NAIZ

Covidaren aurkako neurriak buru osasun okerragoarekin lotu dituzte nazioarteko bi ikerketek

Koronabirusaren aurkako murrizketak buru osasun okerragoarekin eta biziaren balorazio apalagoarekin erlazionatuta daude, ‘The Lancet’-ek kaleratutako bi ikerketen arabera. Transmisioa kontrolatzen saiatu ziren herrietan eragin handiagoa sumatu dute transmisioa ezabatzen ahalegindu zirenetan baino.

Garraio publikoa izan da neurri murriztaileak hartu diren eremuetako bat. Irudian, Baiona.
Garraio publikoa izan da neurri murriztaileak hartu diren eremuetako bat. Irudian, Baiona. (Guillaume FAUVEAU)

‘The Lancet Public Health’ aldizkariak covidaren aurkako neurriak eta buru osasunaren okertzea lotzen dituen bi ikerlanen berri eman du. Lehenak azaltzen du murrizketa mota eta berau ezartzen den unea gakoa direla buru osasunaren eraginean. Bigarrenak ondorioztatzen du talde ezberdinek era desorekatuan sentitzen dituztela murrizketok. Adibidez, itxialdiari lotutako kaltea handiagoa izan da emakumeentzat, bereziki haurrekin bizi direnentzat.

Herrialdeei erreparatzen badiegu, covid-19aren transmisioa bere mugen barrenean ezabatzen ahalegindu ziren lekuetan jende gutxiago hil zen birusa ezabatu ordez kontrolatzearen aldeko apustua egin zutenen aldean. Eta buru osasunaren joerak parekoak edo hobeak izan ziren.

Pandemia gelditu nahian, mundu osoko gobernuek askotariko estrategiak baliatu zituzten. Batzuek koronabirusa erabat ezabatzeko neurri anbiziotsuak hartu zituzten, bertzeek transmisioa moteltzeko murrizketa txikiagoak. Itxialdiak eskola eta lantokietan, distantzia soziala, maskara, bilera eta garraio publikoak bertan behera uztea... Ugariak izan dira murrizketak.

Hego Korean eta Japonian neurri azkar eta zehatzak hartu zituzten: nazioarteko bidaiak mugatu zituzten, kontaktuen aztarna segitu eta probak egin… Horrek herritar gutxiago kutsatzea eta estrategia zorrotzak ekiditea posible egin zuen.

Aldiz, Estatu frantsesean eta Britainia Handian ez zituzten hainbertze debekatu nazioarteko bidaiak, eta birusa ezabatzea beharrean kontrolatzea jarri zuten helburutzat barne politikan neurri zorrotzak eta iraupen luzekoak hartuz, distantzia fisikoa eta etxean gelditzeko aginduak barne.

«Gobernuek covid-19ari emandako erantzunak luze eta zabal eztabaidatu dira. Itxura batean, eman dezake birusa ezabatzea xede hartu zutenek estrategia aunitzez ere gogorragoak ezarri zituztela. Baina, egiaz, muga horien barrenean pertsona horiek askatasun gehiago izan zuten», agertu du Kanadako Simon Fraser Unibertsitateko Lara Aknin doktoreak.

Neurri motak determinatzen du eragina

Covid-19ari aitzin egiteko murrizketek buru osasunean duten eragina jakiteko, lehendabiziko ikerketak eguneroko politiken zorroztasunari buruzko datuak eta hamabost egunetik behin jasotako buru osasunari buruzkoak uztartu zituen 15 herrialdetan. 2020ko apiriletik 2021eko ekainera birusari emandako erantzunaren arabera sailkatu zituzten herriak: ezabatzearen aldekoak (Australia, Japonia, Singapur eta Hego Korea) eta kontrolatzea hautatu zutenak (Kanada, Danimarka, Finlandia, Estatu frantsesa eta espainiarra, Alemania, Italia, Herbehereak, Norvegia, Suedia eta Britainia Handia).

Kontrolatzeko apustua egin zutenetan erlazio estuagoa ikusi dute murrizketa gogorren eta biziaren ebaluazio apalagoaren artean. Norbanakoei eragin dieten politikak (biltzeko debekuak eta etxean gelditzeko eskariak) angustia sikologiko handigoarekin lotu dituzte.

Bestalde, eskolak eta lantokiak ixtea, ekitaldiak eta garraio publikoa bertan behera uztea eta herrialdearen barreneko bidaiak mugatzea ez dituzte buru osasunarekin erlazionatu.

Oro har, herritarrek ez dituzte ongi hartu neurri politiko zorrotzak, eta birusa ezabatzearen alde egin duten gobernuek balorazio baikorragoak jaso dituzte.

Australiako kasua

Bigarren ikerketa Australiako datuetan oinarritzen da. Ondorioztatu duenez, talde demografikoaren arabera ezberdin eragin du konfinamenduak buru osasunean. Victoria estatua erabat blokeatu zuten; beste eremu batzuek, ordea, ez zuten inongo murrizketarik izan. Ikerlariek 20.000 lagunen datuak erabili zituzten eta Victoriako biztanleen konfinamenduko buru osasuna aurreko urtean zutenarekin alderatu zuten. Ondotik, alde hori Australiako gainontzeko tokietako biztanleenarekin konparatu zuten.

Ikusi zutenez, emakumeek buru osasunean kalte gehiago izateko aukera gehiago zituzten gizonek baino, bereziki 20 eta 29 urte bitartekoek. Ez zuten eragin aipagarririk sumatu nerabeen artean, ezta 20 eta 29 urte bitarteko gizonezkoen artean ere. 55 urte edo gehiagoko gizonek, aldiz, buru osasun hobeagoa izan zuten itxialdian.