Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Harrotasunik gabe, harro

Euskara hiltzen utzi beharra zegoela zioen filosofo bilbotarrak, «haren arimak bizirik iraun zezan». Beste hizkuntzei gailenduko zitzaiela idatzi zuen abade baxenabartarrak hiru mende lehenago. Eta ez dakit «bertze ororen gainera» izan den, baina bai «bertzeak oro izan diren goien gradora». Diktaduren eta monarkien kontra, trantsizio eredu eredugarrien kontra, gerra zikinen kontra, euskal instituzioen kontra. Gure etxea zutik iraunarazi dugula esan dezakegu.

Horren erakusgarri, Korrika, esate baterako. Ikusgarri eta eragingarri, zentzu guztietan. Korrika kontzientziazio ekitaldia da sortu zenetik. Baina badu beste helburu bat, prosaikoagoa: dirua lortzea. Horregatik saltzen ditu kilometroak; hori bai, petrolioaren garestitzeak horien prezioan eragin gabe. Baina bai, salneurria du kilometro bakoitzak, euskaltegiek beren lana ahalik baldintza egokienetan egin ahal izan dezaten.

Utz iezadazue neure buruaz mintzatzen, behingo honetan besterik ez bada ere. Harrotasunik gabe. Egia esateko, ez diot zentzu handirik sumatzen harrotasun kontzeptuari. Ez behintzat norberak egindakoari dagokionean. Poztasuna, atsegina, asetasuna senti dezaket neure interesen alde egindako zerbaitengatik, baina harrotasuna ez dakit ona den autoestimurako ere.

«Etorri da urrun joaitea»

Duela lau hamarkada pasatxo, Korrikaren lehen edizioa baino lehen AEK-ko irakasle nintzen, 1979-80 ikasturtean, hain zuzen. Langabezian nengoen, «armadarako galdea» jaso ondoren Espainiarekiko beharrizan patriotikoak urrunera eraman nintzan zain. Gogoan dut euskara eskolak ematea proposatu zidan mendaroarra, egunero lanetik irten eta eskolak ematera joaten zena; gogoan nire ikasleak, ikastola berri bateko gurasoak, emakume gazte eta ez hain gazteen talde bat, fabrikako edo etxeko lanak egin ondoren gelako atean euskara eskoletarako ordua noiz joko zain topoatzen nituenak. Orduan irakasleok normalean ez genuen hilean euro bat ere jasotzen, baina pezetatan ordaintzen zigutenez, kantitate hori zati 166,386 kobratzen genuen. Eta korrika egin beharra zegoen, premia eta presa zegoelako. Gasteizen, esate baterako, ez zen erraza egunero euskara entzutea.

Hura izan zen nire lehenengo eta azken ikasturtea AEK-n, 80ko azaroan joan bainintzen. Eta, «kaserna barnean», ez nuen Korrikaren lehenengo edizioan parte hartzerik izan.

Ordutik, hamaika entzuteko jaioak baikara, txorakeria eta batez ere maltzurkeria ugari entzun ditugu. Gauza «zentzudun» horietako asko gaitzetsi egingo lituzkete gaur egun esaten zituztenek berek.

Gogaitzeraino errepikatu izan dute euskara diruz lagundua dela. Gaztelaina eta frantsesa ez bezala, nonbait

Gogaitzeraino errepikatu izan dute euskara diruz lagundua dela. Gaztelania eta frantsesa ez bezala, nonbait. Edo gaztelaniaz nahiz frantsesez egindako milaka kultura proiektuk, besteak beste, ez dute laguntzarik jasotzen? AEK, IKA eta beste euskaltegi batzuek ekimen pribatuak direla. Bai, eta administrazio publikoek egin beharko lituzketen hainbat zeregin ezinbesteko egiten dituzte, zerbitzu publikoa eskaintzen. Horrek egiten ditu hain beharrezko.

Euskararen legeak egin zituzten zenbait administraziok. Ustez euskararen lege batek euskara babesteko legea behar du izan, berdintasun legeak berdintasuna babesteko diren modu berean. Baina berdintasun legeek berdintasuna bermatzen ez duten modu berean, euskararen legeek ez duten euskararen ezagutza bermatzen, ez dutelako balio nahiz balio izan dezaten nahi ez dutelako. Hezkuntza lege batek aurrera egin nahian dabil azkenaldion euskal parlamentu batean, euskara legeek baino zorte hobea izango ahal du.

«Bainan ere, agian, berriz itzultzea»

2003an parte hartu nuen lehen aldiz Korrikan bertatik bertara, egunero euskara entzun zitekeen Gasteiz batean. Urte askoan indar politiko gehienak aurka izan zituen korrikan, instituzioen boikota izan zuen korrikan. Baina beti ere herritarren sostengua izan zuen Korrikan. Aspaldiko gau eskoletako geto ikusezin hura kaleetan gainez egiten zuen uholdea zen.  

Gure alaba lau hilabeterekin izan zen bere lehenengo Korrikan, 1995ean Mikel Laboaren inguruan bildu zen jendetzarekin batera. Hogeitalau urte geroago, plaza berean Maialen Lujanbioren inguruan jendetza bildu zuen Korrikan ere parte hartu zuen, baita haren prestaketan ere, AEK-ko irakaslea baitzen. Beharbada horrelako kontuetan topatzen diot zentzua harrotasunari. Hurbiltasunak edo eraginda, batzuek odola esango diote; nik, esku artean hautsiko zitzaidan beldurrez besoetan hartu izana.

Baina testuingurua ere garrantzitsua dela uste dut. Esate baterako, komunitatea. Orain aspaldi ez dela ezagutu nuen Maialen Errekart Lapurdi, Garazi eta Baigorriko AEK-ko arduraduna. Euskal herritarrek euskaraz jakiteko eskubideaz mintzatu ginen. Berak astero zeharkatzen ditu Lapurdi eta Nafarroa Beherea alderik alde eta ez du oraindik topatu delako eskubide hori. «Euskal Herrian bizi denak ez luke euskara ikasteko ordaindu behar», ziotsan iragan astean GAUR8ri. Euskaltegietako irakasle eta langileen lan baldintza kaskarrei «ttipikeria» deritze, misio bat eta balio batzuk lehenetsita. Hara harrotasuna edo antzeko zerbait sentiarazten didan jarrera.

Amaia Aldanondo Perkaz zangozarrak ere badaki zein premiazkoak diren diru laguntzak, baina badaki, era berean, «hau herri ekimenei esker» doala aurrera. Eta testuinguru horretako parte izatea bada harro egoteko modukoa.

Berrogeitaka urtean gauza askok egin dute hobera, tartean euskaltegien egoera, baina oraindik presa daukagu. Titulazio guztiak eskatzen dizkieten irakasleek, gaur Korrikako lan batzorderen batean buru belarri dabiltzan horiek, ez dute irakaskuntza arautuko lan baldintzarik, ezta hurrik eman ere. Baina korrika egitera deitzen digute, inork baino hobeto sumatzen dutelako premia. Harrotasunak zentzurik badu, horrelako kontuetan aurkitzen diot.

Korrika segitzen dugu 41 urteren buruan, milaka kilometroren buruan, eta segituko dugu aurrean kilometro asko ditugulako. Batzuetan ziztu bizian, beste batzuetan soseguz, eta Korrika duela 41 urte abiatu zen momentu berean helmugara iritsi ginela jakinda. Harrotasunik gabe, baina harro.