NAIZ

Sagardui sailburuaren «hermetismoa» gaitzetsi du Osasun Bidasoa plataformak

Berriki Lakuako Osasun Sailak jakinarazi du Bidasoa Ospitaleko lanak egin bitartean ebakuntza gelak ez direla hiriz aldatuko. Osasun Bidasoa plataformak adierazi du urrats positiboa dela hori, baina proiektu berriaren edukia ezagutzea beharrezkoa dela errepikatu du.

Osasun Bidasoa plataformak eta Bidasoko Ospitaleko langileek deitutako protesta, Irunen, iragan otsailaren 19an.
Osasun Bidasoa plataformak eta Bidasoko Ospitaleko langileek deitutako protesta, Irunen, iragan otsailaren 19an. (Jon URBE | FOKU)

Osasun Bidasoa plataformak agiri bat plazaratu du Bidasoa Ospitaleko ebakuntza gelak berritzeko prozesuko azken aldaketa ezagutu ostean. Izan ere, berriki Lakuako Osasun Sailak jakinarazi du ebakuntza gelak lekualdatzeko prozesua eten duela eta, printzipioz, lanak egin bitartean ebakuntza gelak ez direla hiriz aldatuko. Hasiera batean Osasun sailaren asmoa Donostiako Onkologikora eramatea zen.

Osasun Bidasoa plataformak adierazi duenez irizpide aldaketa hori urrats positiboa da, ospitaleko profesionalen kolektiboak, plataformak berak, babesa eman dieten udalek eta, batez ere, beti aldeko erantzuna eman duten eta eskualdean egindako mobilizazioetako protagonista izan diren herritarren borrokaren ondorioa.

Berriro esan du beharrezkoa dela proiektu berriaren edukia ezagutzea, eta Gotzone Sagardui sailburuaren «hermetismoa» salatu du: «Dirudienez, alderdikideekin hitz egitera baino ez da duintzen».

Proiektua, eragile guztien parte-hartzearen emaitza

Proiektuak Sailaren, plataforman ordezkaritza zabala duten osasun langileen eta eskualdeko udal eta eragile guztien parte-hartzearen emaitza izan behar duela aldarrikatu du. «Bidasoak eta Bortziriek datozen hamarkadetarako dituzten beharrak beteko dituen eta pazienteen segurtasuna zainduko duen proiektu bat izan behar du, kontuan izanik, gainera, hazten eta zahartzen ari den biztanleria dugula eta, beraz, arreta gehiago behar duela».

Osasun Bidasoa Plataformak erne jarraituko du bloke kirurgikoaren birmoldaketaren inguruan gerta daitekeenaren aurrean. Horregatik, datorren maiatzaren 9an Gasteizko Legebiltzarrean egongo dira plataformako ordezkariak, Osasun Batzordearen bilkuran, plataformaren eta eskualdearen aldarrikapenak azaltzeko.