NAIZ

Arnaldo Otegiren aita hil da: «Maitasun hitzak baino ez»

Arnaldo eta Ascensio Otegi, lehena espetxetik atera zen egunean, Elgoibarren.
Arnaldo eta Ascensio Otegi, lehena espetxetik atera zen egunean, Elgoibarren. (Jon Urbe | Foku)

96 urte betetzear zituela, Ascensio Otegi Sorrondegi, Arnaldo Otegiren aita, hil da gaur asteartean. EH Bilduko koordinatzaile nagusiak eman du albiste triste honen berri:

 

Dolumin mezuak pilatu dira honezkero, mezu honi erantzuten, Otegi eta bere senideei elkartasuna eta maitasuna helaraziz.

Berak gogora ekarri duen bezala, ama, Lolita Mondragon Sanchez, 2014. urtean galdu zuen, orduan «Bateragune auzia»ren ondorioz kartzelaratua zegoela. Gutun sentikorra idatzi zuen Arnaldo Otegik bere ziegatik, ‘Agur ama maitia’ izenburupean. Bertan gogoratzen zuenez, bere ama lau-bost urte baino ez zituela sartu zen lehenbiziko aldiz kartzelan bere amamarekin, frankistek osaba bat preso zutelako. Eta semea espetxean zuela zendu zen, 80 urte beranduago. Mendaroko ospitalean elkar agurtzeko aukera izan zuten biek eta une horren edertasuna aipatu zuen Otegik gutun publiko horretan, samina eta amorrua ere aitortuz.

Aita ondoan izan du beti Arnaldo Otegik, eta bereziki azkenezkoz kartzelatik atera zen egunean, 2016. urteko apirilean, Elgoibarren eginiko harrera ekitaldian, beste senideekin batera. Egun horretakoa da irudi hau, Jon Urbek ateratakoa:

Ascensio Otegi Sorrondegiri azken agurra emateko hileta elizkizunak asteazkenean izango dira, 19etan, Elgoibarko Bartolome Deunaren eliz parrokian.