NAIZ

Kapela Egunarekin berotuko dute Aste Nagusia Bilboko Konpartsek, maiatzaren 14an

Bilboko Konpartsen federazioak Kapela Eguna izeneko festa antolatuko du maiatzaren 14an, Zazpi Kaleetan. Horren bidez, beste bilbotar denekin batera ospatuko dute 100 bat egun faltako direla Aste Nagusirako, azoka, dantzak, tailerrak, musika eta kantuekin.

Kapela Eguna aurkeztu dute Bilboko Konpartsek.
Kapela Eguna aurkeztu dute Bilboko Konpartsek. (Bilboko Konpartsak)

Bilboko Konpartsen federazioaren ordezkari diren Nerea Matutek eta Ioritz Varonak ‘Kapela Eguna’ ekimen berria aurkeztu dute Bizkaiko hiriburuko Plaza Barrian ostiral goiz honetan. Gogoratu dute, urte hasieran aurreratu zuten moduan, Bilboko konpartsen asmoa dela aurten «irria eta poza berreskuratzeko ekarpen ahalik eta handiena egitea, azken bi urteotako egoera ilunari buelta emateko».

Bide horretan, Aste Nagusirako 100 bat egun faltako direla ospatuko dute maiatzaren 14an Kapela Egunaren bitartez: «erreferentziazko elementu moduan aukeratu dugu, eskuratzeko eta janzteko erraza delako eta ‘baziloia’ delako, jai girokoa. Parte hartuko duten bilbotar denek nork bere gustuko kapela, txapel edo txanoa aukeratu eta kalera atera ahal izango dute, prestatutako egitarauarekin gozatzera».

Goizean, Kapela Tour batekin hasiko dute eguna, udaletxetik egingo duten ibilbidearekin. Goiz osoan zehar, 11.00etatik 14.00etara, Kapela azoka izango da Plaza Barrian; leku berean izango dira ere hurrenez hurren txapelgintza tailerra, 11.00etan, eta Kapela Lehiaketa, 12.00etatik 13.00etara; sariak banatuko dira ondoren. Bitartean, dantza-plaza izango da.

14.00etan kalejira izango da fanfarrearekin Zazpi Kaleak girotzeko eta, arratsaldean, Kapela-poteo musikatua izango da Unamunotik abiatuta. Amaitzeko, 19.30ean, kapeladun Bilbo Kantari berezia izango da, Bolsatik abiatuta.

«Konpartsok gogotsu gaude eta parte hartzeko gonbita luzatzen dizuegu bilbotar guztioi, zuen koadrilla edo familian kapela jantzita: hartu etxetik edukiko duzuen kapela, txapel edo txanoren bat, edo erosi aspaldi gogoan duzuen hori, eta anima zaitezte ospatzera Aste Nagusirako 100 egun bakarrik falta direla. Badator Marijaia!», nabarmendu duteMatutek eta Varonak

Bilboko Konpartsek antolatutako Kapela Egunaren egitaraua.