Aurtengoa bezalako Buruz Buruko gogor batean sufritzen jakiteak aparteko garrantzia izango duela dirudi eta horretan behintzat Iñaki Artolak ondo moldatzen dela erakutsi du Oiartzunen, bi zati oso desberdin izan dituen partidan Beñat Rezustari 22-13 gailenduta. Emaitza honekin, alegiarrak oso bizirik jarraitzen du eta egungo txapeldun ordea aurrera egiteko ia aukerarik gabe geratu da.
Partida gehienek izaten dituzte partida txikiagoak bere baitan eta ligaxkako bigarren jardunaldia ireki duen lehiak bi zati oso desberdin izan ditu. Lehengo erdi horretan Beñat Rezusta aise nagusitu da, lehen atsedenaldi luzera bost tantotako aldearekin helduz (12-7). Aurreko astean izan ez zuen patxadarekin, bergararra fresko ikusi dugu, pilota gehienak gozatu eta piloteoan bere eskuina sartzerik izan ez duen Artolari nabarmen nagusituz. Jokaldiak amaitzerako orduan ere, kuraiaz gain, eraginkortasuna ere izan du eta partida eskuetan zuela zirudien zenbait unetan.
Hortzak estuturik
Baina une zail horietan sufritzen asmatu du Iñaki Artolak, bere buruan sinistu eta partidari itsasten asmatu du, bere unearen zain. Eta bere momentua aldageletatik bueltan etorri da. Bi paretako batekin berreskuratu du sakea eta eta hortik etorri da Baikokoaren susperraldiaren zati handi bat. Astelehenean Zumaian bezala, ordura arte ezer gutxi asmatu du lehen pilotakadarekin, baina pixkanaka pareta bilatzen hasi da eta zalantzak sortu dizkio aurkariari.
Pilotei gertatu zaien bezala, Rezustari ere partida hasieran erakutsi duen distira agortzen joan zaio eta partida errotik aldatu da. Atzelariak ez du piloteoan nagusitzerik izan eta sake-errematean ere eraginkor arituz, 11-0eko partzial batekin partida bere aldera ekarri du alegiarrak. Bere burua markagailuan atzetik ikusita, Rezustak ere hasieran erakutsi duen patxada galdu eta zenbait erabaki hartzerakoan akatsak egin ditu eta erraztasunak eman dizkio txapelketan oso bizirik jarraitzen duen Artolari.
FITXA TEKNIKOA
Rezusta: 13
Artola: 22
Pilotakadak: 246. Iraupena: 56,36 minutu. Markagailua: 3-0, 3-2, 4-2, 4-3, 5-3, 5-4, 7-4, 7-5, 8-5, 8-6, 10-6, 10-7, 12-7, 12-18, 13-18, 13-22. Sakeak: 1 (falta 1) Rezustak eta 5 Artolak. Egindakoak: 12 Rezustak eta 10 Artolak. Galdutakoak: 6 Rezustak eta 0 Artolak. Gorabeherak: Sarera erdia Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan. Jokin Etxaniz aritu da Rezustaren botilero lanetan eta Mikel Artola Iñaki anaiarekin.