Maitane Aldanondo

«Kosmetika bizia egiten dugu; ez, sintetikoki egindakoaren modukoa»

Inguruko osagai naturalekin egindako kosmetika lantzen du Bizkaiko Lavandula enpresak. Aisialdian ekin zioten egitasmo honi bi sortzaileek eta lanbide bilakatu dute. Otxandion ekoitzitako produktuak Euskal Herrian saltzen dituzte nagusiki.

Ainara Beobide ubideztarra eta Ainhoa Aranburuzabala oñatiarra dira Lavandula kosmetika enpresaren sortzaile eta arduradunak. Duela 15 urte hasitako bidean 50 produktutik gora ekoitzi dituzte.
Ainara Beobide ubideztarra eta Ainhoa Aranburuzabala oñatiarra dira Lavandula kosmetika enpresaren sortzaile eta arduradunak. Duela 15 urte hasitako bidean 50 produktutik gora ekoitzi dituzte. (LAVANDULA)

Naturala, beganoa, ekologikoa eta bertakoa. Balio horien arabera ekoizten dituzte Ainara Beobide ubideztarrak eta Ainhoa Aranburuzabala oñatiarrak Lavandula kosmetika markaren produktuak. Ofizioa afizio bezala hasi zuten duela 15 urte pasatxo: jolas moduan xaboiak egiteko elkartzen ziren aisialdian. Pisua hartu zuen, eta 2019an Otxandion laborategia ireki eta enpresa sortzea erabaki zuten. 

Elkarri esaten ausartzen ez ziren arren, horretatik bizitzeko gai izango zirela pentsatzen zuten, «amets bat» bezala. 2015ean Aranburuzabalak Beobideri urratsa egitea proposatu zion. «Denboralditxo bat generaman, dirutxo bat ateratzen genuen. Ez nengoen neure lanarekin gustura, 40 urte egin nituen eta niretzat inflexio puntua zen. Orain edo sekula ez».

Bide luzea izan zen ateak zabaldu artekoa. Hiru urte behar izan zituzten informazio guztia jaso eta Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziaren eskakizunak betetzeko. Ikastaro ugari egin dituzte: naturopatia, dermokosmetika, sendabelarrak... Baina ez zuten laborategia irekitzeko Europako araudiak ezarritako ikasketarik; hortaz, kimika ingeniaritza ikasi zuen teknikari bat kontratatu zuten. Hala ere, arduradunak argi utzi nahi du formulazioa eurena dela, teknikariak hura gainbegiratu eta dokumentazioa prestatzen duela Europako Atariari jakinarazi eta horren onespena lortzeko.  

Laborategiko lokala supermerkatu bat zen eta «obra dezentekoa» zuenez, bakoitzak jarritako diruaz gain, mailegu bat eskatu behar izan zuten. Elkargira jo zuten eta %1eko interesa zuena lortu zuten. Horrez gain, zenbait erakunderen laguntza ere izan zuten, ekonomikoa nahiz egin beharreko pausoei buruzkoa.

Enpresa arloari dagokionez, Aranburuzabalaren gurasoek elikagai enpresa txiki bat zuten Arrasaten. Bertan laguntzeaz gain, haren ardura hartu zuen aita erretiratutakoan: beraz, kontabilitate eta trazabilitate kontuak ez ziren berarentzat berriak.

50etik gora produktu

50etik gora produktu dituzte, denak balio batzuen arabera eginak: %100 naturalak eta ahal den neurrian ekologikoak; %98 beganoak (argizaria duten batzuk dira salbuespena). Lehengaiak gertukoak dira: zehazki, Ubidean duten lursail batean sendabelarrak eta landare aromatikoak hazten dituzte. «Kosmetika bizia egiten dugu; ez, sintetikoki makinan egindakoaren modukoa, beti berdina», zehaztu du Aranburuzabalak: «Gure lehengai guztiak begetalak dira eta jasoak izan diren urtaroaren arabera; landare bakoitzaren usaina eta kolorea desberdina izaten da. Beraz, errezeta bera izanda ere, gure krema bat gaur zuria izan daiteke eta hemendik zortzi hilabetera, horia».

Egile kosmetika da beraiena; hasi eta buka, prozesu osoa laborategian egiten dute: ikertu eta garatu, probatu, prestatu, ontziratu, etiketatu eta saldu. Horrela, «kontrolpean» dute, eta horrek «kalitate bermea» ematen diola uste dute: «Edozerekin deitzen bagaituzu, sorreratik azalduko dizugu».  Jendeak eskatzen duenari adi, merkatuko joerei kasu egiten diete eta boladako dauden produktuak euren erara sortzen ahalegintzen dira. Sei-zortzi hilabeteko lana izaten da.

Slow kosmetikaren aldeko joera handitzen ari dela nabari dute: «Sinpleagoa, baina osagai onak dituena». Laborategiko dendan, online eta beraien filosofiarekin bat datozen hainbat saltokitan saltzen dute. Bezeroak batez ere emakumezkoak dira, 30-60 urte artekoak, nagusiki Euskal Herrikoak, baina Estatuko eskariak ere jasotzen hasi dira. Europatik zetozenei ezetz esan diete orain arte, baina bidalketa bideragarri egiten duen agentzia bat topatu berri dute.

Aranburuzabalak aitortu duenez, «ez dakit zer pasatuko den, baina ez naiz damutuko lana utzi eta honekin hasi izanaz. Zaila da, lan asko egin behar da eta biren artean bertigoa ematen du: beldurra, diru asko... Honek buelta eman dezake, baina oso gogobetegarria da». Pandemiaren eraginez bi urte gogor igaro dituzten arren, bueltan jasotzen duten erantzunak indarra ematen die. Eta ametsa zen horretatik bizi dira. «Lehen urtean ez genuen kobratu, badaezpada, bezero gabe hasi ginelako; orain soldatatxoa daukagu eta mailegua ordaintzen ari gara. Pozik gaude, ez gara kexatuko».