NAIZ

45.000 abelburu igoko dituzte igandean Gipuzkoako mendietara

Foru Aldundiak uste du baserritarrek pandemia eta gerratearen ondorioei aurre egiten laguntzen dutela euren produktuak ekoiztean. Era berean, azaldu du abeltzainek euren abereekin lurraldeko larreak zaintzen dituztela. Euren esku utziko dituzte 32 larre, neguraino ustiatu ditzazten.

Behi bat Aralarren.
Behi bat Aralarren.

Urtero legez, maiatzaren 1ean zabalduko dira Gipuzkoako eskualde eta bailara ezberdinetako mendietako larreak. Aldunditik helarazi dutenez, aurtengoan 616 abeltzainek –iaz baino 13 gehiagok–  44.995 abelburu igoko dituzte larreetara; 38.101 ardiren, 3.265 behiren, 3.068 zaldi eta behorren eta 561 ahuntzen igoera onartu da.

«Abeltzainak ezinbesteko ditugu, Gipuzkoako mendiko larreak eta paisaiak zaintzeaz gain, bertako animalia arrazak mantendu eta kalitate bikaineko bertako produktuak ekoizten baitituzte», adierazi du Arantxa Ariztimuño, Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendariak. Izan ere, «Gipuzkoan baserritarrei esker natur inguruneak bizirik jarraitzen dute eta KM0 merkatu sendo bat dugu, pandemia eta gerratearen ondorioz sorturiko krisialdiari aurre egiten laguntzen gaituena». Hori horrela, Ariztimuñok gizarteari ere bertakoa balorean jarri eta Gipuzkoako produktuak kontsumitzeko deia egin dio, «lehen sektore osasuntsu bat izatea herritar guztion onurarako baita».

Foru Aldundiak argi du mendietako larreak txukun eta egoera onean mantentzeko ezinbestekoa dela abeltzainen lana. Hori dela eta, foru erakundeak ganaduzaleen eskura uzten ditu urtero larreak, eta hauek, beraien abereak eramanaz zaindu eta kudeatu egiten dituzte. «Planetaren ongizatearen ikuspegitik, gainera, ingurumenarekiko oreka gauzatzeko ezinbesteko eragilea da gure abeltzaintza. Izan ere, naturarekin bat eginda milaka urteetan zehar garaturiko bertako ekoizpenari esker, mundu mailako hainbat arazoei aurre egiteko alea jartzen baita. Hala, urrutitik ekarritakoa beharrean, gure larreetan elikaturiko produktuak kontsumituz, kutsadura gutxitu, klima aldaketari aurre egin, eta, oro har, aztarna ekologikoa murrizteko bidean geundeke», azaldu du Ariztimuñok.

Abeltzainen sindikatuek, berriz, kexak dituzte urte osoan izandako kudeaketarekin eta, horregatik, iragarri zuten ez direla larreen irekierara joango. «Ganadua mendira igotzen duten abeltzainek, bertan lan egin eta bizi direnek, ez dute ezer ospatzeko», adierazi zuten protestaren berri eman zutenean, eta esan zuten Enirio-Aralar Mankomunitateak «jai honekin urtean zehar egin ez duena ezkutatu» nahi duela bere «jarduerarik eza justifikatzeko, gizarte osoaren aurrean normaltasun itxura emanez».

Lurraldeko mendietako 32 larre zabalduko dira denera: Ataungo Marumendi, Oñatiko Aloña, Mutiloako Aizpuru, Aralar, Errenteriako Añarbe, Azpeitiako Izarraitz, Aiako Harria, eta Lezo, Pasaia eta Hondarribiko Jaizkibel mendiak, besteak beste. Abereak larreetan izango dira udazken amaiera edo negura arte, eguraldiaren arabera.