Jon Ormazabal

Berak Labriten eragindako kaosean kateatu da Zabaleta partida ezin eroagoan (21-22)

Defentsak eta fisikoki askoz osoago amaitzeak eman dio garaipena zuzenegi aritu den Joseba Ezkurdiari partidan (21-22). Arbizuarra defentsan nabarmendu da eta azken azkenean baino ez da erasoan ausartu.

Jose Javier Zabaletak akituta amaitu du partida.
Jose Javier Zabaletak akituta amaitu du partida. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Bere jokorik onena topatu ezinda jarraitzen badu ere, orain arte izan ez duen patxada lortzeko balio beharko liokeen puntua eskuratu du Joseba Ezkurdiak, partida ezin ero eta intentsoan Jose Javier Zabaletari tanto bakarraz nagusituta (21-22). Partida osoan zehar izan ez duen ausardia topatu du arbizuarrak partida amaiera agonokioan eta lehia osoan izandako defentsa onak eta amaierara fisikoki arerioa baino hobe heldu izanak eman dio garaipena aurrelariari.

Inoizko Buruz Burukorik luzeenaren aurrean bagaude ere, badirudi pilotariek ez dutela inolako beldurrik eta azkar, presakaegi agian, ekin diote final laurdenetako ligaxkari, bai behintzat aurrelarien joko erasokorrera moldatu nahi duten atzelariak. Bezperako partidaren inolako antzik izan ez badu ere, gaur Labriten Jose Javier Zabaleta izan da, hasiera-hasieratik partida lehertu nahi izan duena, horretarako behar handirik gabe, jokoa erabateko kaos bat bihurtuta. Kolpez fresko eta aireko defentsan ere txukun aritu horren, partida nahasteko intentzio garbiarekin irten da etxarrendarra, saketik hasita. Hala berari eta baita inorri sekula ikusi gabeko gauzak eskaini dizkigu, era guztietako emaitzekin. Esaterako, zabalean motz aterata tantoren bat lortu du, baita bi falta ere, eta markagailuan 7-6 zirela, sakea egiterakoan seigarren koadroan eragin dio botea pilotari, aurkaria ezustean harrapatu nahian.

Eta anabasa horretan, markagailuan alderik ez lortzeaz harago, fisikoki ere sekulako betekada hartu du Zabaletak, partida guztian zehar bueltarik eman ezin izanda geratu delarik gainera.

Ezkurdia, zuzenegi

Kontua da, aurkariaren erokeria horren aurrean, gaur ere oso lotuta antzeman dugun Joseba Ezkurdiak zuzen, zuzenegi jokatzeko hautua egin duela, partidari erritmoa ezin jarriz. Atzelaria ezker-eskuin mugitu beharrean, pilota atzeratu baino ez du egin, eta justu horretan ia ezinezkoa da airez ondo defendatu den Zabaletari nagusitzea.

Atzelariaren txakalaldiari etekina aterata 7-13 aurreratzea lortu du Ezkurdiak, baina sakea berreskuratu duenean, berehala ekarri du partida Zabaletak. Gauza arrarorik egin gabe, abiadura eman eta pareta jota, mina egin dio Etxarreneko atzelariak, denera 8 tanto egin dizkio lehen pilotakadarekin, eta hala partida berriz berdindu du, hemezortzina.

Hortxe etorri dira partidako unerik zirraragarrienak. Nahaspila areagotzeko, Zabaletak, lehertuta, ahal zuen denbora guztia irabazi du tantotik tantora hauspoari buelta emateko eta tentsioak gora egin du, esaterako 32 pilotakadaren ostean, zabaletik bildutako dejada batekin Ezkurdiak 20-20ko ezarri duen tanto bikainarekin. Sake errematean bi paretakoa jota aurreratu da Ezkurdia, baina berriz ere kamustu zaio besoa 21-21ekoa jartzeko, baina azken tanto horretan berriz askatu eta gantxoa jota lortu du garaipenaren tantoa.

FITXA TEKNIKOA:

Zabaleta: 21

Ezkurdia: 22

Markagailua: 3-0, 3-2, 4-2, 4-4, 5-4, 5-5, 6-5, 6-6, 7-6, 7-13, 10-13, 10-15, 11-15, 11-16, 15-16, 15-18, 18-18, 18-19, 20-19, 20-20, 20-21, 21-21, 21-22. Sakeak: 8 (2 falta) Zabaletak eta 2 Ezkurdiak. Egindakoak: 7 Zabaletak eta 9 Ezkurdiak. Galdutakoak: 9 Zabaletak eta 5 Ezkurdiak. Gorabeherak: Sarrera ona Labriten baina bete gabe . Fermin Escudero izan da Zabaletaren botileroa eta Ruben Ayarra Ezkurdiarena.