NAIZ

Bilgune Feministak topagunea egingo du Oñatin ekainan

Ekaineko 11 eta 12ko asteburuan, Oñatiko frontoia gune nagusi hartuta, egitarau oparoa prestatu dute ondo pasatzeko baina baita ezinbestekotzat jotzen dituzten gaien inguruan ikasteko ere. Tailerrak, hitzaldiak eta kontzertuak dira Topaketa Feministaren osagaiak.

Gaur egin dite Topaketa Feministaren aurkezpena.
Gaur egin dite Topaketa Feministaren aurkezpena. (Bilgune Feminista)

Datorren ekainaren 11 eta 12ko asteburuan, Bilgune Feministak Topagunea egingo du Oñatin. Euskal Herriko txoko ezberdinetako kide feministak elkartuko dira bertan, azken hilabeteetan lan handia egin ostean. ‘20 urtez paradisuak erretzen’ lelopean, egitarau osatua prestatu dute, ondo pasatzeko baina baita ikasteko ere.

«Ezinbestekoak diren hainbat gai landu eta Euskal Herriko eragile ezberdinekin batera» ekingo dutela adierazi dute Bilgunetik. Oñatiko frontoia izango da gune nagusia eta bertan emango diote hasiera Topaguneari larunbat goizean. Arratsaldean, askotariko mahainguru, tailer eta ekintzetan banatuko dira: sexu eta genero disidentizak izan duen ibilbideaz eta baita zaintzaren potentzialidade politikoaz hausnartuz. Gainera, sormenerako tartea ere izango dute tailer ezberdinen bitartez: musikarien maratoian, sormen tailerra, zein bertso saioan parte hartzeko aukera egongo da.

Iluntzean ekitaldi nagusia egingo dute eta ondoren, urteurreneko abestia sortu duen Ginger Zarauzko taldearekin, IRA, Chocolate Remix eta DJ Miaurekin batera amaituko dute gaua.

Igande goizean, goizetik Nomadak Gaittun azoka izango da, Dinagu elkartearekin batera antolatutako emakume sortzaile eta artisauen azoka hain zuzen ere. Aisialdirako tartea ere izango da marianitada batekin. Ondoren, inguruko elikadura taldeekin batera egindako herri bazkarian elkartu, eta Anariren kontzertuarekin emango diote amaiera topaguneari.

Azpiegitura aldetik, herriko hainbat espazio erabiliko dituzte. Lo lekua eta furgonetentzako parkinga ere izango da aukeran.

Bertaratzeko sarrerak, Euskal Herriko hainbat txokotan zein sarean daude gaurtik aurrera eskuragarri 40 euroren truke. Prezio merketua ere egongo da aukeran (35€) eta furgoparkingean plaza gordetzeko bonoa baita (5€). Sarrerak eskuratu daitezke Gasteizko Txapelarri Tabernan, Amurrioko Txoko Gorri Tabernan, Iruñeko Katakraken, Altsasuko Lezea Tabernan, Lizarrako Katxetas Tabernan, Baionako Epaiska Ostatu-Elkartean, Donostiako Pandora Tabernan, Oñatiko Arrano Tabernan, Ordiziako Herriko Tabernan, Bilboko Errondabide Tabernan, eta Durangoko Intxaurre Tabernan

Ekainera bitartean, herri eta auzoetan aurkezpenak egingo dituzte sarea elkartu eta indarrak batzeko asmoz. Bilbon, Durangaldean, Pasai Antxon, Arrasaten, Zarautzen, Oreretan, Donostian, Gasteizen eta Iruñean izango dira.