NAIZ

Aberri Egun bateratua: adierazpena larunbatean Urruñan eta hiru kantu

EAJ, EH Bildu, EH Bai, Podemos, ELA, LAB eta beste zenbait eragile bilduko ditu larunbatean Urruñan egingo den ekitaldiak, Euskal Herria Batera ekimenak deitua, Aberri Egunaren testinguruan. Mundu osoko euskal komunitateari zuzenduriko deialdia da berea.

Euskal Herria Batera ekimenaren agerraldia, otsailean Bilbon.
Euskal Herria Batera ekimenaren agerraldia, otsailean Bilbon. (Aritz Loiola | Foku)

Aberri Egun honek ere badu bere ospakizun komuna, EAJk, EH Bilduk edota EH Baik beren aldetik egingo dutenekin batera. Batera ekimenak deitzen du eta larunbatean izango du hitzordu garrantzitsua Urruñako Herriko Etxean, 10.30etan.

Bezpera honetan iragarri dutenez, «Abadiako Adierazpena irakurriko dute bertan ,Euskal Herri osoko ordezkaritza zabala bilduta [EAJ, PNB, EH Bildu, EH Bai, Podemos, EA, ELA, LAB...], kultur eta hizkuntza eragileekin batera».

Honekin batera, keinu bateratua egiteko hiru ereserkiak aurkeztuko dituzte. Hauetxek dira: “Ikusi mendizaleak” diasporaren eskutik, “Txoriak Txori” Amaiurren bertako abesbatzarekin mendeurrenagatik eta “Gernikako Arbola” musikari ezagunekin. 

«Mundua zeharkatuko duen 24 orduko Aberri Eguna ospatzeko deia egiten dio Baterak euskal komunitate globalari –gogora ekarri du ekimenak–. Aurreko bi urteetan ez bezala, garai berri batera urratsa emateko baldintzak daude». Gogora ekarri dute aurten 90 urte beteko direla Bilbon lehen Aberri Eguna ospatu zenetik, eta nabarmendu dute Aberri Egunak euskal komunitatea elkartzeko eta hari balioa emateko gaitasuna duela.

Otsailean aurkeztu zuen komuneko deialdi hau Baterak. Asmo nagusia «munduan zehar barreiatuta dagoen euskal komunitate globalari» protagonismoa ematea, 24 orduko «keinu bateratua» eginez.