NAIZ

Bost preso gehiago Euskal Herrira, zortzi lekualdatzeren artean

Juan Luis Agirre Lete, Ivan Apaolaza, Alvaro Arri, Mikel Azurmendi eta Txetxu Barrios Euskal Herrira ekarriko dituzte.

Bilbon mobilizazioa, martxoko azken ostiralean.
Bilbon mobilizazioa, martxoko azken ostiralean. (Marisol Ramirez | Foku)

Zortzi lekualdatze iragarri ditu gaur, asteazkena, Espainiako Espetxe Zuzendaritzak, Lakuako Gobernuarekin koordinaturik, honek espetxe eskumena hartu ondoren. Horietatik bost baino ez dira Euskal Herriratzeak; gainerako hiruetan Nafarroatik EAEra eramango dituzte presoak.

Kanpoko kartzeletatik Euskal Herrikoetara ekarriko dituzten bost presoak hauexek dira: Juan Luis Agirre Lete, Soriatik; Ivan Apaolaza, Logroñotik; Alvaro Arri, Burgosetik; Mikel Azurmendi, Kantabriako Duesotik; eta Txetxu Barrios, Zaragozako Zueratik. Azken hau Iruñera lekualdatuko dute, eta gainerakoak oraindik publikoki zehaztu ez diren espetxeetara (Zaballa, Martutene edo Basauri).

Euskal Herriaren barnean emango diren mugimenduei dagokienez, Gari Arruarte, Jon Gonzalez eta Idoia Mendizabal Iruñetik aterako dituzte eta Gipuzkoa, Bizkaia edo Gipuzkoako espetxe batera eramango dituzte.

Espetxe Zuzendaritzak berak onartzen duenez, bost preso hauetatik hiruk zigorraren hiru laurdenak beteak dituzte eta baldintzapeko askatasuna dagokie beraz, baina beste dozenaka presori bezala ukatu egiten zaie. Gari Arruarte, Juan Luis Agirre Lete eta Alvaro Arri dira.

Zortzi lekualdatze hauek gauzatzen direnean, 107 izango dira euskal espetxeetan diren EPPKko presoak, baina oraindik 64 egongo dira kanpoan, Estatu espainolean kartzelaratutakoei dagokienez (eta etxean espetxealdi arinean direnak kontuan hartuz).

AVTk oharra kaleratu du iragarpen hau kritikatuz eta zenbakiak bihurrituz; bere esanetan, presoen hiru laurdenak Euskal Herrian dira, baina ez da horrela.