NAIZ
DONOSTIA

Iñaki Segurola filologo eta hiztegigileari agur sentitua eman diote Azpeitian

60 urte zituela zendu zen iragan ostiralean Iñaki Segurola idazle eta hiztegigile azpeitiarra, eta Azpeitian eman zioten larunbata iluntzean agur sentitua. Jendetza hurbildu zen Carmona ehorztetxean.

Iñaki Segurolari azken agurra eman zitzaion larunbata iluntzean, Azpeitia zuen sorterrian.
Iñaki Segurolari azken agurra eman zitzaion larunbata iluntzean, Azpeitia zuen sorterrian. (Jon URBE | FOKU)

Senideak, gertuko lagunak eta ezagunak hurbildu ziren larunbata iluntzean Iñaki Segurola (1962-2022) filologo, idazle eta hiztegigile azpeitiarrari azken agurra ematera. Ekitaldi xumea eta sentitua antolatu zioten Carmona ehorztetxeko agur aretoan.

Filologoa formakuntzaz, eleberri arloan ekarpenak egindakoa da. ‘Koiteretzia’ eleberria utzi du azken obra gisa eta aurretik ‘Sed quia sua’ argiratatu zuen, entsaio lana argitaratu zuen Ereinen eskutik. Jorge Oteizak 1963an idatzi zuen ‘Quousque tandem…!’ liburutik abiatuta, eta haren itxuran oinarrituta, euskarak, gure hizkuntzak, zerbait esan ote lezake galderari erantzun nahi izan zion Segurolak.

Ordea, bereziki hiztegigintzan egindako lanagatik zen mirestua eta ezaguna azpeitiarra. Zenbait hedabideetan ere kolaboratzaile gisa jardun zuen eta bere zutabeak idazteko moduak hautsak harrotzen zuela ez zuen izkutatu. ‘Uztarria’ atari digitalari emandako elkarrizketa batean honela ikusten zuen bere jarduna Segurolak: «Nire buruari jartzen diodan titulu bakarra filologoa da; ez idazle, ez pentsalari eta ez ezer gehiago. Ze edozein huskeriagatik jendeak ematen dio haize bat bere buruari... Ez dut horretan erori nahi, eta beti bezala, horretan ere beste muturrean nago. Zer da pentsalari bat, bere gelan sartu eta "orain pentsatu egingo dut" esaten duen norbait? Hori ez da benetakoa, ez da horrela. Ni pitzatuta nago, ez hautsita edo puskatuta. Oso-osoa eta normalegia izanda ere, hemen ez dago ezer, eta pitzatua ere tamainakoa eduki behar da. Pitzatua eta etorria ditut nik, baina ez naiz pentsalari bat».

Ostiralean zendu zen, 60 urte zituela.