NAIZ

Zazpigarren pertsona bat deklaratzera deitu dute Lekarozko Aroztegiaren aurkako protestengatik

Lekarozko Aroztegiko proiektuaren obrak geldiarazteko ekitaldietan parte hartu izana leporatuta, zazpigarren pertsona bat deklaratzera deitu du epaileak. Otsailean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak obra horiek legezkotasuna betetzen ez zutela ebatzi zuen.

Lekarozko aroztegiaren aurkako plataformaren prentsaurrekoa.
Lekarozko aroztegiaren aurkako plataformaren prentsaurrekoa. (Aroztegia Geldituko Dugu)

Lekarozko Aroztegia eraikitzeko lanak legezkoak ez zirela egiaztatu ondoren, proiektuaren aurkako herri plataformak prentsaurrekoa eskaini zuen igandean eta zazpigarren lagun bat epaitegietara deklarazera deitu dutela jakinarazi zuen. Apirilaren 7an joan behar du deklaratzera eta, elkartasuna adierazteko, 11.30ean elkarretaratzea deitu du plataformak epaitegian.

Otsailean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ezetsi egin zuen enpresaren errekurtsoa, eta berretsi egin zuen obra horiek ez zutela legezkotasuna betetzen, esleipena ez baitzen zuzena.

Plataformarentzat «beranduegi» dator epaia eta «sarraskia» egina dagoela salatu du.

Gainera, hainbat hilabetez proiektuaren aurka egin duten pertsonek jasan duten errepresioa salatu zuen: «Poliziak, ustez herritarrak babesteko lan egiten duen Poliziak, egoera ikertu beharrean, enpresari zegozkion paperak eskatu beharrean, kontuak eskatu beharrean… Lekaroz militarizatu bat eskaini ziguten eta kontrolak nonahi, jazarpena, errepresioa eta izua herrian hedatzen ibili ziren. Deus berririk ez tamalez, jauntxo espekulatzaileei babesa eta inpunitatea. Herritarrei berriz zigorra eta errepresioa».

«Herritarren kriminalizazioa bideratzeko alimaleko txostena, ehunka orrikoa, prestatu du Poliziak. Orain gauza bera eginen du enpresak egun horietan egindako sarraskia epaitzeko? Han egindako kalteak zerrendatuko ditu eta dena hanpatuko du herritarrekin egin duten bezala? Politikariek barkamena eskatuko dute ilegalki landa eremua beren mesedetarako hausten duten enpresak defendatzeagatik eta herritarrei bizkarra emateagatik? Milaka euroko indemnizazioa jasoko du Lekarozek?», galdetu zuten plataformako kideek.