Aldabe eta Apezetxeak 35-29 gainditu dituzte Loitegi eta Zaldua I Berria Erremonte Txapelketaren finalean eta beraz ondo landutako txapelak jantzi dituzte bi nafarrek. Partidu zoro eta berdindu batean gorriak beti joan dira aurretik eta merezimendu osoz eraman dute garaipena. Aldaberen partida izan da garaipen horren gakoa. Txapelketako erremontistarik onena izan da eta finalean ere bere nagusitasuna erakutsi du. Gainera, Apezetxeak ederki lagundu dio. Goizuetarrak lau partida jokatu ditu profesionaletan eta laurak irabazi ditu, laurak gainera txapelketan.
Aldabe erasokorrago aritu da eta horri esker bideratu dute finala. Loitegirekin alderatuta, tanto bikoitzak egin ditu. Loitegi eta Zaldua saiatu dira, baina ezin izan dute txapela irabazi. Partida berdinduta hasi da, bizia eta polita izan da hasieratik bukaerara. Bosna eta seina berdindu eta gero, gorriak aldegin dute markagailuan 14-6. Hala ere, urdinek erreakzionatu eta 18na berdindu dute. Lehia gogorra izan da eta 23nako berdinketa eta gero, gorriek berriz ere, ihes egin dute, 29-23. Sei tantoko abantaila hori erabakigarria izan da azkenerakoondo kudeatu ahal izan dutelako 32-26, 34-28 eta 35-29.
Tanto bikoitzak Aldabek
Aldabek 20 tanto eta bost akats egin ditu eta Loitegik, berriz, bederatzi tanto eta bost akats. Hamaika tantoko alde erabakigarria bata eta bestearen artean.
Loitegi jokaldiak eginez hasi da eta tantoak eginez, baina pixkana itzaltzen joan da. Aldaberi asko lagundu dio Apezetxeak eta denetarik egin du. Erasoan eta defentsan ongi aritu baita.
Atzelarien arteko borrokan Zalduak oso ongi jokatu du, baina Apezetxeak ez du hutsik egin. Sakearekin biek ere zazpina tanto egin dituzte eta akatsetan ere pareko zenbakiak izan dituzte, bakarra. Piloteoan Zalduak zazpi tanto egin ditu eta Apezetxeak bi. Defentsan ederki aritu da goizuetarra eta pilota zailak ekarri ditu atzetik. Merezitako garaipena lortu dute txapelketan Aldabe eta Apezetxeak, batera partidurik galdu gabe.