NAIZ

Bitci Baskonia Zeelanda Berriko Yanni Wetzell hegal-pibota fitxatzeko lanean ari da

New Zealand Breakers taldean aritu da 26 urte eta 2,08 metroko jokalaria, sasoia Alemaniako Ludwisburg taldean ekin arren. Bere herrialdeko Ligan 17,7 puntu eta 8,2 errebote lortu ditu batez beste. Denboraldi hau amaitu arte letorke, baina datorren sasoian jarraitzeko aukerarekin.

Yanni Wetzell, New Zealand Breakers taldearekin aurten.
Yanni Wetzell, New Zealand Breakers taldearekin aurten. (GETTY IMAGES)

Urtarrilaren hasieran Landry Nnokoren kontratua eten ostean, Bitci Baskoniaren barruko jokoa hankamotz zebilen. Oraindik ez du inor ere fitxatu pibot afrikarraren hutsunea betetzeko, baina basketnews.com atari berezituaren arabera, Donatas Urbonas kazetariak sinatuta, talde gasteiztarra Zeelanda Berriko Yanni Wetzell hegal-pibota fitxatzeko lanean ari da. Zurrumurru hutsa baino gehiago da kontu hau, nondik datorren aintzat hartuta, eta baita Australia eta Zeelanda Berriko liga txapelketak sasoi hauetan amaitzen direna aintzat hartuta.

Aipatu webgunean dioenari so eginez, denboraldi hau amaitu arte letorke jokalari ozeaniarra, baina datorren denboraldian ere Gasteizen jarraitzeko aukera izango luke.

Ikusi egin behar, dena den, azkenean Wetzell Gasteiza datorren, baina begiratu baten ez du itxura txarrik. 26 urte eta 2,08 metroko jokalari hau New Zealand Breakers taldean aritu da 2021/22 sasoian: 17,7 puntu eta 8,2 errebote lortu ditu batez beste, bere taldeko saskiratzaile nagusia izanik, eta jaurtiketa portzentaia oso onak lortuta gainera: %60an asmatu baititu bere jaurtiketak. Uztaipean bezala, kanpotik jaurtitzeko erraztasun handia dauka eta, Matt Costelloren antzera, hegal-pibot zein pibot moduan joka lezake.

Estatu Batuetan hazi zen, Vanderbilt eta San Diego State unibertsitateetan. Ez zuen NBAn jokatzerik lortu, eta hala, australiako NBL Ligan egin zuen debut profesionala, South East Melbourne Phoenix taldean, zeinekin 11,2 puntu eta 6 errebote pilatu zituen.

Aurtengo denboraldia Zeelanda Berrian eman badu ere, Alemanian ekin dio Wetzellek, John Patrick entrenatzaile bereziak zuzentzen duen Ludwisburg taldean –Bilbon maiatzaren 6tik 8ra jokatuko den Saskibaloiko Txapeldunen Ligako Lauko Finalera sailkatzeko garaipen bakarraren faltan dago, Errumaniako Cluj Napoca taldearen aurka garaipen banarekin berdinduta dagoela–, hain zuzen. Baina bere pasaportearekin arazoak izan dituelako –arazoak izan litzake Saski Baskonian ere pasaporte komunitariorik ez badakar, Alec Peters eta Wade Baldwinek osatzen baitute bi extrakomunitarioen kupoa– ez zuen kontraturik sinatu azkenean.