Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / Redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria
Elkarrizketa
Loretxu Bergouignan
Neurozientzialaria

«Bizipenek arrastoa uzten dute, baina ez dute zertan gaixotasuna eragin behar»

Euskal testuingurutik abiatuta bizipenek uzten duten arrastoa aztertzeari ekin zion, neurozientzia lanabes hartuta, Loretxu Bergouignanek. Gizartean patologizatzeko eta desgorpuzteko sumatzen diren joerei buruzko ohar kritikoa egin du.

Loretxu Bergouignan (Biarritz,1981), UEU eta EI elkarteen eskutik eskainitako hitzaldian.
Loretxu Bergouignan (Biarritz,1981), UEU eta EI elkarteen eskutik eskainitako hitzaldian. (Bob EDME)

“Bizipenek egiten gaituzte... nola moldatzen da gure burmuina?”. Hori izan zen Loretxu Bergouignan neurozientzialariak Baionako Eusko Ikaskuntzaren egoitzan berriki eskainitako hitzaldiaren izenburua. Duela bi hamarkada euskal gizartearen testuingurua aintzat hartuta bizipenen gaineko hausnarketari ekin zion ikerlari biarriztarrak GARArekin hitz egin du.

Neurozientzietara iristeko zein izan zen zure bidea?

Duela hogei bat urte ikasketetan ari nintzela, Bordelen psikologiako irakasleak denbora tarte bat libre eman zigun ondoko urtean ikertu nahi genukeenari buruz gogoeta egiteko. Biologiatik heldu nintzela neurozientzietara erran dezaket, baina gure herrian garaian bizi zen testuinguruak, zehazki “Egunkaria”-ren itxierari loturiko torturen gaineko testigantzek eta nere belaunaldiko ezagun batzuen tortura arriskuek, azken bultzada eman zidatela gehituko nuke. Gertakari horiek galdera bat pausatzera eraman ninduten: nola egiten dugu egoera latzenetatik aterata ere aurrera egiteko?

Torturaren bizipenak aztertzeari ekin zenion, beraz.

Bai eta ez, tortura zuzenean ez dut oraindik ikertu, hori da nere gogo intrinsiko bat ezin izan dudana oraingoz zientzia fundamentalean bete. Baina momentu horretan erabaki nuen ikertzea bizipenak kudeatzen dituen oroimen sistema, ulertzeko gerta daitekena. Gure oroitzapen kolektiboa bizipen pertsonal kolektibo hauen metaketa ere badelako.

Finean, atzera begira jarri zinen aurrera nola egiten den ulertu nahian?

Ikasketa garaiko lantxo hau bideratzeko orduan ideia argirik ez nuen. Baina hainbat irakurketa tarteko, deliberatu nuen behar nuela oroimen sistemaren gaineko ezagupena landu. Handik aurrera ikerketa zientifiko fundamentaletik proiektuak plantan eman ditut burumuinean dugun oroimen sistemak bizipenak nola integratzen dituen ikertuz.

Euskal Herriko egoera hurbilari erreparatu beharrean Aljeriako gerrara begiratuz.

Bai hori egin nuen ikasle garaiko lan libre horretan. Azkenean ikasle garaiko lan libre horrek dit gero zientzia fundamentalean landuko nuen gai orokorrari bide eman. Ikasketa garaiko lantxo hau bideratzeko orduan ideia argirik ez nuen. Baina hainbat irakurketa tarteko, deliberatu nuen behar nuela oroimen sistemaren gaineko ezagupena landu. Handik aurrera ikerketa zientifiko fundamentaletik proiektuak plantan eman ditut burumuinean dugun oroimen sistemak bizipenak nola integratzen dituen ikertuz.

 

Trauma horiek ez dira sobera aipatuak izan. Jean-Louis Davanten idatziak dira salbuespena.

Ez da aipatua izan eta, bide batez, erran behar dugu euskaldunek ez diegula sekula santan barkamena eskatu algeriarrei. Nik ikusi nituen euskal herritar horiek ez zuten inoiz gehiago aipatu han egindakoa edo bizitakoa, salbu batek idatzi zuela. Lehen aldikotz haien herritik joan ziren, gehienak laborariak ziren, ez zuten besterik ezagutzen, eta jendea hiltzera (eta beste) eraman zituzten. Nirekin lehen aldiz hitz egin zuten horretaz guztiaz.

Nola pasatu ziren elkarrizketa horiek?

Garaian ez nuen oraindik formakuntza zientifikorik, eta elkarrizketa libreak egin nituen. Fite ulertu nuen ez zela oroitzapen arrunt bat, bakoitzak, hitz egiten zuenean, aspalditik gertutako pasarte hori birbizitzen zuelako.

Estres postraumatiko iraunkor moduko bat.

Hori harrezgero ikerketan landu eta ikasi bideak dira. Azken finean, trauma fisiko bat bizi izan duzularik, bizitza galtzeko zorian izan zarenean, edo bertze norbait heriotza arriskuan ikusi duzunean, baduzu egoera hori integratzeko zailtasun bat. Bizipen horrek asaldatzen du sistema, blokeo modukoa sortzen du. Ikasketa garaiko lan sinple horrek ideki zidan gogoa pausuz pausu oroimen sistema hori ikertzea. Horrekin batera estres akumulatua bizi izan duten populakuntzetan gerta daitekenari pentsatuz.

Memoria blokeoa da, ondorioz, sintoma?

Konplexua da, egoera zehatz horren integratzeko blokeoa den ber momentuan beste oroitzapen guziei akzesoa ere galtzen da, «gainorokortze» sintoma deitzen da hori -hau da oroimen autobiografiko episodikoaren akzeso galtzea-, oso presente dena bai depresio bai sindromo post-traumatikoan. Azken ikerketek erakusten digute gehiago bizipen eta trauma kumulazioari lotua dela psikopatologiari baino. Horrelako egoeratan egon den edota burua holakotan kokatua duen pertsonari galdetzen badiozu, esaterako, «zer egin zenuen iaz, zure urtebetetze egunean?». Erantzuna izango da,«lagunekin edo familiarekin egon nintzen». Oroitzapen autobiografiko semantikoa da. Aitzinetik dakizu zer egiten duzun urtebetetze ospakizun batean; beraz, erantzun orokor hori emateko arazorik ez duzu (semantikoa). Alta, ezin duzu zehaztasunez deskribatu iaz, data horretan, egin zenuena, kontextua zein zen, detailetan zer gertatu zen, zer senditu zinuen (episodikoa).

Benetako gogoratze prozesu bat ez dago.

Ez da. Ezin duzulako zehaztu, berezitu. Era berean, sistemari dagokionez, burmuina begiratuz zerbait gertatzen da: hipokanpoa hunkitua izanen da. Disfuntzio bat ematen da. Txikiago bihurtzen da hipokanpoa. Depresioak edo estres egoera horiek bizipenak gordetzeko sistema hunkitzen dute. Alta, bizipenen gainean ez da ikerketa sobera egiten. Eta tesia egiteko orduan aztertu nahi izan dut bizitzan egoera traumatiko bat edo pasadizo zeharo gogorrak pairatu arren sekula psikopatologia bat, hala nola depresioa edo sindromo post traumatikoa, garatu ez duten pertsonen kasua.

Bularreko minbizia pasatu zuten emazteak aukeratu zenituen ikerketa unibertso bezala.

Hori izan zen hautatu nuen populakuntza. Aurreneko ikerketak egin zituztenek ez zuten sinesten posible zenik pertsona batzuek horrelako traumak igarota depresioa edo beste psikopatologiak ez garatzea.

Bizipenek badute ondorio bat; aztarna uzten dute, beti.

Nire abiatzea, nire a priori hori zen. Bizipenek beti uzten dutela arrastoa, baina nik nahi nuen frogatu hori ez dela beti txarra izan behar. Nahi nuen psikopatologiarik garatu ez duen populakuntzan beha jarri. Bertze ikerlariek esan zidaten: uste duzu horrelako populakuntza atzematea posible dela? Eta nik baietz, badela, nahi izan nuen demostratu. Egoera horretatik pasatu diren emazteen %70ek ez duelako psikopatologia garatzen, ez delako depresioan nahitaez erortzen. Bistan da, onkologikoetan hasten badira antidepresiboak automatikoki ematen, bada, segur aski, pertzepzio bestelakoa da.

Gizartean sumatzen den patologizatzeko joerak kezka eragiten dizu.

Bizipenak arrastoa uzten du, baina ez du zertan gaixotasuna eragin behar. Gorputzak esaten du gelditzeko. Pausan sartzen da sistema. Gizarteak ez du hori entzun nahi, erabaki baitu ezin dugula inoiz pausatu. Emaitza horiek ikusita pentsatzen dut jende askok, bizipen gogorrak jasan arren, baduela gaitasuna aurrera egiteko. Baina hori onartuz gero, bistan da, badugu arazo berri bat: behar dugu patologia gisara hartzen ditugun kategoria anitz birplanteatu, despatologizatzeko urratsa egin, agian. Ikerketa klinikoetan, praktiketan, ikasleek 900 orrialdez osaturiko txostena deskubrituko dute (DSM), non psikopatologiak aipatzen diren sintomatologi zerrendetan oinarritua, baina ez dute inoiz hori zergatik gertatzen den jakinen, kausalitateei buruzko azalpena ez delako bilatzen.

Emazteek depresio gehiago dutela esaten digute, eta azalpen orokor horrekin gelditzen gara. Alta, inork ez digu esaten ea emazteek bizipen gordin gehiago dituzten gizonezkoekin alderatuta. Bizipenen eta ingurumenaren aldagaiak aintzat hartzea ezinbestekoa atzematen dut.

Osasun krisia, isolamendua... egoera oso berezia bizi dugu pandemia garaiotan. Denetarik irakurri dugu horrek ekarriko duenari buruz?

Laborategitan nahi bada depresioaren modelo molekularra ikertu, isolamenduan jartzen dira arratoiak. Hau da, ikerketan jakina da isolamenduan jartzen den animaleek, depresio sintomoekin amaitzen dutela. Bestalde, estimulazio sentsorialik gabeko egoeratan jartzen delarik pertsona, haluzinazio pertzeptiboak gertatzen dira. Beraz haluzinazio bat, depresio sintomoak bezala, ez direla halabeharrez norbere buruan soilik gertatzen denaren ondorio. Egun, haluzionazio sintoma hori agertuz gero, eskizofreniaz hitz egiten dugu. Berriz diot, kausak ez dituzten patologiak deskribatzen ditugu.

Baina ingurua, kolektiboa, harreman soziala, ezin da alboratu.

Eta isolamendu handia bizi izan dugu osasun larrialdiaren karietara. Ingurua aipatu behar dugu, krisi bat ulertzeko, baita eskizofrenia baten kasua ikertzen ari garenean ere. Neurozientzietan muga hor dago, seguruenik. Guk oroimen sistema ikertu behar dugu, jakiteko zerk moldatzen duen, zerk aldarazten duen. Baina aipatzen duzun bizipen soziala, eragite kolektiboa, ingurumena, oso inportantea dira eta neurozientzietan horretan motz.

Bizipena eta gorputza, beste lotura baten bila.

Ikertzen dugunean oroitzapenaren oroimena, gogoratze sistema hori, eraikuntza bat ikertzen da. Oroitzapen bat gogoratzen duzun aldi bakotx sorkuntza bat egiten duzu integratu zenituen elementuekin. Kontua da gorputza hor dela integratzen duzunean eta gogoratzen duzunean. Nahi nuen ulertu zein heinetaraino gorpuztua zen gogoratze sistema hori. Garrantzitsua ote zen egoera gorpuztuan izaitea. Gorputzetik kanpo sendiarazten duen ilusio bat sortu genuen, depersonalisazioan dagon gorputz disoziazioa simulatzeko. Handik aurrera ikertu genuen gorputzetik kanpo egoteak nola eragiten dion gogoratze sistemari. Gorputzetik kanpo bizi duzuna egoera integratzeko momentuan, aste bat beranduago testuingururik gabe oroituko duzu. Oroimen semantikoa baizik ez duzu baliatuko. Ikerketak erakutsi zuen ezker hipokanpoan ematen dela aldaketa hori. Hau da, oroimen sistema horrek egoera gorpuztuen beharra duela eta gorputz disoziazioak sisteman blokeoa sortzen duela.

Ondorioak aipatzerakoan, zer nabarmenduko zenuke?

Ikerketak kausalitate bat ematen du. Finean iturri bat ikusi dezakezu, oroimen blokeoa nola gertatzen den jakiteko, zergatik behin eta berriz berpiztuko zaizun oroitzapena ulertu. Gorputz disoziazioak berak blokeatzen du sistema. Iturri bat atzeman dugu.

Gertakari latza pairatu eta hirugarren pertsonan azaldu.

Pertsona bat gorputzetik kanpo denean egoera integratzeko unean, perzeptiboki hirugarren pertsonean sartzen zaio informazioa, eta aste bat beranduago hirugarren pertsona gehiagorekin oroitzen da. Hirugarren pertsonan gogoratzea depresioarekin ere gertatzen da; depresioan elementu positiboak hirugarren pertsonan ikusten dituzu, ez balira zureak bezala. Gorputz disoziazioa ematen denean, perzepzioa berez hirugarren pertsonean sartzen da eta ez dago hala beharrez lehen pertsonetik hirugarrenerako aldaketa, Freudek garaian aurreikusi bezala. Hori frogatu izanak ekartzen du ulermen pausu bat perzepzioek duten eraginari buruz.
.

Egun, oso bestelako eremuetan gure gizartean sumatzen diren ezinegonei aurre egiteko zailtasunaren aurrean aritzeko tresna izan daiteke?

Ez naiz oso aplikazio zale. Filosofiak ekartzen digula laguntza asko errango nuke. Inportantea da norberak gauzak ulertzea, zer gertatu den eta nola erantzun duen. «Bortizkeria egoera bati ezin izan diot erantzun» aitortzaren aurrean gorputz disoziazioa eman dela, automatismo bat eman dela jakinik, errazago asumituko dugu, esaterako, ustezko erantzun falta hori, kulpabilizatu gabe, era berean, ezintasunaren zama arinduz.

Burmuina ikertzen duzue baina ikerketa testuinguru zabalago batean kokatzeko kemena hor da.

Eta horri begira neurozientzia mugatua da, beste ikerketak, soziologiaren eremutik heldu direna, adibidez, behar ditugu aintzat hartu. Nola heltzen zaio ezintasunen panoramari? Biziak sorturiko ezintasunei, lana, militantzi, errepresio eta egoera estrukturalek sorturikoari…?

Indibidualizatzen gaituzte, desgorpuzten, dena gero eta birtualagoa da… Uste dut komunitate gisa erantzun behar diogula ezintasunen panoramari, horretan ere kausalitateak landuz. Jendeak antsiolitikoak hartzen ditu produktiboago izateko, beraz espero dena bete ahal izateko. Hor behar dugu elkarren artean mintzatu, pausatu eta erantzunak bilatu.

Bi hamarkadako ibilbidearekin jarraituz oroitzapena ikertzen jarraituko duzu, oraingoan ama hizkuntzaren aldagaia lapikoan sartuta.

Ikerketa batzuk garatzen ari gara oroitzapenaren eraikuntzan lehen hizkuntzak duen eragina aztertzeko. Uste ginuena gogoratze sistema zela, aurreikusteko balio du eta amesten duzularik, berdin-berdin aktibatuko duzu orai arte uste ginuen burmuineko gogoratze sistema osoa, zure hipokanpoa barne. Lehen hizkuntzan bizi edo amets egiten duzularik modu batean aktibatuko duzu sistema, bigarren hizkuntzarekin konparatuta. Hori dena ari naiz ikertzen, besteak beste, hitza eta oroimen sistemaren arteko jokoa aztertzeko, hitzen terapiek nola funtzionatzen duten ulertzen hasi nahian.