NAIZ

Red Bullek dobletea egin du Imolan, Verstappen garaile eta Perez bigarren izanda

Egungo 1 Formulako munduko txapelduna den Max Verstappen herbeherearrak garaipena lortu du Emilia Romagnako Sari Nagusian, Perez mexikarra eta taldekidearen eta McLaren taldeko Lando Norrisen aurretik.

Max Verstappen, Red Bulleko kotxean sartuta, ondoan teknikariak dituela.
Max Verstappen, Red Bulleko kotxean sartuta, ondoan teknikariak dituela. (Andrej ISAKOVIC | AFP)

Red Bull taldea zorioneko dago. Iaz munduko txapeldun izan zen Max Verstappen bertako gidaria, eta igande honetan dobletea sinatu du Imolako zirkuituan, Emilia Romagnako Sari Nagusian hain zuzen ere. Garailea Verstappen bera izan da, eta Checo Perez mexikarra bigarren helmugaratu da.

Gaurkoa 24 urteko gidari herbeherearraren 22. garaipena da 1 Formulan eta aurtengo bigarrena –Saudi Arabian lortu zuen lehenengoa–. Gainera, garaipenaz gain, 'Grand Chelem' deritzona ere lortu du Red Bullekoak. Hau da, poletik atera da larunbateko sprintean azkarrena izan ostean, lasterketako buelta azkarrena egin du eta hasieratik amaiera arte liderra izan da.

Bestalde, 1 Formulako Mundu txapelketako lider den Charles Leclercek (Ferrari) akats nabarmena egin du hirugarren zihoanean eta amaitzeko bederatzi bueltaren faltan, eta seigarren amaitu du lasterketa.

Berez, oso egun txarra izan da Ferrarirentzat, bere etxean, Carlos Sainz madrildarra lehen bueltan kalean geratu baita istripu batengatik.

Hurrengo lasterketa Miamiko Sari Nagusia izango da, Floridan (AEBak), datorren maiatzaren 8an. Zirkuitua Hard Rock Satdion inguruan egongo da. Bertan Miami Dolphins NFlko taldeak jokatzen du.

Imolako zirkuituan korritu den Emilia Romagnako Sari Nagusiko datu guztiak NAIZeko webgune berezian ikus daitezke.