez dio Zabaletak edo beste batzuek adina ematen, baina ez du pilotarik huts egiten, pilota aurrean duenean asko ematen dio eta fisiko izugarria du. Oso ongi konpondu gara gainera, kantxan eta kantxatik kanpo, eta hori oso garrantzitsua da.

Baina ez al zegoen zuen gainean nolabaiteko foku berezi bat?
Ni ez naiz sekula pertsona herratsua izan, lehen egunean hitz egin nuen berarekin, dena argi utzi genuen eta erakutsi dugu. Esan dudan bezala, ez naiz herratsua eta ia pertsona guztiekin ondo konpontzen naiz, ez dut arazorik. Lau hilabete dira elkarrekin eta gaizki eramanda ez duzu ezer egiten.

Kanpotik ikusita partida eta aukeraketetan Anderren oso gainean ikusi zaitugu. Animatzen, baina baita zirikatzen eta brometan ere.
Bai, bai, biok. Egun osoa barrezka eman dugu eta hori garrantzitsua da, ongi eramatea, barre asko egitea... Hori zen helburua, lau hilabete dira eta gaizki eramanez gero….

Txapelketa oso erregularra egin duzue. Zuek izan al zarete gorabehera gutxieneko bikotea?
Egia da ez dugula izan partida txarrik eta horretaz oso harro gaude; partida guztietan dena eman dugu eta hori ere garrantzitsua da. Partida guzti-guztietan dena ematen duen bikotea gara eta hori jendeari  gustatzen zaio.

Jendea aipatuta, zaleen pilotari kutunetakoa zarela ohartuko zinen honezkero, ezta?
Bai, nabaritzen duzu. Esaten dizute berriz ilusioa piztu zaiela ni ikustean edo nire jokoarekin eta horrek asko betetzen nau, ia gehiena. Nik nirea egin behar dut, baina jendeak zure jokoa eta jarrera gustukoak dituela esaten badizu...  

Pilotari koadroko izar nagusietako bat bihurtu al zara dagoeneko?
Ez, ez, ni tipo umila naiz, nire lagunekin, familiarekin... izaten naiz beti. Errutina bera eramaten dut beti, edo saiatzen naiz behintzat, eta hori da azkenean bide onetik eramaten nauena.

Bada zure eta Jokin Altunaren arteko lehiakortasun horrek Juan Martinez de Irujo eta Aimar Olaizolaren artekoa gogorarazten diela esaten duenik...
Bai, esaten dute, eta hori ona da, morboa da, eta jendearentzat pizgarria ere bai. Kantxara joateko beharrezkoa da. Hori piztu da eta zaleentzat eta guretzat oso polita da.

Finaleko beste aurkaria ere ondo ezaguna da zuretzat. Izan ere, Julen Martijarekin bikotea osatu zenuen luzaroan afizionatuetan.
Bai, eta asko pozten naiz beragatik, txapelketa handia egin baitu Jokin handi batekin. Izugarri pozten naiz beragatik. Txiki-txikitatik lagunak izan gara eta txapelketa asko jokatu ditugu elkarrekin.

Eta garai hartan ikusten al zitzaion dagoeneko maila honetara helduko zela?
Bueno, umetan agian ez genuen pentsatzen halako emaitzak lortuko zituenik, baina gero hazi egin zen, indarra hartu zuen... Hori bai, beti izan da oso pilotaria. Gainera, hanka oso azkarrak ditu eta pilota beti berdean jartzen du eta hori oso garrantzitsua da pilotari batentzat. Ez hori bakarrik, lautik eta aukera duenean eman egiten dio. Finalak ez du elkarren aurka jokatutako azkenengo partidaren batere antzik izango, txapela nahi badugu guk irabazi beharko diegu, ez baitute ezer oparitzen.