NAIZ

Gernikako bonbardaketagatik kalte-ordainik aurreikusten duen galdetuko dio EAJk Madrili

EAJk Gobernu espainola interpelatuko du datorren asteartean Senatuan Gernikako bonbardaketaren 85.urteurrenagatik «kalte-ordain» ekintzaren bat aurreikusten duen azal dezan.

Lore eskaintza Gernikako bonbardaketaren 84.urteurrenean, Gernikako hilerrian.
Lore eskaintza Gernikako bonbardaketaren 84.urteurrenean, Gernikako hilerrian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

EAJk Gobernu espainolari datorren astearteko Senatuko kontrol saioan galdetuko dio ea Gernikako bonbardaketatik 85 urte pasa ostean, Gernikako herriarekiko «kalte-ordain ekintzaren bat egitea» aurreikusten duen. Interpelazioa bonbardaketaren urteurrenaren egunean egingo du EAJk.

Era berean, Imanol Landak, EAJko senatariak, Pillar Llopi, Justizia ministroari, galdetuko dio ea Sanchezen exekutiboak legegintzaldi honetan Justizia Unibertsalaren erregulazioa erreformatzeko borondaterik duen, «berriro ere legea irekitzeko gizateriaren aurkako nazioarteko krimenak ezagutu eta epaitzeari, Errusiak Ukrainaren inbasio militarrean salatutakoak kasu».

Gernikako bonbardaketaren aferan, Estefania Beltran de Heredia EAJko senatariak izango du Gobernu espainolari galdetzeko ardura. Zehazki, EAJren esanetan, «1937ko apirilaren 26ko aire erasoaren ondorioz Gernikako herriarekin, gerraren aurkako sinbolo unibertsal gisa, kalte-ordainerako ekintzaren bat egitea aurreikusten duen jakiteko».

Bukatzeko, Almudena Otaolak Kanpo Arazoetako, Europako Batasuneko eta Lankidetzako ministroari Europako Batasunaren eta Mercosurren arteko Akordioa berresteko prozesua zein egoeratan dagoen galdegingo dio. Gernika 1937ko apirilaren 26an, duela 85 urte, nazien Armadako Kondor Legioak eta faxista italiarrek bonbardatu zuten, Frankoren aginduz. Erasoaldiaren ondorioz, Busturialdeko herria erabat suntsituta gelditu zen eta ehunka zibil hil eta zauritu ziren.