NAIZ

Bekadunaren Estatutua landuko duen Gizarte Elkarrizketarako Mahaiak lehen bilera egin du

Bekadunen Estatutua osatzeko lanak hasi ditu Gobernu espainiarrak, CCOO eta UGT sindikatuekin eta CEOE eta Cepyme patronalekin batera.

Bekadunaren Estatutua lantzen duen Elkarrizketa Sozialeko Mahaiaren lehenengo bilera.
Bekadunaren Estatutua lantzen duen Elkarrizketa Sozialeko Mahaiaren lehenengo bilera. (Lan Ministeritza)

Bekadunaren Estatutua lantzeko lehenengo bilera egin du ostiral honetan Elkarrizketa Sozialeko Mahaiak. Joaquin Perez Rey Estatu espainiarreko Enplegu idazkaria izan da mahaiburu, eta CCOO eta UGT sindikatuek nahiz CEOE eta Cepyme patronalek parte hartu dute.

Espainiar Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak jakinarazi duenez, Gizarte Elkarrizketarako Mahai honen deialdiak lan erreformarako premiazko neurriei buruzko 32/2021 Errege Lege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian ezarritako agindua betetzen du, zeinak 2022ko ekainaren 30a baino lehen lanak hastea aurreikusten baitzuen.

«Gaur hasiko ditugu Bekadunaren Estatutua osatzeko lanak. Hori oso garrantzitsua da gure herrialdean, inork ez baitie inoiz eman bekadunei eskubideen katalogorik», adierazi du Yolanda Diaz Lan eta Gizarte Ekonomiako ministroak.

Estatutuaren edukiari buruzko azalpen gehiegi ez du eman Diazek, baina aurreratu du «low cost prestakuntzarekin» amaitzeko helburua izango duela.

Bekadun faltsuen formula

Horrekin batera, Ministerioak zehaztu duenez, Mahaiak arau berri bat ontzea aurreikusten du, lanekoak ez diren praktikak egiten dituzten pertsonei dagozkien eskubideak babesteko, bai enpresetan, bai erakundeetan. Modu horretara, prekarietatea saihestea eta bekadun faltsuen formularekin ematen diren abusuak ekiditea bilatuko du Madrilgo Gobernuak.

Bestalde, Diazek adierazi du Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak areagotu egin dituela bekadunen eta lanekoak ez diren praktiken arloko jarduerak, «enpresa batean lanekoak ez diren praktikak egiten dituzten pertsonen eta enpresa horien arteko harremana egiaztatzeko». 2020tik aurtengo martxora bitartean, ikuskatze lanari esker, bekadun faltsuen 3.164 lanpostu egiaztatu dira.

Gaurko bileraren ondoren, CCOOeko Gazteria arduradunak, Adria Junyent-ek, esan duenez, «eskubideak arautzeko eta Espainiako milioi erdi bekadun baino gehiagori eskubideak emateko unea da».