NAIZ

Melissa Lucioren exekuzioa geldiarazteko protestak deitu dituzte larunbaterako

AEBetako hamahiru hiritan Texasko agintariei Melissa Lucioren exekuzioa bertan behera utzi dezaten exijitzeko protestak deitu dituzte Death Penalty Action, Free Melissa Lucio eta Families United eragileek larunbat honetarako.

Melissa Lucio, bere ilobetako batekin.
Melissa Lucio, bere ilobetako batekin. (Familia Lucio | THE INNOCENCE PROJECT)

Death Penalty Action, Free Melissa Lucio eta Families United eragileek ostegun honetan online eman duten prentsaurrekoan iragarri dutenez, larunbat honetan, apirilaren 23an eta Lucioren exekuzioa baino lau egun lehenago, manifestazioak egingo dituzte AEBetako hamahiru hiritan. Mobilizazioen helburua Cameron Konderriko fiskalari, Luis Saenzi, eta Texasko gobernadorea den Greg Abbotti Lucioren exekuzioa geldiarazi dezatela eskatzea izango da.

Hedabideen aurrean moderatzaile lanak egin dituen Death Penalty Action-eko zuzendaria den Abraham Bonowitz-ekin batera, Lucioren seme nagusiak, John Luciok, hartu du parte prentsaurrekoan. Konektatu den unean, John bere emazte Michelle-rekin zihoan autoan bere ama giltzapetuta dagoen kartzelara bidean. Zortzi orduko bidaia egin behar izan dute espetxera iristeko, Melissa Mountain Viewko kartzelara lekualdatu baitute. Bere abokatuak, Sandra Babcockek, azaldu duenez, «​​Melissa zaintzapean jarri dute bere buruaz beste egin dezan ekiditeko».

Izan ere, bere seme Johnek azken egun hauek «oso oso gogorrak» eta «emozionalak» izaten ari direla esan du. Familia bizitzen ari dena deskribatzen saiatu denean, «hitzik gabe» dagoela xuxurlatu du eta, jarraian, negarrez hasi da, tentsioa jasan ezinik.

Zertxobait lasaitu denean, kartzelako azken bisita hauek nola bizi dituen azaldu du: «Ez dira betiko modukoak, askoz gogorragoak dira, ia ezin dut hitzik egin. Mina ezkutatzen ibili garen era… bere aurrean ezin dugu minik ezta beldurrik erakutsi, eta hori oso zaila da. Egoera honek guztiz urratu nau eta ezin diot gehiago eutsi».

«Sinesgarritasunik gabeko» fiskala

Ondoren, Death Penalty Action elkarteko Charles Keithek hartu du hitza. Keithek hurbiletik ezagutzen du heriotza zigorraren afera, bere anaia exekutatua izan baitzen. Keithek Armando R.Villalobos fiskal ohiarengan jarri du fokua. Izan ere, Villalobosek eraman zuen Melissa Lucioren aurkako auzia eta, egun, eroskeria eta estortsio delituengatik 13 urteko kartzela zigorra betetzen ari da presondegi federal batean.

Hori horrela, Keithek salatu du auziak eta Villalobosek ez dutela «inongo sinesgarritasunik» eta fiskal horrek «bere ibilbide profesionalean ukitu dituen kasu guztiak berrikusi» beharko liratekeela. Horregatik, mezu bat zuzendu dio Cameron Konderriko fiskal berriari, Luis Saenzi: «Egunak gelditzen zaizkizu oraindik eta boterea duzu. Melissa Lucioren alde altxatzen zara, zeinari munduak babesa erakutsi dion, edo Villalobosen alde».

Auziko fiskalaz gain, Keithek deitoratu du Lucioren aurkako prozesuan «gezurrak», «zintzotasun falta», «ustelkeria» eta Melissaren aurkako «proba fisikoen ausentzia» izan direla nagusi. Horren adibide gisa, Keithek azaldu du Mariahri, Luciori bere heriotzaren erantzukizuna egotzi zioten alabari, autopsia egin zion medikuak ez zuela epaiketan parte hartu. Era berean, beraien amak tratu txarrak eman zizkiela erabat ukatzen zuten Melissaren gainerako hamabi seme-alabei ere beraien amaren defentsan testigantza ematea galarazi zieten.

Mobilizazioak

Injekzio hilgarria geldiarazteko xedez, larunbat honetarako, apirilaren 23rako, mobilizazioak deitu dituzte AEBetako hamahiru hiritan: Washingtonen, Minneapolisen, Greensboron, Los Angelesen, Louisvillen, New Yorken, Brownsvillen, Austinen, Dallasen, San Antonion, El Pason, Ashevillen eta Atlantan, besteak beste. Mobilizazioak eguerdian hasiko direla aurreratu dute, baina antolatzaileek oraindik ez dituzte leku eta ordu zehatzak iragarri.

Denisse Palacios mobilizazio hauen antolatzaileetako bat da eta manifestazioetan parte hartzeko gonbita luzatu du. Palacios Melissaren hiri berean, ​​Brownsvillen, jaio zen eta jatorri latindarrekoa da bera ere. Palaciosek kritikatu du Texasko sistema judizialak emakume, beltz eta latindarren aurka egiten duela, eta Luciori gertatutakoa «edozein familiatan» gertatu izan zitekeela: «Kasuaren berri izan nuenean bihotza erabat puskatu zitzaidan. Lucio familiak, arreba txikia ez ezik, ama ere galdu baitzuen».