«Hil ezazu aita, hil ezazu bertan / Ez baduzu hiltzen, hila zaude / Ez baduzu hiltzen, hilko zaitu berak», dio Hertzainak taldearen «Hil ezazu aita» abestiaren amaierak. Jakina da Sigmund Freudek asmaturiko irudi honek jaio eta hazi diren azken belaunaldiek beren gurasoen babesa hautsi eta aurrerantz egin beharra adierazten duela, modu dramatiko baten egin ere. Edozein arlotan iristen da beti halako erabakiren bat hartzeko unea; erreferente berriak sortzeko unea; irizpide ezberdinei jaramon egitekoa. Eliteko kirolean ere horrela gertatzen da, garai bateko erreferenteak atzean laga behar dira eta berrien eskutik aurrera egin, beti erraza ez bada ere.
Harrigarria baino, neurri baten argigarria da Alex Mumbru eta Txus Vidorretaren artean halako bidegurutze bat sortu dela Bilbao Basketen historian. Kluba 2000. urtean sortu eta gero, 2004an ACB Ligara Vidorretaren eskutik iritsi zen eta beroni esker, batez ere 2007/08 denboraldian emandako gorakaraden ostean, Europan ere sartu zuen Indautxuko entrenatzaileak bere bere etxeko taldea, harik eta 2010eko urtarrilean emaitza txarrak zirela medio dimititu behar izan zuen arte.
Alex Mumbru 2009/10an heldu zenean inork gutxik pentsa zezakeen denborarekin Bilbao Basketen ikur bihurtuko zenik
Kasualitateak dio 2009/2010 denboraldi hartan, besteak beste, Alex Mumbru izeneko hegaleko bat iritsi zela Bilbora. Ez ziren bere jokalari ibilbideko hilabeterik onenak izan Bilbon eman zituen aurreneko horiek Badalonako hegalekoarentzat eta inork gutxik pentsa zezakeen denborarekin Bilbao Basketen ikur bihurtuko zenik Joventuten eta Real Madrilen kamisetak soinean zituela hainbeste txistu eta oihu entzun zituen hark. Zer esanik ez jokalari bizitza amaitu eta gero, Bilbao Basketen entrenatzaile izatera pasako zenik, are gutxiago «beltzezko gizonen» aulkiko buru izaten jarri delarik, berriz ere eliteranzko bidera eramango zuenik talde bilbotarra –Urrezko LEB Ligatik ACB Ligara 2018/19 denboraldian bertan, mailaz jeitsi eta urtebetera– eta elitean egonkortuaraziko zuenik ere, hirugarren urtez jarraian ACB Ligan mantentzea matematikoki bermatu baitu Alex Mumbruk zuzentzen duen Surne Bilbao Basketek.
Egoerak hala bultzatuta, Bilbao Basketek «aita hil zuen» bere sasoian Vidorreta kalera botata –aita gehiago ere joan dira lurpera 2010etik honantz Bilbon, Gorka Arrinda akziodun nagusi ohia barne– eta orain, bere garaian fots Katsikaris izan zen bezala, Alex Mumbru da Bilbao Basketen aulkiko aita... Noizbait besteren baten «hilko» duen arte.
Neurketarik lasaiena
Bilbao Basketen eta Txus Vidorretak zuzentzen duen beste edozein talderen arteko neurketak beti dira bereziak; Indautxukoa, Bilbao Basketen historiari dagokionez hilotz izanagatik, oso bizirik baitago. Dela Freuden ikuspegitik, dela Hertzainaken ikuspuntutik, Txus Vidorreta Bilbora itzultzen denean beti da ezberdina, nahiz eta Miribillako neurketa asteazken buruzuri bateko –asteazken honetako– gaueko 20.00etan jokatzen den.
Alabaina, asteazkeneko neurketa aspaldiko partez oso lasaia izango da, aspaldiko lasaiena. «Trantsiziozko» partida jokatu behar dutela esan liteke, biek ala biek ez baitute larritasunik neurketa honi heltzeko sasoian.
Lau neurketa falta dira ACB Ligako Fase Erregularra amaitzeko eta postuak nahiko finkatuta daude. Surne Bilbao Basketi dagokionez, 14-16 balantzearekin hamargarren postuan dago, jaisteko arrisku txikienik gabe, matematikoki libre baitira Mumbru eta bere gizonak.
Ez dirudi ere play-offetan sartzeko aukera handirik dutenik, nahiz eta parada hori oraindik hor dagoen. Izan ere, Kanaria Handia zortzigarren sailkatuak baino bi garaipen gutxiago ditu talde bizkaitarrak eta puntu aldea bilbotarren aldekoa da. Alegia, matematikek kontrakorik ez dioten bitartean, Bilbao Basketek baduela helbururik denbora eta neurketak pasatzen uztea baino, oso zaila dirudien arren falta diren lau jardunaldieotan bi garaipenen aldea kenduko dionik Alex Mumbruren taldeak Kanaria Handiari, azken honek Eurocupeko kanporaketak buruan, ACB Ligako etxeko lanak ahaztu ditzakeen arren.
Partida honen bezperan pozarren azaldu da Badalonako entrenatzailea. «Maila mantentzea zen gure aurreneko helburua eta nahitaez pozik egoin behar gure egitekoa behar bezala gauzatu dugula ikusita, eta ez iaz bezala, azken orduan», adierazi du. Bere buruan akaso pasa den ikasturtean pasatako kalbarioa egon da, nahiz eta orain agian beste helburu batzuek ere izan ditzakeen.
«Topiko hutsa da ‘partidaz partida’ joan behar dela esatea, baina orain Teneriferi aurre egitea dagokigu –berez Fase Erregularreko hogeita hamabigarren jardunaldiari dagokion neurketa da hau, igande gaueko 20.00etan ere Zaragozan jokatu behar baitu talde bilbotarrak–. Fitipaldo eta Marcelinho Huertasek ezartzen duten erritmoa geratzea tokatuko zaigu, batez ere Shermadinirekin uztaipean eta kanpoaldean jaurtitzaileekin bat egin ez dezaten», laburbildu du entrenatzaile katalanak.
Topikoei ihes egin nahian mintzatu da, bestalde, Ludde Hakanson. Antolatzaile suediarra ere maila mantentzeagatik pozarren azaldu da, iazko ezinegona eta pasatako guztia gogoan, baina era berean «jokalariok goraxeago ere begiratzen dugu», onartu du. «Zaila izango da play-offetan muturrik sartzea, baina ahal bezain beste partida irabazten behintzat saiatuko gara», adierazi du.
Txus Vidorretaren Lenovo Teneriferi dagokionez, berriz, ACB Ligako bosgarren postuan dago 19-11 balantzearekin eta ia eskuan dauka Fase Erregularra aurreneko zortzi postuetan amaitzea. Akaso bere helburua lau onenen artan amaitu eta final-laurdenetan kantxa faktorea alde izatea izango da, iaz erdietsi zuen bezala, ACB Ligako finalerdietan muturra beste behin sartu eta handik aurrera presiorik gabe jokatzeko.
Vidorreta etxean da berriz
Alabaina, San Cristobal de La Lagunan erroturiko taldeak akaso burua Miribillan izango du, baina ez asteazkeneko neurketan. Jakina da Txus Vidorretaren taldea FIBAren Basketball Champions Leagueko Lauko Finalerako sailkatu dela, maiatzaren 6tik 8ra Bilbon jokatuko den FIBA BCL delakoaren Lauko Finalerako, alegia.
Esan gabe doa bere garaian Bilbao Basketek «hil» bazuen ere, jarraitzaile batek baino gehiagok Teneriferen alde egingo duela
Irabaziz gero, ez luke txapelketa hau Tenerifeko taldeak aurrenekoz eramango, baina zalantzarik ez dago Txus Vidorretari ilusioa egingo liokeela etxean bertan irabazteak. Eta esan gabe doa, bere garaian Bilbao Basketek «hil» bazuen ere, jarraitzaile batek eta bik baino gehiagok Teneriferen alde egingo dutela, Txus Vidorretaren alde egite hutsagatik.
ACB Ligari dagokionez, Indautxuko entrenatzaileak «Apirileko Entrenatzaile Onenaren» saria eskuratu berri du. Hilabetean zehar lortutako emaitzen arabera banatzen dira sari hauek eta Lenovo Tenerifek apirilean orain arte jokatu dituen bost neurketetatik lau irabazi ditu, beste inork baino gehiago. Esaterako, Saski Baskoniak zein Bilbao Basketek hiru garaipen erdietsi dituzte apirilean eta bi porrot jasan.
Ez da hau aurten Indautxuko entrenatzaileak jaso duen mote honetako aurreneko saria, otsailean ere «Entrenatzaile Onena» izendatu baitzuen ACB Ligak.
Huertas faktorea
Dagoeneko 39 urte ditu Marcelinho Huertasek eta sekulako denboraldia egiten ari da. Txus Vidorreta zelarik «beltzezko gizonen» aulkiaren «aita», Marcelinho Huertasek eta biek bat egitea ezinbestekoa izan zen talde bilbotarrak gorantz egin zezan. Aspaldiko kontua dirudi 2007/08 denboraldiak, baina orduan iritsi zen Badalonatik Sao Pauloko antolatzailea. Joventutek utzi egin zion talde bizkaitarrari, Ricky Rubio eta Demond Malleten aldeko hautua egin baitzuen orduko hartan Aito Garcia Reneses handiak zuzentzen zuen taldeak. Ezin esan katalanei gaizki atera zitzaienik apustua, Kopa eta ULEB Cup delakoa –egungo Eurocupa– irabazi baitzuten, besteak beste, baina Huertasi –eta Vidorretari– mesede galanta egin zion Bilbon pasatako urte hark.
Vidorretari ez bezala, agian Huertasi txistuak entzutea egokituko zaio, baina brasildarrak Bilbao Basketen historian suposatu zuen kalitate jauzia inork ez du zalantzan jartzen
Antolatzaile «eroa, erdi kokoloa» izateko ospea zuen Sao Pauloko «armadoreak», baina Vidorretaren aginduetara jartzearekin batera zerbait aldatu zen Huertasengan: abiadura handian jokatzen jarraitzen zuen baina askoz erabaki zuzenagoak hartzen hasi zen. Bere eskutik, bilbotarrek Superkopako finala jokatu zuten BECeko Bizkaia Arenan –Neven Spahijaren Baskoniaren aurka galdu zuten–, Kopako finalerdietara iritsi ziren –Baskoniak kanporatu zituen orduan ere, baina latz sufrituta eta Huertas berak min hartuta, aurrez final-laurdenetan Dusko Ivanovicen Bartzelona kanporatu eta gero–, eta ACB Ligako final-laurdenetan kanporatu zituen Bartzelonak.
Ez zuen Bilbon jarraitu nahi izan eta Vidorretari ez bezala, agian Huertasi txistuak entzutea egokituko zaio, baina brasildarrak Bilbao Basketen historian suposatu zuen kalitate jauzia inork ere ez du zalantzan jartzen.
«Huertas eta Fitipaldoren eskutik, buruz eta begiak itxita jokatzen dute. Halako taldeak oso arriskutsuak dira», onardu du Ludde Hakansonek bezperako prentsaurrekoan.
Izan ere, errespetua merezi dute bai Txus Vidorretak, bai Marcelinho Huertasek eta baita, noski, bien artean eraki duten Lenovo Tenerifek ere. Aspaldi «hil zuen aita» Bilbao Basketek, baina «hilotz» hau oraindik bizi-bizirik dago.