Andoni Urbistondo
Elkarrizketa
Kepa Diegez Barahona
Irakasle eta filologoa

«6.000 eguraldi-berba ditu euskarak; itzela da»

Euskarak milaka hitz dauzka egunero eguraldiari janzteko. Tesia egin du hitz horien inguruan Diegezek eta sei milatik gora bildu ditu. Eguraldia egunerokoa da eta eragin egiten digu; horregatik hainbeste modu zorrotz eta dotore eguraldiaren xehetasunak izendatzeko.

Kepa Diegez Barahona.
Kepa Diegez Barahona. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Eguraldi-zaletasunak eta euskararekin duen harreman sakonak eraman zuten Kepa Diegez bilbotarra euskarazko eguraldi berben inguruko tesia egitera. Hiztegi oparoa du euskarak, berba benetan berezi eta interesgarriez josia. Eguraldia gure arbasoentzat funtsezkoa izan zen seinale. Ondare hori babestu eta gorde nahi luke irakasleak nolabait, etorkizunari begira.

Euskarazko eguraldi berben inguruko tesia egin eta gainditu zenuen iazko urrian.

Datu basea betetzen jarraitzen dut orduz geroztik, ez pentsa. 6.026 berba dira denera, baina tesian 4.200 aztertu ditut, hamaika fenomeno meteorologikotan banatuta. Ez dut helburu didaktikorik izan, tesi bat egin dut, eta polita litzateke lan honek segida izatea.

Filologoa eta kazetaria zara ikasketaz, irakaslea lanbidez, eta eguraldi-zale handia ere bai.

Bai, noski. Txikitatik izan naiz eguraldi-zalea, baina eguraldi txarraren zalea. Alegia, elurra, erauntsiak, haizeteak eta beste. Bilbo Handikoa izanda, areago, hemen elurra gero eta urriagoa baita. Eguraldi iragarle hainbat jarraitu izan ditut: Euskalmet-ekoak, GARA egunkarian Joxe Landak egiten dituenak –zoragarriak bide batez–. Andoni Aizpururenak ere atseginez entzuten ditut, eta gaztelaniaz ere bai.

Euskara jasoan iragartzen al da eguraldia gurean?

Euskalmet-ek egiten dituen euskarazko iragarpenak ez dira oso politak. Meteorologia kutsu handiegia dute, eta herriko euskara, apala. Itzulpenetara jotzen dutela esango nuke, erdarazko terminoak erabiltzeko joerarekin, salbuespenak salbuespen. Eurekin harremanetan jarri izan naiz, tesiaren harira eta beste, baina ez didate arreta handirik eskaintzen. Herri lexikoak meteorologia lexikoari garatzen lagundu liezaioke, baina, antza denez, Euskalmet-en ez dago herri lexikoarekiko grina handirik. Gure eguraldi lexikoa ez dutela ezagutzen esango nuke. Adibide garbiena hau da: “zerua urdin” egongo dela esaten dute etengabe, baina zeruak ez dauka kolorerik; “oskarbi egongo da” esan beharko litzateke.

Bidali nion tesia Jose Antonio Aranda Euskalmet-eko arduradunari. Begiratuko zuela esan zidan, oso interesgarria zela ere esan zidan, baina orain arte. Sarri Euskal Herritik kanpokoak direnek arreta handiagoa eskaintzen didate; Jose Miguel Viñas dibulgatzaile espainiarrak, esaterako. Harreman handia dut berarekin, artikulu bat ere idatzi nuen gazteleraz haren blogerako: ‘Estudio del léxico popular meteorológico vasco’. Euskararekin eta meteorologiarekin zeharo harrituta dago.

Zergatik dauka eguraldiak euskararengan halako indarra, garrantzia?

Gure egunerokoan eragiten digulako. Baserritarrak, nekazariak, arrantzaleak… Behin esan nuen antzina baserri bakoitza behatoki bat izango zela: barazkiak, ardiak… Herri jakinduria sortu zen, eta dena kulturari lotuta dago. Metaforen bidez, metonimien bidez… Termino batek arrakasta izateko komunitateak erabili, onartu behar du. Hala ez bada, ez doa aurrera.

Beharra izango zuten, noski, baina 6.000 berba sortzea marka da gero…

Oso irudimentsuak gara. Hizkera bakoitzak bere lexikoa sortu du, horren beharra zegoelako. Beharrak ekarri du halako meteorologia, eguraldi hizkuntza aberatsa sortzea. Euskalkien arabera, hitz ezberdinak dira, baina funtsean esanahi bera duten hitzak.

Zer esaten dizute zure tesia gertutik jarraitu duten adituek, euskarak 6000 eguraldi berba dituela jabetzen direnean?

Jose Manuel Viñas dibulgatzailea, esaterako, zurtz eginda dago. Dena den, ez dago kopuru hori handia edo txikia den jakiteko neurgailurik. Esan nahi dut nirearen pareko ikerketarik ez dagoela munduan, nik dakidala behintzat. Alor batzuetan egin dira ikerketak, inuit-en hizkuntzan elurrarekin, adibidez. Ginea Berrian aritu zen Ingalaterrako Durham unibertsitateko antropologo bat, Paul Sillitoe, bertako eguraldia ikertzen, eguraldiak bertako tribuentzat sekulako garrantzia zuelako. Antropologia ikuspuntutik egin zuen ikerketa. Neuk egindako ikerlanaren parekorik ez dagoela esango nuke.

Tesia egitea erabaki zenuen, eta egindako lana sekulakoa izan da. Nondik hasi zinen?

Azkueren hiztegia hustu nuen aurrena: eguraldiari lotutako hitzak, mila berba pasa. Gero tesia egiteko aukera aipatu zuen norbaitek, eta hasi nintzen, pixkanaka, hitzak biltzen. Ikerketa lanak zer dimentsio zeukan jabetu nintzen orduan: antropologia kognitiboari buruz, meteorologiari buruz irakurri beharra zegoen, jakintza askotako ikerlanak... Eta bide guztia norberak egin beharra. Gotzon Aurrekoetxea nire tesi zuzendariak asko lagundu zidan, berak haizearen inguruko termino guztiak hustuta eta sailkatuta zituelako Euskaltzaindiko Euskararen Herri Hizkeren Atlasetik (EHHA). Gotzon Aurrekoetxea dialektologoa da, munduko adituenetakoa alor horretan. Nahi gabe hasten zara, lotzen joan, eta gero lana, pasioa eta inspirazioa gehitu behar dizkiozu borborka.

Nola egin duzu ikerkuntza? Jendearekin elkartu zara? Inkestak egin?

Hasieran inkestak egin nituen. Ez zen erraza izan: bilbotarra naiz, euskaraz, eta eguraldi berbei buruz galdetzen… Internet etorri zenean lana asko erraztu zen. Euskaltzaindia ere oso lagungarria izan da: Jean Haritxelar zenaren baimenarekin, eguraldiari buruzko Atlas Linguistikoa ikuskatzeko aukera eman zidaten, eurek argitaratu aurretik. Balio handikoa izan zen hori. Herri lexikoko hitz asko jasotzen dira tesian. Berbaren bat bi herritan, bi euskalkitan erabiltzen zela ikusten banuen, ontzat ematen nuen. Etnomet bloga ere garrantzitsua izan da.

Zer da Etnomet?

700 sarrera pasa dauzkan eguraldi berbei buruzko bloga. Hainbat ekarpen jaso ditu: Anjel Lertxundirena, esaterako; Zarautzen erabiltzen ziren bizpahiru hitz. Gaur egun noizean behin idazten dut, 700 sarrerekin ez baita erraza gai berriren bati buruz idaztea.

Iazko urrian defendatu zenuen tesia. Zer esan zizun epaimahaiak?

Zeuk egindako galdera berberak egin zizkidaten. 35 minutu neuzkan azalpenak emateko, eta ordubete neramanean bukatu behar nuela esan zidaten. Ondoren bi ordu eman zituzten galderak egiten, metodologiari buruz, berben sailkapenaz… Xehetasun asko eskatu zizkidaten. Hitz hau, bestea… Neure tesia neraman nirekin, eta han ibili nintzen gauzak azaltzen. Gertatzen da sarri, tesietan, epaimahaikideak tesia aurkezten duena baino jakintsuagoak direla erakusten saiatzea, katedradunak eta beste direlako. Oso jende jatorra izan zen.

6.000 berba aipatu dituzu. Zenbat erabiltzen dira egunerokoan?

Kuantifikatzea oso zaila da. Eta erabiltzen direnak, ahoz. Euskalkietan eta nahiko bizi daudela esango nuke. Uribe Kosta eskualdean bertako euskara nahiko galduta dago, baina ezagutzen ditut pertsonak, eguraldiaz mintzo, bertako hitzak erabiltzen dituztenak. Hitz asko galdu egingo ziren, baina jasota daude. Datu bat emate aldera, jaso ditudan berben %70-edo erabiltzen direla esango nuke. Sentsazioa da, ez egitatea.

Zeure lanaren berri ematen al duzu eskoletan, eguraldiari buruzko jardunaldietan...?

Pentsatu izan dut interesgarria litzatekeela ikastetxeetan, edo herri jakin batera joan eta hango eguraldi berbei buruz mintzatzea bertakoekin. Euskaltegiko irakaslea naiz, artikuluak ere idazten ditut, Iberba proiektuan ere sartuta nago, herri lexikoa zabaltzeko asmotan… Hainbat gauza ditut buruan. Tesia osatutakoan ere hainbat gauza utzi nituen kanpoan, 500 orrikoa izan behar zuelako gehienez, eta nik mila orri pasako tesia osatu nuen. Materiala hor dago, ikusiko dugu. Egitasmoren bat sortzea litzateke kontua, baina denbora ere behar da.

Sare sozialetan, behintzat, eguraldi kontuek jarraipen handia dute.

Eguneroko hizpidea da. Eragiten digu, denean. Zer esan ez dakizu, eta eguraldiaz hitz egiten hasten zara. Gero denok ditugu eguraldi aplikazioak sakelakoan.

Meteorologia ikasketak gaztelaniaz eta frantsesez bakarrik egin daitezke. Zerbait egin al daiteke alor horretan?

Neuk terminologia osatzeko laguntza eman nezake. Fisika ikasketak euskaraz egin daitezke, baina ez da gauza bera. Nire ikerlanek lagun diezaiokete meteorologiari zientzia bezala lexikoa garatzen, herri ikuspegia txertatuz ikuspegi zientifikoan. Zergatik asmatzen dira hitzak, bertan hitzak baditugu? Eguraldi hiztegi proiektua osatuta daukat. Egokitzapen batzuk egin beharko lirateke, baina argitaratzeko moduan dago. Aitzin solasa, gainera, Pello Zabalarena da. Beti esaten nion hari: doktorea zara, doktorea eta dotorea. Ikaragarria. Inoiz argitaratuko da agian, baina ezin diot denari heldu. Lan didaktikoa oso erakargarria da, baina erraza ez. Esaterako, euriaren inguruan 1.100 berba daude euskaraz. Itzela da! Horiek ezagutaraztea ez al litzateke polita?

Berbak aipatuz, zeuri arreta eman dizuten asko izango dira, noski.

Bai, nola ez bada. Otsailean edo urtarrilean bota zuen elurtetxo batean, “gilboka” edo “zilboka” hitza aipatu nuen, eta Maite Goñi-k zabaldu zuen twitter sare sozialean, eguneko hitza aukeratuz. “Txotor/ txondor” hitza ere berezia da. Elur pinporta da, pikorta, bolatxoa. Uribe Kostan “txotor (txondor)” elur mota bati esaten diogu. Txingorra ezberdina da, ez da elurra, izotza baizik. Beste bat, oskarbi dauden egunak, eta bat-batean laino solte bat ageri da. Horrek ere badu izena: “laparra”. “Ziplei” izena ere badu.

Eta zure berba gustukoenak? Ahal baduzu, dozena erdi bat- edo…

Kazetari guztiek galdetzen didazue gauza bera. “Laparra” esan dut, hori bat. Nafarroari keinu bat eginez, “bagurrina” esango dut. Ziertzoa da, ipar-mendebaldeko haizea. “Ipar gorria” ere esaten zaio Erronkari aldean, adibidez. “Bagurrin” hitza elkarketa eta metafora da, aldi berean. Pagoek ateratzen duten usaina da “urrina”, haizeak pagadia zeharkatzen duenean sortzen dena. Guztiz kulturala da hitz hori, ederra. “Abraizea” ere oso gustuko dut, Abrara iristen den ipar-mendebal haizea. Zegama aldean “Jakaizea” erabiltzen dute. Nondik sortu ote den hitz hori… Ekialdeko haizea da. Akaso Jakan XIV. mendean euskaraz hitz egiten zelako? Euskaldunen oroimenean geratu den hitza ote da? “Erruso haizea” ere erabiltzen da, Oñati aldean, frantziparra adierazteko. “Aldaizea” berba ere oso polita da, Pello Zabalak askotan erabiltzen zuena. Sargoria baino gehiago adierazten duen berba ere ezagutzen dut. Beroa jasanezina denean “txangota” esaten zaio, azentua lehen silaban. 40 gradutik gorako beroa adierazten duen berba da. Loiu eta Txorierri aldean erabiltzen da. Eguzkiari deitzeko moduak ere politak dira. Andrazkoa izan da beti eguzkia, baina maskulinizatu da denborarekin. Ipar Euskal Herriko zenbait herritan “Eñaut” edo “Iñaut” esaten diote, eta Luzaiden “Manez”. Belarrietan mina ematen dit eguzkiari “Lorentzo” esateak, asimilazio hutsa delako. Asimilazio kulturalak egiteko joera oso agerikoa da, baina iraultzaile puntu bat izan beharko genuke lexikoaren arloan, geureari eutsi, lexikoari eutsiz gure kulturari eusten diogulako. Gure arbasoek sortutako altxorra da.

Arriskurik ba ote dago berba hauek indarra galtzeko? Desagertzeko? Batez ere gero eta hiritarragoak garelako.

Zientifikoki ezer ez da galtzen, bilakaera bat izaten du. Baina egia da, bai, lexikoaren zati bat galtzen ari dela. %10 edo, eta gehiago galduko da. Pasadizo bat aipatze aldera. Lagun batek esana: bere alabak kazkabarrari “granizoa” esan ziola. Asaldatu egin zen. Kultura asimilazioa da. Tradiziorik gabeko berbaren bat entzuten dudanean asaldatu egiten naiz neu ere. Eguraldi berbetan, eta beste alor guztietan gertatzen da hau. Lexikoa urrituz doa, baina era berean garatzen. Nola garatzen da? Maileguen bidez, modu errazenean. Batzuetan egokituta, eta besteetan egokitu gabe. Horrek ondarezko berbak galtzea dakar, eta horrekin, gure kulturari lotuta dauden berbak galtzen dira. Maileguak ez dira txarrak, baina neurrian erabili beharko lirateke. Nire tesiaren euskarri sendoena lexikoa eta kulturaren arteko harremana da, gure kultura ondoen lexikoan islatzen baita, eta bereziki eguraldi lexikoan.