NAIZ
Iruñea

ELA, LAB, Steilas eta ESK-k bat egin dute Kontseiluak Iruñean egingo duen mobilizazioarekin

ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuek bat egin dute Euskalgintzaren Kontseiluak Iruñean maiatzaren 7rako deitutako manifestazioarekin, Gobernuari «nafar guztion hizkuntza eskubideak errespetatuko dituen dekretu bat exigitzeko».

ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuetako ordezkariek agerraldia egin dute Iruñean.
ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuetako ordezkariek agerraldia egin dute Iruñean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Iruñeko Katakrak aretoan egin dute agerraldia Nafarroako ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuetako ordezkariek eta Nafarroako Gobernuak administrazio publikoetan euskararen ezagutza baloratzeko prestatzen ari den Merezimenduen Dekretua deitoratu dute.

Zentzu horretan, Kontseiluak maiatzaren 7rako deitutako mobilizazioarekin bat egin dute lau sindikatuek, «herritarrak ez gutxiesteko eta nafar guztien eskubideak bermatzeko politikak behar direla» azpimarratuz. Gobernuaren dekretua «kontrako norantzan» doala iritzi dute.

ELAko ordezkari Imanol Pascualek «euskara, Nafarroako hizkuntza den aldetik, Foru Erkidego osoan kontuan hartzea» defendatu du. «Printzipio hori errespetatzen ez duen araudi orok mespretxatu egiten ditu euskal hiztunak». Horretaz gain, Nafarroako eskuinak onartutako 2009ko dekretuak berak ere dekretu berriak baino onespen eskuzabalago bat zuela adierazi du. «Ezabatu egiten du zerbitzu zentralen espezifikotasuna, hau da, Foru Komunitate osoa jardun eremutzat duten eta 2017ko dekretuak modu bereizian arautzen zituen zerbitzuak. Kenduz gero, desagertu egiten da eremu jakin batera mugatuta ez dauden zerbitzuetan euskararen ezagutza baloratzeko aukera».

LABeko ordezkari Imanol Karrerak eta Ixabel Artiedak nabarmendu dute «ez dagoela arrazoirik» herritarren hizkuntz eskubideak irizpide geografikoen mende egoteko. «Ez dago justifikaziorik eremu mistoan eta eremu ez-euskaldun deiturikoan hizkuntz eskubideak ezberdinak izateko edo, zuzenean, ez existitzeko». Gogora ekarri dute eremu mistoko 14 lanpostuk bakarrik izanen dutela euskarari ematen zaizkion hondarrak jasotzeko «zortea». «Iraina da Nafarroan alemana, ingelesa edo frantsesa euskara baino gehiago baloratzea, haien supremazismoaren erakustaldia, euskaraz bizi nahi duten Foru Komunitateko herritarrei egiten zaien mespretxu garbia».

Euskal sindikatuen ekarpenek, biderik ez

ELA eta LABeko ordezkariek ere nabarmendu egin dute sindikatu hauek egindako ekarpenak «hasieratik» bota dituela atzera nafar Gobernuak. «Ez, aldiz, gainerako sindikatuek planteatu dituzten neurri murriztaileagoak».

Bestalde, Maitane Urabaien Steilaseko ordezkariak Gobernuak atzerriko hizkuntzekin duen «obsesioa» hezkuntzan «berriz ere islatzen ari dela» adierazi du. Obsesio horren barruan kokatu du ere hezkuntza publikoko lanpostuetan ingelesaren derrigorrezko ezagutza ezarri nahi izatea. «Euskararen beraren hedapena sustatu ez den bitartean, Gobernuak PAI eredua inposatu eta egonkortzeko estrategiari ekin dio. Administrazioan eta hezkuntzan euskara alboratu, berezkoa eta ofiziala ez den hizkuntzari aitortza egiteko».

Egoera honen aurrean ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuek «zonifikazioarekin bukatzea beharrezkoa» dela defendatu dute, «artifizialak diren muga batzuen ondorioz diskriminazioak sortzen baititu».

Eta bide horretan kokatu dute maiatzaren 7an, 17.30ean, Iruñeko Antoniutti parketik abiatuko den mobilizazioa, «nafar guztion hizkuntza eskubideak errespetatuko dituen dekretu bat exigitzeko Nafarroako Gobernuari».