Alaia Sierra

Laneko prebentzio neurriak bermatzea eskatu du gehiengo sindikalak Bilbon eta Iruñean

Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunean, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuak lanean prebentzio neurriak betetzen direla ziurtatzearen alde mobilizatu dira Bilbon eta Iruñean. Lan ezbeharren kopuruaren igoera «kezkagarria» ere salatu dute.

Sindikatuek laneko segurtasun eta osasunaren alde egindako manifestazioa eta hildakoei omenaldia.
Sindikatuek laneko segurtasun eta osasunaren alde egindako manifestazioa eta hildakoei omenaldia. (Monika DEL VALLE | FOKU)

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek manifestazioa egin dute Bilbon eta Iruñean patronalak lanean segurtasuna berma dezan aldarrikatzeko. Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunean, iaz eta aurten hildako 88 langileak omendu dituzte eta prebentzio neurriak betetzerako orduan mutualitateen «jardunbide txarra» salatu dute.

Lourdes Eraso LAB sindikatuko Laneko Osasun Arduradunak azpimarratu duenez, «lantokietan ez dugu osasun eskubidea bermatuta, ezta lanetik etxera bizirik bueltatuko garen ere». Horren adierazgarri gisa, iaz hildako 68 langileak eta aurtengo 20ak gogorarazi ditu, laneko gaixotasun erregistro «eskandalgarriaz» gain. Gaineratu duenez, Hego Euskal Herrian 17 pertsona hil dira amiantoarekin lotutako gaixotasunak direla eta.

Gaixotasunen inguruan, Leire Heredia ELAko Laneko Segurtasun eta Osasun saileko kideak datuak ez direla ondo erregistratzen salatu du eta, bestalde, hildakoen zenbateko horrekin segurtasun neurriak ez bermatzea «aberraziotzat» jo du.

Sindikatuen arabera, lan istripuak «arazo estrukturalak dira eta ez dira berez gertatzen». Gainera, 2021ean lan ezbeharren kopurua EAEn %10,2an eta Nafarroan %16,7an igo zela gogoratu dute. Erasoren hitzetan, «prebentzio neurriak ez dira kontrolatzen eta horren erruduna patronala da, instituzioek beste alde batera begiratzen duten bitartean».

Egoera horren aurrean, sindikatuetako bi ordezkariek nabarmendu dutenez, «inork ez duenez istripuen eta osasun arazoen ardura bere gain hartzen, mobilizatzen jarraituko dugu langile klasearen osasun hobearen alde».