NAIZ

Lasterbidean elkartasun lasterketa Kanpezun izango da maiatzaren 28an

Kanpezun egingo da aurtengo Lasterbidean elkartasun lasterketaren edizioa, maiatzaren 28an. Herri bazkaria, zumba tailerra, pilota partida eta kontzertuak izango dira ere egitarauan.

2022ko Lasterbidea elkartasun lasterketaren aurkezpena.
2022ko Lasterbidea elkartasun lasterketaren aurkezpena. (Lasterbidea)

Lasterbidean elkartasun herri ekimeneko kideak Etxerat elkarteko kideekin Arabako Mendialdean batu ziren atzo, aurtengo martxaren edizioa aurkezteko. Maiatzaren 28an Kanpezun egingo da ekimena eta, Nafarroarekin mugakidea den udalerria izanik, garrantzia eman nahi izan diote edizio honetan bi herrialdeei nolabaiteko presentzia emanez.

Bi urte pasatxo igaro dira azken ediziotik. Izan ere, 2020ko Lasterbidea prestatzen hasiak ziren pandemiak bete-betean jo zituenean antolatzaileak. Beraz, utzi zuten lekutik berrartu eta asmo handiko egitarau erakargarria proposatu dute aurten.

Lasterketa luzea inoizko luzeena izango da, alde handirik ez badago ere, beraz, korrika egitera animatzen direnak 9,2 kilometroko distantzia egiteko prestatu beharko dira. Laburra egingo dutenek, aldiz, 3,2 km egin beharko dituzte. Azkenik, herri bazkariari ere garrantzia eman diete antolatzaileek, «jendarteak aspaldiko partez duen elkartzeko eta partekatzeko beharrari modu lasai batean gozatzeko aukera emateko».

Honela, goizaldean zumba beroketa kolektiboa, lasterketa luzea, ondoren laburra, sari banaketa, ekitaldia, herri bazkaria, umeen txokoa, pilota partidua eta kontzertuak eskainiko dituzte (Zaunka, Sakamantekas eta Erroka musika taldeekin). Eguna amaitzeko DJ Bullekin musikaz gozatuko dute bertaratutakoek.

Lasterketako izen emateak jada zabalik daude abendutik, ekimenaren webgunearen bitartez, eta bazkarirako txartelak ere Arabako zein Nafarroako zenbait lekutan jarri dituzte salgai: Kanpezun, Gasteizen, Korres eta Lizarran. Kanpezu herrian eskualdeko biztanle guztiei begirako herri aurkezpen irekia prestatzen ari dira (apirilaren 22an Kultur etxean egingo dutena) eta bertan xehetasun guztiak itxiko dituzte. Halere herria euskal herritar guztiak «beso zabalik» jasotzeko prest daudela gaineratu dute.

«Azken urtetan euskal preso politikoen egoera bereziki aldatuz joan da, gerturatze batzuk, gradu aldaketak... Dena den badira oraindik salatzeko egoerak, Lasterbideaneko kideek ekimena sortzean mahaigaineratu zuten bezala, azken errepresaliatua etxeratu arte, zereginik egongo da, beraz, esperantzaz eta determinazioz ekin diote euren lanari», adierazi dute aurtengo edizioaren aurkezpenean.