Maitane Aldanondo
Elkarrizketa
Alizia Iribarren Andueza
AEK-ko koordinatzaile nagusia

«Gure egunerokoari aurre egiteko Korrika behar dugu»

Indar erakustalditik harago, Korrikak berebiziko garrantzia du AEK-ko euskaltegien biziraupenean. Argi utzi zuen iazko hutsuneak eta AEK-ko koordinatzaile den Alizia Iribarrenek (Elizondo, 1976) ere berretsi du. Baldintzapen horrekin hausteko bestelako politika ausartagoen beharra nabarmendu du.

Alizia Iribarren, aurtengo Korrikaren lekukoa eskuetan.
Alizia Iribarren, aurtengo Korrikaren lekukoa eskuetan. (NAIZ)

Elizondon jaioa bada ere, hamar urte zituenetik Tuteran bizi da, eta mende laurden baino gehiago eman du AEKn lanean: irakasle hasi zen, Erriberako arduradun izan zen gero, eta hainbat urtez Nafarroako koordinatzaile izan ondoren, orain dela bi urte eta erdi Mertxe Mugikaren lekukoa hartu zuen.

Korrikak bi helburu nagusi ditu: euskara suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea. Ekarpen garrantzitsuak, ezta?

Bi helburuak oso garrantzitsuak dira, horregatik dira iraunkorrak. Batetik, euskararen aldeko kontzientziadun herritarrak izatea, euskaltegiak eta euskara bera sendotzeko baliagarria da. Eta bestetik, diru bilketa oso garrantzitsua da, euskaltegien eguneroko lana indartzeko ezinbestekoa zaigulako, batez ere administraziotik jasotzen ditugun dirulaguntza edo baliabide ekonomikoak ez direlako nahikoa. Gure egunerokoari aurre egiteko Korrika behar dugu.

Pasa den urtean ez zen Korrika egiterik izan, eta, ondorioz, «Bultza euskaltegiak, bultza euskara» ekimena jarri zenuten martxan. Zer erantzun izan zuen?

Ekimen horrek ere bi helburu izan zituen. Alde batetik, euskara plazara ateratzea, pandemiak gure bizitzetatik ia ezabatu egin zuelako euskara bera hainbat arrazoirengatik edo hainbat aitzakia hartuta. Ekimena bera probestu nahi izan genuen kalera ateratzeko eta esateko euskara oraindik kalean zegoela, gure artean. Euskal Herriko 90 herritan baino gehiagotan egin genuen, eta erantzuna oso ona izan zen, guztietan jende nahikotxo bildu zen. Ez zen jende uholderik egon, baina orduko egoera kontuan hartuta erantzuna oso ona izan zen, bai egun horretan bertan baita aurretiko lanketan ere.

Bigarren helburua ekonomikoa zen. Orduan adierazi genuen bezala, Korrika ez egiteak guretzat aurrekontuetan zulo nabarmena eragin zuen eta antolatutako ekimenarekin ale txiki bat jarri nahi genuen. Jasotako ekarpen ekonomikoak ez zuen zulo hori guztia estaltzea lortu, nahiko handia zelako, baina oso lagungarria izan zen gure eguneroko lanerako. Herritarrengandik jaso genuen laguntza ekonomikoa oso baliagarria izan zen eta izan da, oso eskertuta gaude horregatik.

Abagunea baliatu zenuten administrazioei gutun bat helarazteko. Zeintzuk izan ziren mahai gainean jarritako eskaerak?

Guri iruditzen zaigu Euskal Herriak beharrezkoa duen euskalduntzea estrategikotzat hartzea ezinbestekoa dela, eta helduen euskalduntzea azkartzeko inbertsio ausartagoak behar direla. Eta inbertsio ekonomikoez gain, bestelako inbertsioak ere behar ditugu. Hori eskatu genien hiru administrazioei, helduen euskalduntzea estrategikotzat jotzea eta behar dituen baliabideak jartzea; ez bakarrik arlo finantzarioari dagokionez. Hiru administraziotan banatuta egon arren, euskarari eta normalizazioari dagokionez marko bateratu bat behar da, euskara sustatuko duen gune bateratua, ez bakoitza bere erritmoan aritzea.

Aurrerapausorik izan al da eskera egin zenutenetik?

Oso desberdinak diren hiru administraziorekin lan egiten dugu, batetik bestera erritmo oso bestelakoak daude. Aurrerapausoak ikusi ditugu. Nafarroan, adibidez, aurten dirulaguntzak hazi egin dira, aurrekontuetan partida igo egin da eta hori oso pozgarria da.

Euskal Autonomia Erkidegoan ere aurrerapauso handiagoak eman dira, bai urtetik urtera bai besteekin konparatuz. Iaz irakasleen baldintzak hobetzeko proposamena egin ziguten, irakasleen lan baldintzak oinarri hartuta, datozen lau urteetarako dirulaguntzak igotzea. Oso pozgarria da urte luzez eskatutako zerbait mahai gainean jarri delako.

Iparraldean ere dirulaguntzak igo dira. Oso motel eta oso urrats txikiak egiten dira, baina igotzen ari dira. Ikusten dugu pixkanaka-pixkanaka aurrera doazela, oso motel, oraindik ez baita nahikoa euskaltegiok egiten dugun lanari aurre egiteko; horregatik, hain zuzen ere, Korrika antolatu behar izaten dugu.

Zer beste baliabide behar ditu euskarak, diruaz gain?

Lehenik eta behin, hizkuntza politika berri eta eraginkorrak aurrera eramateko hautua egitea eta hiru lurraldeetan normalizaziorako urrats sendoak egitea. Oinarrian, ezagutzaren unibertsalizazioa bultzatzea edo bermatzea eta hori guztia doakoa izatea. Ezagutzaren unibertsalizazioa sustatzea, edozein tokitan bizi den herritarrak euskara ikasteko aukera izatea, eta aukera izate horretaz gain, aukera hori doakoa izatea. Iruditzen zaigulako eskubidea dugula herritar guztiok gure hizkuntza jakiteko horrela aukeratzen badugu. Eta hori administrazioaren eginbeharretako bat da.

Bestalde, administrazioetako langileen hizkuntza eskakizunak zehatzak izatea eta euskara bertan egongo dela bermatzea eskatzen dugu. Dauden hizkuntza eskakizunak berraztertzea, berrikustea eta garaira egokitzea. Lan munduko enpresek zerbitzua euskaraz emango dutela bermatzea edo, gutxienez, sustatzea... Maparen eta eskaintzaren berrikusketa bat behar dela helarazi genien. Azken finen, euskararen normalizazioa eta ezagutzaren unibertsalizazioa bermatzeko behar diren arlo guztietan inbertsioa egitea da beharrezkoa, eta, esan bezala, ez bakarrik ekonomikoa.

 

 

Euskaltegietan normaltasunera bueltatzeko bidean

Pandemiari lotutako bi urteak izan dira azkenak eta gizarteko gainerako alorrek bezala, euskaltegiek ere zuzenean pairatu dute salbuespeneko egoera. Haien egunerokoaren sostengu garrantzitsua da Korrika eta osasun egoerak ezinezko egin zuen iaz euskararen aldeko lasterketa aurrera eramatea. Horrek kolpe ekonomiko garrantzitsua ekarri zion AEKri, baina ez zen eragin bakarra izan.

Erakundearen koordinatzaile Alizia Iribarranek azaldu duenez, hasieran «goitik behera» moldatu behar izan zuten beraien funtzionamendua eta lan egiteko modua. Gero, neurriak malgutu ahala, euskaltegietara bueltatzen hasi ziren eta ikasleak haiekin batera.

Pasa den ikasturtearen hasieran helbururik garrantzitsuena aurrez aurreko eskolei eustea zen eta «oso pozik» daude emaitzarekin. Izan ere, «neurri guztiak oso zorrotz hartuta» eskolei eutsi egin ahal izan dietelako eta klaseak «normaltasunerako bide horretan» eman ahal izan dituztelako.

«Ezagutzen ez genuen agertoki batean jarri gintuen covidak, gu eta gainerako herritarrak, erakundeak eta eragileak; irakasleek eta ikasleek egin duten lan izugarriari esker jarraitu ahal izan dugu gure lanarekin eta hori oso poztekoa da», aitortu du Iribarrenek.

2020-2021 ikasturte hasieran matrikulazioetan %10eko jaitsiera izan zuten, ez bakarrik ikasleak ez zirelako euskaltegietara joan, baita hartu beharreko neurriek mugak eragiten zituztelako ere, batez ere, edukiera kontuetan. «Gure euskaltegi batzuk txikiak dira, gela txikiak dituzte... Normalean baino ikasle gutxiago hartzeko aukera genuen».

Ikasturte honetan kopuru batzuk «berreskuratu» dituzte, baina, koordinatzaileak onartu duenez, oraindik ez dira pandemia aurreko datuetara itzuli. «Baina esan dezakegu ikasle nahikotxo berreskuratu ditugula eta normaltasunera bueltatzen ari garela».