NAIZ

‘Borrokan aurrera’ kanpaina abiarazi du Bilboko Sortuk errepresioa salatzeko

‘Borrokan aurrera’ lelopean, kanpaina abiarazi du Bilboko Sortuk «jazarpen poliziala» salatzeko. Izan ere, azken hilabeteetan egindako hainbat mobilizazioen harira 6.000 euroko isunei egin behar die aurre.

Lan heriotzak salatzeko Bilboko Sortuk egindako ekiman.
Lan heriotzak salatzeko Bilboko Sortuk egindako ekiman. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Azken urteetan areagotu egiten ari da kalean edozein jarduera politiko burutzeko orduan sufritzen ari garen presio poliziala. Egiten dena edozer dela ere (propaganda, ekimenak, manifestazioak…) arraroa da gutariko kideren bat identifikatu eta isuna jasotzen ez duen eguna, gehienetan Mozal Legea erabilita.

Hainbat izan dira azkenaldi honetan Bilboko Sortutik kalean burutu dituzten ekimenak; Iberdrolaren tarifazoa salatzeko, Igor Gonzalez preso politikoaren heriotzari erantzuteko, lan heriotzak eta prekarietatea salatzeko, presoen eskubideak aldarrikatzeko, Krisia Kapitalak ordain dezan eskatzeko, faxismoari aurre egiteko, torturaren aurka edota auzoetan propaganda ekimen ugari.

Pasa den Maiatzaren Lehenaren harira Gran Viako Confebasken egoitza aurrean prekarietatea eta lan heriotzak salatzeko egin zuten ekimenagatik «isun txaparrada» heldu zaizkie. Horrez gain, asko dira propaganda jartzeagatik auzo ezberdinetan isunak ordaindu behar izan duten militanteak edota epaiketen zain dauden kideak. Orotara, guztira 6000 euro baino gehiagoko isunei egin behar die aurre Bilboko Sortuk.

Gauzak horrela, gogor salatu dute «Lakuako Gobernuak eta Bilboko Udal Gobernuak adierazpen politiko oro kaleetatik ezabatzeko duen estrategia errepresiboa». «Bere eskuetan dituen medio guztiak erabiltzen ditu kalean ematen diren jarduera politikoak jazartzeko: Ertzaintza, Udaltzaingoa, garbiketa zerbitzu bereziak… Une honetan gehien bat isun ekonomikoak dira gaur egun disidentziaren aurka eta jarduera politikoa baldintzatzeko erabiltzen duten arma nagusietako bat», adierazi du alderdi abertzaleak.

Bide horretan, kalean aldarri politikoak zabaltzen jarraitzeko deia luzatu dute Sortutik. «Herriaren eta jendearen aldarri politikoen sustraiak kalean daudelako, eta kalean egoten jarraituko dutelako».

Bestalde, Borroka Itsulapiko baten tresna sortuko dutela jakinarazi dute. NAIZ Irratian egindako elkarrizketa honetan, Iker Egiraunek kanpaina honen nondik norakoak azaldu zituen