NAIZ

Korrika egin ahal izan duenean erabaki du Bera Berak Lasesarreko derbia (20-31)

Atsedenaldian etxeko taldea aurretik joan da aldageletara, baina donostiarrek 0-10eko partzial batekin erantzun dute eta hurrengo astean irabaz dezakete Liga, euren partida irabazi eta Gijon eta Malaga eurenean gailentzeko gai ez badira.

Kontraerasoan jokatzeko modua izan duenean Bera Berak ez du aurkaririk izan.
Kontraerasoan jokatzeko modua izan duenean Bera Berak ez du aurkaririk izan. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Datorren larunbata egun historikoa izan daiteke, beste behin Super Amara Bera-Berarentzat, Bidebietakoek bere palmareseko zortzigarren liga irabaz baitezakete Atletico Guardesi irabazi eta Gijonek eta Malagak euren partidak aurrera ateratzeko gai ez badira. 22. jardunaldia, derbiarena, borobila izan da donostiarrentzat, Zuazori (20-31) irabazteaz gain, Gijonek eta Rocasak euren partidak galduta, Malaga baita orain bigarren postuan, zazpi puntutara.

Lasesarreko markagailuak bestelakorik pentsatzera eraman bagaitzake ere, Bera Berak lana beltz egin behar izan du bi puntuak etxeratzeko. Modalitatea edozein dela ere, derbiak beti dira derbi eta Barakaldokoak ere bere topiko guztiei erantzun die, bai behintzat lehen zatian. Lehia estu eta orokorra jokatu dute Zuazok eta Bera Berak lehen minutuetan. Defentsak erasoen oso gainetik izan dira eta gol gutxiko partida izan da hasiera horretan eta bisitariak aurreratu badira ere, etxekoek ondo eutsi diete eta atzean batere erraztasunik eman gabe, bi goleko aldearekin, 11-9 joan dira atsedenaldira.

Aingurak askatu

Aldageletatik bueltan, etxekoak gai izan dira markagailuari bederen eusteko (15-15) baina 40. minututik aurrera, donostiarrak erabat nagusitu dira, eurengan horren ohikoa den jokoa egiteko gai izan direnean. Donostian Korrika bere azken kilometroak ospatzen ari zen garai beretxuan, Imanol Alvarezenak ere kantxaren gainean korrika egiteko modua izan dute eta 15 minututan 16 gol sartuta, partidaren aginte makila hartu dute. Ordura arte gol bakoitza sartzea ikaragarri kosta bazaie, Zuazok nabarmen egin du behera eta Bera Berak, kontraerasoan jokatuta, ez du gupidarik izan derbia erabaki eta liga oso bideratuta uzteko. Barakaldokoek zortzi lehenetan amaitzeko borrokan jarraitu beharko dute.