Aukera ederra baina oztopo ugari Eibarrentzat

Las Palmasen aurkako garaipenak sari bikoitza eman liezaioke talde armaginari, Valladolidek eta Almeriak Zorrillan jokatuko baitute. Baina aurkaria bolada ezin hobean dator, Eibarren azken partidak txarrak izan dira eta baja dezente izan ditzake Gaizka Garitanok.

Eibarrek bajei buruzko informazioa eskaini barik jarraitzen du baina sare sozialetan zabaldutako argazkiei jarraituz, Yanis errekuperatu omen da.
Eibarrek bajei buruzko informazioa eskaini barik jarraitzen du baina sare sozialetan zabaldutako argazkiei jarraituz, Yanis errekuperatu omen da. (SD Eibar)

Eibarrek zigor bikoitza izan zuen joan den jardunaldian Ibizan jasotako porrotarengatik, Almeria eta Valladolid berriro gerturatu baitzaizkio sailkapenean –puntu bat eta bitara daude orain–. Baina arantza kendu dezake astebete beranduago, bere bi aurkari indartsuenek elkarren kontra jokatuko dutenez larunbatean Zorrillan, garaipen batek sari bikoitza eskainiko lioke talde armaginari.

Oztopoa, zoritxarrez, bikoitza da ere. Gutxienez. Alde batetik, Eibarren beraren azken ibilbidea dago: Ibizaren kontra eskainitako irudia txarra izan bazen, Mirandesen aurka astebete lehenago Ipuruan jokatutako partida ez zen askoz hobea izan, puntu bat eskuratzea lortu bazuen ere. Bestetik, ostiral honetan zelai eibartarrera helduko den Las Palmasen egoera azpimarragarria da. Izan ere, denboraldiko boladarik onenean dator Xavi Garcia Pimientaren taldea, lau garaipen jarraian ospatuta –Valladoliden eta Ponferradan lortutakoak barne–, eta play-off postuetara itzuli daiteke bosgarrena gehitzea lortzen badu.

Eta, azkenik, gorri-urdinen bajek zatartu dezakete biharko aukera ederra. Ziur jakin ez badakigu ere zein jokalari geratuko diren deialditik kanpo. Correaren, Venancioren eta Tejeroren kasuetan ez dago zalantzarik: harmailatik jarraitu beharko dute neurketa, lehena lesionatuta dagoelako eta beste biek zigorra bete behar dutelako, bosgarren txartel horia ikusi baitzuten. Hortik aurrera, auskalo. Izan ere, oraindik ez da argitu zergatik ez zuten Ibizara bidaiatu Arbillak, Chemak, Burgosek, Sielvak eta Yanisek, ez eta oraingoan jokatu ahal izango baduten ere.

Gaizka Garitanok aurreratu duen gauza bakarra, bajak egongo direla da. Eta garrantzia ematen diela baina ez duela aitzakia bezala erabili nahi. Izan ere, «erronkak gustoko» dituela esan du. «Jokalari guztiak prest izatea gustatuko litzaidake baina zailtasunak agertzen direnean ere disfrutatzen dut. Zailtasunak daudenean, zure onena eman behar duzu, entrenatzaileok zein joalariek. Horrelako erronkak gustokoak ditut. Hamaika jokalari zelairatu ahal izango ditugu eta horrekin nahikoa da, guztiengan konfidantza osoa baitaukagu», azpimarratu du.

Zein jokalari erabil ditzakeen jakin gabe, ezinezkoa da Garitanok zein marrazki erabiliko duen. Baina kontutan hartuta zein irudi eskasa eskaini zuen bere taldeak Can Missesen, baliteke ohiko sistemara bueltatzea.

Entrenatzaile bizkaitarrak, bestetik, aurkariak exijituko duen maila altua azpimarratu du. Bere esanetan, izan ere, Las Palmas da Bigarren Mailan «banakako kalitate eta gaitasun asoziatibo handienak dituen taldea eta, gainera, erritmo eta presioari dagokienez, oso une onean daude. Ez daukat arazorik guk baino kalitate gehiago dutela esateko eta ia partida perfektoa egin beharko dugula». Zaletuen laguntza ere eskertuko luke Garitanok, eta horrela eskatu du, partida egun eta ordutegi txarran jokatuko dela jakinez.

Xavi Garcia Pimientak, bere aldetik, bere taldeak «neurketa exijente» bati ekingo diola esan du, «sekulako aurkari gogor» baten kontra. Baina Las Palmasek «irabazi dezakeela» pentsatzen zelairatuko dira bere futbolariak. 23 jokalarirekin bidaiatu du Pimientak; deialditik kanpo Peñaranda, Loiodice eta Hernani lesionatutako futbolariak geratu dira.