Iraide Ibarrondo

Emakume migratzaile eta arrazializatuak dira Lisipe bildumako azken zenbakiko erreferenteak

Euskal Herriko Bilgune Feministak eta Emaginek Lisipe bildumako hamaikagarren zenbakia argitaratu dute: ‘Araka ditzagun gure bazterrak’. Zenbaki hau osatzeko emakume migratzaile eta arrazializatuak hartu dituzte erreferentzia gisa.

Lisipe bildumako zenbaki berria aurkeztu dute Euskal Herriko Bilgune Feministak eta Emaginek: ‘Araka ditzagun gure bazterrak’
Lisipe bildumako zenbaki berria aurkeztu dute Euskal Herriko Bilgune Feministak eta Emaginek: ‘Araka ditzagun gure bazterrak’ (Andoni CANELLADA | FOKU)

Euskal Herriko Bilgune Feministak eta Emaginek astelehen honetan aurkeztu dute Donostian Lisipe bildumako azken argitalpena: ‘Araka ditzagun gure bazterrak’. Hamaikagarren zenbaki honetan, eragile feministek hausnarketak, ekimenak eta proposamenak «kokaleku zuritik» aldendu nahi izan dituztela azaldu dute, «botere posizio hori birpentsatzeko eta desplazatzeko ariketa kolektiboa» eginez eta «konpa migratzaile eta arrazializatuak» erreferentzia gisa hartuz.

Hausnarketak kokaleku zuritik eta mendebaldarretik desplazatzeak «kontraesanak eta deserosotasunak» eragin dizkietela aitortu dute idazleek, gai honen inguruan mintzatzeko kokaleku egokia hartzea erraza ez dela argudiatuz. Alabaina, saiakera hau «umiltasunetik» idatzi dutela adierazi dute, «dena entzuteko eta dena ikasteko daukagula jakitun, arrazakeriak eta kolonialismoak eragindako biolentzia ez baititugu lehen lerrotik pairatu liburu hau idatzi dugun kideok».

«Liburu honetan azaltzen dena hausnarketa kolektibo baten isla da, eta erantzunak baino, galderaz betetako maleta dakargu», aurreratu dute. Izan ere, zenbaki honen ardatz nagusiak arrazakeria eta dekolonialismoa izanik, ildo horretatik gorpuztu dira itaun gehienak: «Zein da arrazakeriaren aurkako borrokan egin behar dugun ekarpena? Zer da emakume zuri euskaldunoi ez dagokiguna? Nolako zubi edo aliantzak eraiki behar ditugu feminismoan emakume migratzaile eta arrazializatuekin? Zeintzuk dira herri ukatu bezala ditugun erronkak? Nolakoa izango litzateke Euskal Herri dekoloniala?».

Galdera hauek guztiek interpelazio zuzen batetik jaio direla esplikatu dute Euskal Herriko Bilgune Feministak eta Emaginek: «Emakume migratu eta arrazializatu asko espazio propioetan antolatu dira, ez mistoetan, eta ikuspegi zein praktika dekolonialaren beharra mahaigaineratu dute behin eta berriro. Emakume euskaldun eta zuriok interpelatu gaituzte hainbat gaiez ohartarazteko, besteak beste, erakundeetako arrazakeriaz, zuri gisa ditugun pribilegioez eta tutoretzarik gabeko aliantza feministen urgentziazko premiaz».

Liburuaren egiturari dagokionez, hasteko, EHko Bilgune Feministaren eta Emaginen ibilbideari buruz hitz egiten duen sarrera bat dago, irakurleari bi eragile hauek nondik hitz egiten duten kokatzeko batik bat. Jarraian, ‘klak’ deritzotenak egongo lirateke. ‘Klak’-ak EHko Bilgune Feministako zein Emagineko kideei zenbait egoerak eragin dizkieten haustura momentuak izango lirateke, hau da, interpelazioak eta ohartze uneak.

Ondoren, ‘klak’ horiek sorrarazitako «deserosotasun edo jakin-minagatik» egindako bilaketak zerrendatu eta garatu dituzte egileek. Jarraian, duela bi urte egindako topaketa feminista eta abertzaleen kronika «oso osatu bat» dagoela jakinarazi dute eta, bukatzeko, aurrera begira dituzten erronkak eta lehentasunak plazaratuz eman diote itxiera liburuari.

‘Klak’

Ale berri honen aurkezpen ekitaldia amaitzeko, liburuan jaso dituzten ‘klak’ kolektibo zein indibidual batzuk irakurri dituzte Emagin eta EHko Bilgune Feministako kideek.

«Zenbat feminista ez zuri eta ez europar ezagutzen genituen galdetu ziguten, eta denon artean, 20 kide inguru ginen, ez ginen heldu hamar izen esatera», esan dute erreferenteen aferan.

Euskal Herritik kanpo bizitako egoeretan, dela Erasmus edo dela brigadetan, ondoko pasartea bizi zuen mugimendu feministako kide batek: «Julieta Paredes feminista komunitarioarekin solasaldia izan genuen eta nahiko modu zuzenean jakinarazi zigun ez zela eroso sentitzen feminista europar zuriekin hitz egiten. Gure feminismoak ez zituela haiek ordezkatzen. Momentu horretan ez nuen ulertzen esan nahi ziguna, guk euskaldun zapaldutzat baikenuen gure burua, eta azaldu nahi genion gu ez ginela besteak bezalakoak. Egun horretan amorruz irten ginen eta amorru horrek denbora luzez iraun zidan. Gerora ulertu nituen bere hitzak eta begiak ireki zizkidan».

Hori horrela, kontraesan edo ‘klak’ esanguratsuenetako bat herrien arteko zapalkuntzan gorpuztu dela ondorioztatu dute. «Nola herri bezala, euskaldun bezala, zapalduak izan garen baina gero beste herri batzuk zapaltzen ditugun», esplikatu dute.