Sarako Biltzarraren korridoreetan barrena Ipar Euskal Herriko idazle anitz atzeman daitezke urtero, baina ez soilik, euskal literaturaren bilgunea baita, euskarazko literaturari toki berezia egiten diona, eta Hego Euskal Herriko autoreak eta bisitariak ere erakartzen dituena. Urtero bezala profesional eta sortzaileen artean giroa ederra bada, baina aurten bisitariak ez dira hainbeste izan, eguna bi hitzordu garrantzitsurekin partekatu behar izan baitu, Korrikaren bukaera eta Estatu frantseseko hauteskunde presidentzialak.
Euskal literaturari eta kulturari loturiko aurpegi ezagun anitz ikus zitezken herriko kiroldegian egindako pasiloetan barrena. Idazleei eskainitako azoka da Sarakoa, eta horiekin batera edizio etxe txikiak ezagutzeko aukera ere ematen du. Horrekin batera, azken berritasunak ondoan aurkezpenak egiteko emana den karpan.
Azokaren hastapenetik present izan den Euskaltzaindiak Jabier Kaltzakortaren ‘Jean Elizalde Zerbitzari-ren Antologia’ aurkeztu du, Txomin Peillenen ‘Ene bertsoen bilduma’ eta Jean-Louis Davanten ‘Nafarroako Blanka Trajeria’ pastoralari buruzko obra ttipia.
Sarako Biltzarrean giro goxoa da idazleen artean. Hiruk
— Idoia Eraso (@idoia_eraso) April 10, 2022
Euskaltzaindiaren eskutik argitartu dituzte haien obrak: Txomin Peillenek bere poemen bilduma, Jabier Kaltzakortak "Zerbitzari" idazleari buruz eta Davanten pastoral bati buruzko obra ttipi bat. @naiz_info
Arg:@plazaberri pic.twitter.com/8NOoXkW8RK
Betiko gonbidatua ere baden Maiatz argitaletxearen eskutik Marikita Tambourinek ‘Bizirik iraun’ eta Itxaro Bordak ‘Uhartearen Mugetan / Aux confins de l’île’ liburuak aurkeztu dituzte goizean. Azken hau, Maiatzen sorreran berean izan zen, lehenik aldizkaria eta gero argitaletxea sortu zuen idazle eta literatura maitaleek sortutakoa, izan ere bere lehen liburua argitaletxeak atera zuen lehena izan zen ere.
Proiektu horretan hastapenetik bidelagun izan duen Luzien Etxezaharretak jaso du aurtengo Biltzar sarietako bat. Sorreratik Maiatzeko koordinatzailea izan denak egindako lana omendu nahi izan da, baina ez soilik, euskatzale, idazle, itzultzaile, poeta, irakasle… ere badelako, eta alderdi guzti horiek saritu nahi izan dituzte ere.
Etxezaharretak euskarak ematen dion indarra nabarmendu du, eta bere burura «euskararen langiletzat» definitu du. Bere beste pasioa ere aipatu du golardoa eskertzeko erran dituen hitzetan, «literaturak garrantzia duelako kulturan gure mundua kontatzeko era delako, eta besteekin elkartzen gaituelako».
Beste saria Mikel Duvertek jaso du, azken hamarkadetan egin diuen lana omentzekl. Obra, ikerketa, eta aurkezpenen zerrenda eklektiko eta luzea irakurri du Jean-Michel Garatek Biltzarreko presidenteak. Ondotik zientzilari, etnografo, kulturazale eta euskaltzale ezagunak eskerrak eman ditu, bere hitzetan bereziki izan ditu gogoan bidelagun eta «maixu» izan zituen Joxemiel Barandiaran eta Eugene Goyeneche, bai eta Jean Haritchelharrekiko duen miresmena ere.
Biltzarreko plaza baliatu du, oroitarazteko «gazte denboran euskal kultura eta idatziak bakartsunean bizi» zirela, eta egungo egoerarekin konparatu du, non izkutatzeko beharrik ez den, ez euskara, ezta horrrekiko maitasuna ere.
Sarako Idazleen Biltzarrean Luzien Etxezaharretak eta Mikel Duvertek jaso dite ohorezko saria. @naiz_info pic.twitter.com/HP0iQ8qsHb
— Idoia Eraso (@idoia_eraso) April 10, 2022
Harremanak
Kulturaren eta literaturaren lagunak, ezagunak edo ezagutzekoak gurutzatzeko tokia da Sara. Trukaketa horietatik proiektu berriak ateratzen dira sarritan, eta hori izan da Peio Jorajuria kazetari eta idazlearen kasua. Urte luzez bere idatzien argitalpen tokia izan den Herria aldizkariko aspaldiko kolaboratzaile izan zen Jean-Pierre Iratzet apaiz, euskaltzale eta abertzaleari buruzko obra idatzi du. Bizitoki duen Bidarraiko apaizari buruz egin duen obraren proiektua iaz finkatu zen Saran, bertan gurutzatu baitzituen Zarautzeko Dakit argitaletxeko Sabin Oregi, eta emaitza gaur aurkeztu den ‘Gure Otto Pierre’.
Han zegoen ere Colette Larraburu, iaz plaza horretan bertan aurkezpen musikatua merezi izan zuen ’Francoren mende kantatzen genuenean’ liburuaren egilea. Biltzarrean egin zuen ‘aurkezpen-kontzertua’ren parekoak egin ditu Euskal Herrian zehar urte honetan zehar, 16 hain zuzen ere, horietatik lau Hego Euskal Herrian.
Francoren garaian euskarazko kantuak abestera Bidasoa zeharkatzen zuten Ipar Euskal Herriko kantarien balentriak kontatzen dituen liburuko ‘protagonistak’ emanaldietan beti lagun izan ditu, eta arrakasta ederra bildu dutela gaineratu du. Bira bukatu baino lehen, beste hiru emanaldi besterik ez dira gelditzen, Donalapeun eta Baiona eta Biarritzeko mediateketan.