Bidasoa-Irunek erronka berri bat du astearte honetan European Leagueko Last 16ko itzuleko neurketan (18.45, ETB4). Burua makurtzen ez duen talde horietako bat da gipuzkoarra eta bihar beste behin erakusteko aukera bikaina du GOG talde daniarraren etxean.
Jacobo Cuetararen jokalariek bi gol altxatu behar dituzte, Artalekun jokatutako partidan 28-30 galdu baitzuten. Beraz, ez da ezinezko misioa, joaneko partidaren atarikoan entrenatzaile austuriarrak adierazi zuen bezala. Egia da oraingoan gauzak zailagoak direla, bi goleko errentari buelta emateaz gain, kanpoan jokatzen dutelako txapelketa hau irabazteko faboritoen artean dagoen taldearen kontra.
«Hemen amaiera arte borrokatu genuen bezalaxe, hara joango gara amaiera arte borrokatzea», azpimarratu du Cuetarak Danimarkara abiatu aurretik.
Prestatzailearen iritziz, bi eszenatoki daude neurketa hasi aurretik. Lehenengoa, logikoena dirudiena: «Hara joatea eta konturatzea aurkariak duen benetako maila. Hori gertatu zitzaigun Wisla Plocken aurka; etxean irabazteko gertu egon ginen eta han zein maila handia duen konturatu ginen».
Gainera, kontuan izan behar da joaneko partidan larunbatean eta igandean Danimarkako Kopa jokatzetik zetozela aurkariak, eta oraingoan aste osoa izan dutela neurketa hau prestatzeko, «Ligan dosifikatu baitute», adierazi du Cuetarak. Beraz, «GOG handi bat» aurki dezake Bidasoa-Irunek astearte honetan.
Bigarren eszenatokia da Artalekuko partida «erreferentzia on bat bezala» hartzea. «Hemengo partida erreferentzia on bat bezala hartzen badugu, kontuz», ohartarazi du prestatzaileak. Izan ere, bere ustez, «bizirik» utzi zituzten daniarrak.
Cuetarak gehiegizko baikortasuna somatu zuen aurkariengan lehen partida ostean. «Hemen barre gehiegi egiten ikusi nituen eta borrokatzeagatik zoriondu ziguten», adierazi du minduta. «Beraiek faborito argiak dira eta super faborito bezala ikusten dute euren burua», gaineratu du. Gauzak hala, ahoak ixteko egin dezaketen onena minutuak joan ahala aukerekin jarraitzea izango da, «kanporaketa gure aldera eramanez».
Jon Azkue eta Iñaki Cavero gabe abiatu dira Danimarkara, baina asteburuan Logroño La Riojaren etxean irabazita egingo dute bidaia. «Logroñoko partidarekin pauso bat aurrera eman dugula konturatu gara denok, taldearentzat oso garrantzitsuak diren jokalariak daudela eta erritmoa hartu dutela. Beti lehiatzen gara, beraz hara goaz lehiatzen ahalegintzera. Beraien aldeko 2-0eko markagailu batekin hasiko gara, beraiek dira faboritoak eta ea urduritasuna sartzen diegun», amaitu du Cuetarak.