NAIZ

Eolikoek eragindako hegaztien heriotzen aurrean erakundeen «utzikeria» salatu du Mendiak Askek

Zentral eolikoen aerosorgailuek eragindako hegaztien heriotzen aurrean erakunde publikoen «utzikeria» gaitzetsi du Arabako Mendiak Aske plataformak. Energia politika berriak eskatu ditu, bizitza posible egiten dutenak.

‘Las Llanas’-en barna paseatzen ari ziren bi lagunek bertako zentral eolikoko aerosorgailu baten azpian hildako arrano sugezale bat aurkitu zuten.
‘Las Llanas’-en barna paseatzen ari ziren bi lagunek bertako zentral eolikoko aerosorgailu baten azpian hildako arrano sugezale bat aurkitu zuten. (ARABAKO MENDIAK ASKE)

Arabako Mendiak Askek jakinarazi duenez, joan den apirilaren 18an, Nafarroako Kodes mendilerroko ‘Las Llanas’-en barna paseatzen ari ziren bi lagunek bertako zentral eolikoko aerosorgailu baten azpian hildako arrano sugezale bat aurkitu zuten. Hegazti harrapari horiek negua Afrikan igarotzen dute eta martxoan gure inguruetara itzultzen dira habiak egiten hasteko.

Pertsona horiek harremanetan jarri ziren hainbat antolakunderekin: Arabako Foru Aldundia, Ingurumen Departamentua, 112 zenbakia, Seprona, Nafarroako Berreskuratze Zentroa eta Foru Polizia. Baina, kritikatu dutenez, haietako inork ez zuen bere gain hartu nahi izan gertaera hori.

Plataformak agertu duenez, arriskuan dauden Espezieen Katalogo Nazionalak Europako arrano sugezalea interes bereziko espezie gisa hartzen du. Era berean, Hegaztien Direktibaren I. Eranskinean jasota dago, kontserbazio neurrien xede diren espezieen artean, baita Bernako Hitzarmenaren III. Eranskinean, haien populazioak arriskutik kanpo mantentzeko araututa dauden espezieen artean, eta Bonneko Hitzarmenaren II. Eranskinean ere, kontserbazio egoera txarreko espezie migratzaileen tartean.

Habitat naturala, arriskuan

‘Las Llanas’-eko zentrala Aixeindar enpresak Labrazan eraiki nahi duen zentral eolikotik kilometro eskas batera dago. Arabako Mendiak Askek gogorarazi du Lakua Labrazako zentralaren sustatzailea dela, Iberdrolarekin batera. «Zentral hori ez da bateragarria korridore ekologikoek bete beharreko funtzioak zaintzearekin; azpiegitura Dueñasko pinudiaren baso erreserbatik gertu dago; Kodes mendilerroko Kontserbazio Bereziko Eremutik (KBE) kilometro eskas batera dago lehendabiziko aerosorgailua; eta Arabako Hegoaldeko Mendilerroak izeneko Kontserbazio Bereziko Eremua eta Hegaztien Kontserbazio Berezirako Eremua (KBE-HKBE) bost kilometrora kokatzen da».

Korridore horretan Bonelli arranoak egiten du hegan, elikatu eta kabia ere egiten du. Zaurgarritzat hartzen diren bi espezie, interes bereziko beste hamar, bost espezie arraro eta beste hainbat babestu ere badaude inguruan. Eta saguzarrei ere eragingo lieke zentrala eraikitzeak. Plataformak azpimarratu duenez, berezitasun horiek guztiek «bideraezina» egiten dute proiektua, arriskuan jartzen baita bai eremuaren konektibitatea, baita eremu hori okupatzen duen interes orokorreko habitat naturala ere.

Deskribatu duenez, Labrazarako aurreikusitako aerosorgailuek 200 metroko altuera dute eta errota bakoitzak 1,5 hektareako zabalera hartzen du errotazioan, ia bi futbol zelaik beste. Beraz, hegaztiak hiltzeko gaitasuna oraingo ‘Las Llanas’ zentrala okupatzen duten errotek dutena baino askoz handiagoa da, horien altuera 60 eta 80 metrokoa baita.

Manifestazioa Gasteizen

«Mendi komunalen eta mendi horietan bizi diren espezieen kontserbazioa erabakigarria izango da klimaren krisia ez areagotzeko eta berau egonkortu ahal izateko. Energia enpresen interesekin lotzen diren politikei zilegitasuna kentzeko unea da; izan ere, krisi honen arrazoiak aztertzerakoan, guztiz agerikoa da enpresa horien erantzukizuna. Zentral eolikoek eragiten dituzten hegaztien heriotzak zenbatzerakoan erakundeen utzikeriak ezin ditu alde batera utzi horiek eragiten dituzten heriotzak», aldarrikatu du Arabako Mendiak Askek.

Gure arbasoek utzi dizkiguten naturguneen kontserbazioan oinarritzen diren energia politika berriak eskatu ditu, «bizitza posible egiten dutenak». «Hau da, energia berriztagarriak bizitza mantentzeko irizpideekin koherente izatea eta lurraldean bizi diren pertsonen onerako izatea».

Maiatzaren 14an, Gasteizen, manifestazio bat aterako da 19.00etan Bilbo plazatik, Tapia Legea eta Tapia Legea Plusak salatzeko. «Horien bitartez, lurraldea antolatzeko eta kontserbatzeko gaur egun indarrean dauden lege guztiak bertan behera utzi nahi dira, herrien eta udalen gobernantza ahalmena ezeztatuz», salatu du.