NAIZ

Amazonek 51.000 milioiko diru-sarrerak izan ditu Europan 2021ean, zergarik ordaindu gabe

Amazonen Europako filialak 51.000 milioi euroko diru-sarrerak izan ditu 2021ean. Hala ere, 1.160 milioi euroko galerak deklaratu ditu eta, horri esker, ez du euro bat ere ordaindu zergetan. Gainera, 1.000 milioi euro jaso ditu kreditu fiskaletan.

Amazonen pabiloia, Trapagaranen
Amazonen pabiloia, Trapagaranen (Luis Jauregialtzo | FOKU)

‘Bloomberg’ek argitaratutako dokumentu batzuek agerian utzi dute berriz ere Europako erraldoi teknologikoei mesede egiten dien ingeniaritza fiskala. Negozioetan espezializatutako komunikabideak dioenez, Amazonen Europako filialak 51.000 milioi euroko diru-sarrerak izan zituen 2021ean eta ez zuen euro bakar bat ere ordaindu zergetan.

Hori lortzeko, 1.160 milioi euroko galerak deklaratu zituen. Gainera, horri esker 1.000 milioi euro jaso ditu kreditu fiskaletan. Luxenburgon egoitza duen filialak beti justifikatu izan ditu galera horiek egiten ari den inbertsio handiengatik.

Urtero errepikatzen den kontua da. Izan ere, 2020an 44.000 milioi euroko diru-sarrerak izan zituen eta, 1.200 milioiko galerak deklaratuz, ez zuen zergarik ordaindu ere.

Hainbat herrialdek dagoeneko jarri dizkiote isunak Amazoni hainbat arrazoirengatik. 2021eko uztailean, Luxenburgok 746 milioi euroko zehapena jarri zion Amazon Europe Coreri Europar Batasuneko datuen babesari buruzko araudia urratzeagatik. Azaroan, Italiak 68,7 milioiko isuna jarri zion legezko beste banatzaile batzuei jardutea galarazten zieten praktika murriztaileak egiteagatik.

Zerga-gaietan ere, Amazon eta beste enpresa batzuk aspalditik dira Europako arautzaileen helburu. Baina Europar Batasuna ez da akordio batera iristen, herrialde batzuen erreparoa dela eta.

Jeff Bezos buru duen enpresak hodei konputazioaren eta merkataritza elektronikoaren arloan dihardu, eta Seattlen (Estatu Batuak) du egoitza nagusia. Amazon Alexa Internet, a9.com, Shopbop, Internet Movie Database (IMDb), Zappos.com, DPreview.com eta Twitch webguneen jabea da ere.