NAIZ

Maiatzaren Lehenerako deialdi bateratua egin dute zortzi eragilek Baionan

Azkeneko urteetan indarrak batzeko eginiko apustuak urrats berria ezagutu du aurten, CFDTk bat egin duelako Maiatzaren Lehena kari Ipar Euskal Herriko bertze zazpi gizarte eragile eta sindikatuk luzaturiko deialdi bateratuarekin.

Baionako Herriko Etxearen aitzinean aurkeztu zuten eragileek Maiatzaren Lehenari begira adostutako deialdi bateratua.
Baionako Herriko Etxearen aitzinean aurkeztu zuten eragileek Maiatzaren Lehenari begira adostutako deialdi bateratua. (Bob EDME)

«Mundu justu, sostengagarri, solidario eta baketsu baten alde. Alternatiba gu gira!» lelopean Maiatzaren Lehena kari dei bateratua egin dute Ipar Euskal Herriko gizarte eragile eta sindikatuek. Hala CGT, LAB, CFDT, FSU, Bizi!, Alda, Egiazko Berdintasunaren Alde eta Etorkinekin elkarteek langileen nazioarteko egunaren karietara mobilizazioa deitu dute Baionan.

Martxa goizeko 11.00etan abiatuko da Lan Burtsatik.

«Inoiz baino beharrezkoagoa da gure indarrak batzea eta bizia eta lurra suntsitzen dituen sistema kapitalistaren aurrean alternatiba sinesgarri eta iraunkorra eraikitzea», adierazi dute indarrak batzeko parioa egin duten eragile eta sindikatuek apirilaren 20an Baionan egin duten prentsa aitzinekoan.

Azkeneko urteetan elkarlanean jarduteko eginiko hautuak urrats berri bat ezagutu du aurten, Ipar Euskal Herriko langileen artean zentral bozkatuena den CFDT sindikatuak bat egin duelako bertze zazpi gizarte eragile eta sindikatuk eginiko deialdi bateratu horrekin.

Maiatzaren Lehena kari lau haizetara zabalduko dituzten aldarrikapenak aletu dituzte mobilizazioaren antolatzaileek.

Lan duinaren aldeko aldarri irmoa eginen dute. Soldaten igoera, hilabete bukaera zailak eta erregaia asko garestitzen den gaia dira agerraldian azaldutako bertze problematiketako batzuk.

«Ondasun banaketaren gaia ere garrantzitsua da guretzat. Badakigu birbanaketa ez dela izan behar lukeen bezalakoa», gehitu dute.

Justizia soziala eta ekologikoa bateratuz «jendarteko sektore guziak erreformatuak izan behar direla» oroitarazi dute horrendako baliabideak eskatuz.

Emazte-gizonen arteko berdintasuna

Bestalde, zerbitzu publikoen alde baliabide gehiagoren beharra mahaigaineratu eta «zerbitzu publikoak denen ondasuna dira, gure jendartearen oinarria» direla nabarmendu dute.

Emazte eta gizonen arteko berdintasuna funtsezko gai gisa plazaratuko dute Maiatzaren Lehenean. Hala, soldata arrakalarekin bukatzea ezinbestekotzat jo dute, baita lanbide berdintasuna bermatzea eta pentsio duinak ukaitea ere. Gaineratu dutenez, «beharrezkoa da, era berean, emazteek eguneroko bizitzan jasaten dituzten bortizkeria guztiak gelditzea».

Migratzaileek pairatzen duten egoera ere aipatu dute. «Egonaldi baimen agirik gabe, migratzaile ainitzek ezin dute lanik aurkitu. Laguntza juridikorik gabe, esplotazioan eta miserian sartzen dira. Fermuki galdetzen dugu erregulartuak izan daitezen, lan bati esker edo lan egiteko hitzarmen bati esker», aldarrikatu dute.

Beraz, 2022ko Maiatzaren Lehena berezia izanen da Ipar Euskal Herrian, eragin handia duten eragile eta sindikatuek indarrak batuko dituztelako karriketan.