Maite Ubiria

Boto zuria, eskuin-muturrari aurre eginez liberalismoa arbuiatzeko tresna

Emmanuel Macronek garaipen handia lortu bazuen ere Ipar Euskal Herrian boto zuria azkarki mendatu zen baitaere. Abstenzioa handia izanik, 2017ko mailera heldu ez bazen ere, eskuin-muturrari aurre eginez liberalismoaren errezeta arbuiatzeko tresna bilakatu zen 16.000 boto-emalentzat.

Macronek garaipen argia lortu zuen Ipar Euskal Herrian, Le Penekin diferentzia handiagoa markatuz.
Macronek garaipen argia lortu zuen Ipar Euskal Herrian, Le Penekin diferentzia handiagoa markatuz. (Guillaume FAUVEAU)

Ipar Euskal Herrian lehenengo itzulian bigarren heldu zen Jean Luc Melenchonen mugimenduak bigarrenean boto zuria emateko aholkua eman zuen. Emaitzak ikusita, Hexagonoan baino oihartzun argiago izan du euskal lurraldetan eskuin-muturrari aurre eginez Emmanuel Macronek ordezkatzen duen liberalismoaren errezeta arbuiatzeko balio izan zuen tresna.

Datuak eskutan, Hexagono mailan 4,8 puntu gora egin zuen boto zuriak. Apirilaren 10ean 543.638 boto-emalek egin zuten hautu hori. Bigarren itzulian, ordea, 2.228.006 boto zuri zenbatu ziren Hexagonoan.

Gorakada nabarmena, nahiz eta Melenchon berak zifra hori abstenzioak markaturiko maila altuarekin bateratzea erabaki zuen Macronen garaipenaren legitimazioa gehiago urratzeko.

Ipar Euskal Herriko datuak begiratuta, boto zurien korpuruak %7,33ean emandatu zen.

Lehenengo itzulian boto-emaileen %1,44 baizik ez zuen hautu hori egin. Behin-betiko itzulian, berriz, %8,77. 2.731 boto zuri zenbatu ziren apirilaren 10ean, 16.079, ordea, bigarrenean.

2017ko bigarren itzuliak dagoeneko boto zuria eta nuloa gehiturik zifra esanguratsua utzi zuen euskal lurraldeetan: 23.580 boto. Joan zen igandean ez zen zifra hori berdindu. Orotara zuria eta baliogabe aintzat harturik 21.320 (%11,63) boto-paper zenbatu ziren.

Abstenzioa ez zen hain altua izan

Hala ere, kontuan hartu behar da abstenzioak gora egin zuela Hexagonoan bezala Ipar Euskal Herrian ere, naiz eta oraindik ere parte-hartzearen datua sendoagoa izan hiru euskal lurraldetan.

2017ko bozen bigarren itzulian abstenzioa %23,18koa izan den Ipar Euskal Herrian. Iragan igandean, berriz, %25,2ra heldu zen.

Emmanuel Macronek garaipena handia lortu zuen Ipar Euskal Herrian, Hexagono mailan lorturiko bataz-bestekoa aise gaindituta.

Hiru lurraldetako hiri nagusietan bere lehen itzuliko garaipena berretsi zuen Macronek.

Bera izan zen bozkatuena Baionan, Doibane Garazi eta Maulen, baita Donibane Lohizunen, Donapaleun, Hendaian, Uztaritzen edo Hiriburun ere. Sapaia jo zuen Muskindin botoen %81,6 lortuta.

Dagoeneko badira bost urte hamar puntu gehiagoko aldea eskuratu zuen euskal lurraldetan.

2017an 117.401 boto jaso zituen frantses presidenteak bigarren itzulian. Igandeko bozketan bere sostengua apaldu bazen ere krisiak krisi eta erreforma erreforma 106.054 boto sartu zituen zakuan agintari liberalak.

10.000 boto gehituta, Le Pen indartsu

Eskuin-muturrak ez zuen Ipar Euskal Herrian Estatu mailan lorturiko emaitza bezain ona atera. Herri gehienetan botoen %30 langara arribatu zen kasurik onenean.

Izan ere, hauteskundez hauteskunde bere boto kopuruak gora egiten jarraitzen du.

Are, 2022ko bozek zerbait frogatu dutenez hau da: Marine Le Penek boto gehiago irabazi zituen lehen itzulian eta hala eta guztiz ere gaitasuna ukan du lehenengo itzulitik bigarren itzulira bere emaitza nabarmen hobetzeko.

Apirilaren 10ean hirugarrena heldu zen Ipar Euskal Herrian. 29.161 boza eskuratu zituen (%15,67). 12.886 eta 2.876 boto, hurrenen hurren, bildu zituzten Éric Zemmourrek eta Nicolas Dupont-Aignan eskuin muturreko bertze bi hautagaik bere alde egin ondoren boto gehiago bilduko zuela bigarren itzulian aurreikusita zegoen.

Hala ere hiru hautagaitza horiek hamabost egun lehenago lorturiko emaitza (44.923) gainditu zuen eskuin-muturrak apirilaren 23 honetan. Orotara 55.907 boto eskuratu baitzuen Le Penek behin betiko itzulian Euskal Herrian. Hori da bere sapaia berria.

Eskuin-muturraren hautagaia lehena heldu zen ozta ozta Gixunen botoen %50,5 lortuta, Bankan (%51,5), Etxarrin ( %52,6) eta Urrustoi-Larrabilen (%55,4). Mendiben, berriz, emaitza bitxia utzi zuen bigarren itzuliak: Macronek eta Le Penek boto kopuru berdina eskuratu zituztelako: 41 boto patrikatu zuen hautagai bakoitzak.

Le Penek Lapurdiko herri batean baizik ez bazuen irabazi ere, aipaturiko Gixune herrian, Kanbon eta Hazparnen botoen %40k langan kokatu zen.

Jean Lassallen boto-emaileak

Nafarroa Beherean eta Zuberoan lehenengo itzulian emaitza zinez onak egin zituen Jean Lassallek ez zuen boto agindurik eman bigarren itzuliari begira.

Gixunen eta Etxarrin eskuin-muturrak irabazi zuen dagoeneko lehenengo itzulian. Izan ere, Lassalle izan zen lehen itzulian Mendiben boto gehien eskuratu zuen hautagaia. Bankan eta Urrustoi-Larrabilen non RNko buruak garaipena lortu zuen iragan igandean hautagai bozkatuena Jean Lassalle izan zen apirilaren 10eko bozketan.

Sarrikopean, berriz, lau boto aldearekin lehen postuan heldu zen Le Pen -Jean-Luc Melenchon hirugarren arribatu zen- apirilaren 10ean, bigarren itzulian, ordea Macronek irabazi zuen. Eskuin-muturraren presidentegaiak zortzi boto gehiago lortuta Bidaxunen nagusitu zen apirilaren 10ean baitaere. Atzo, hiru puntuko aldearekin Macronek irabazi zuen.

 

EUSKAL HERRIKO DATU GUZTIAK HEMEN: https://presidentzialak2022.naiz.eus/