NAIZ

Azkarateko Herriko Etxeak Ainciburu familiaren ondasunaz jabetzeko nahikeria berretsi du

Bertan ez bada bizi ere, Ainciburu familiak ondasun handiak ditu Azkaraten. Lur eta etxe horietaz jabetzeko interesa agertu du Herriko Etxeak. Familiak eskaintza errefusatu badu ere maiatzaren 12an iraganen den enkantean parte hartzeko nahikeria berretsi dute gaur herri agintariek.

Philippe Etchenique Azkarateko auzapezak hitza hartu du herritar eta eragile anitzen sostengua izan duen agerraldian.
Philippe Etchenique Azkarateko auzapezak hitza hartu du herritar eta eragile anitzen sostengua izan duen agerraldian. (Guillaume FAUVEAU)

Herrian ez bada bizi ere, ondasun handiak ditu Ainciburu familiak Azkaraten. Oinerdekotzari buruz akordiorik ez dagoenez, Baionako auzitegiari egokituko zaio banaketari buruzko azkeneko erabakia hartzea.

Orotara 31 hektarea laborantza lur, etxe bi eta Baigorri-Ortzaize eskualdeko herriaren muinean dauden bertze hainbat orube enkantearen bidez saltzeko saioa hilaren 12an iraganen da Lapurdiko hiriburuan.

Ondasunen balorea 164.000 euroan estimatu da. Izan ere espekulazioak gora eraman dezake prezioa.

Azkarateko Udalak agerraldia antolatu du gaur goizean herriko gelan salmentaren aurrean tokiko erakundeak hartuko duen jokabidearen berri emateko.

Horren aitzinean, Philippe Etchenique Azkarateko auzapezak bere kezka azaldu Kazeta.eus hedabideari eginiko adierazpenen bidez.

Lehen unetik Ainciburu familiaren ondasunaz jabetzeko urratsa egin zuen Herriko Etxeak. Horretarako Safer eta EPFL egituren laguntzaz ondasunen gaineko prezio estimazioa gauzatu zuen horren berri famiiari emanez.

Iragan ostiralean, familiak helarazitako eskaintza errefusatu zuen.

Horrendako damu azaldu da auzapeza, Herriko Etxeak Azkarateko herriak behar dituen hainbat egitasmo martxan jartzeko baliatu nahi izan duelako salmenta operazioa.

Hainbat proiektu zehaztu ditu Etcheniquek. Hala, tokiko erakundeak lur sail bat legeak agintzen duen hilerri berria eraikitzeko baliatu nahi lukeela azaldu du.

Egitasmo horrekin batera lurrak bertako laborarien esku jartzeko eta herriko jarduerak berpizteko xede bizitokiak eraikitzeko asmoa izan ditu aipagai auzapezak.

Espekulazioaren arriskuaz oharra egin du Udalak

Egitasmo horiek guztiak gaur gaurkoz zintzilik daude. Edonola ere, gaurko agerraldiaren bidez Azkarateko udal arduradunek argiki adierazi dute asmo irmoa dutela, ahal den neurrian, Ainciburu familiaren ondasunak «espekulazioaren arriskuaz» babesteko.

Herriko auzapez eta kontseilariak ez dira bakarrik izan gaurko prentsaitzinekoan. Pirinio Atlantikoen departamenduko kontseiluan hautetsi den Annick Troundayk hitza hartu du udalak abian eman duen desmartxa babesteko. Bestalde, heldu den ekainean eginen diren hauteskunde legegiletara bere burua aurkezteko asmoa agertu duen Alice Leiziagezahar ordezkari ekologistak parte hartu du agerraldian baitaere.

Era berean, nahiz eta agerraldian ez duten parte hartu Les Republicains alderdi kontserbadorearen Max Brisson senataria, Jean-Rene Etchegaray Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria eta Andde Sainte-Marie Akitania Berriako Eskualdeko kontseilaria bat etorri dira Herriko Etxeak Ainciburu familiaren ondasunak salbuan jartzeko harturiko bidde horrekin.

Gauzak horrela, Herriko Etxeak parte hartuko du lursail eta etxe horiek banatzeko enkantean.

Hartara, enkantean galduko balu ere bere esku diren baliabideak erabiliko dituela aurreratu du gaur Azkarateko udalak.

Familiak salgai emanen duen ondasunaren parte den Arizpia etxea «ondare historiko gisa izendatzea eskatuko dugu edozer egin ez dadin», iragarri du Philippe Etcheniquek.

Dagoeneko uxiera etxera bertaratu zenean, iragan apirilaren 21ean, mobilizazioa egin zuten azkaratarrek ELB sindikatuak eta Lurzaindia elkarteak eginiko deialdia jarraituz.

Sostengu horrekin bizkarrean Herriko Etxeko arduradunek gaur bururaino joateko determinazioa berretsi dute. «Ez dizkiegu gauzak errazteko», oharra egin dute. 

Euskal Elkargoak bere lehentasun eskubidea baliatu du Kanbon

Bestalde, 2018az geroztik ez aurrera ez atzera zegoen salmenta dosierra batean bere lehentasun eskubidea baliatzea erabaki zuen berriki Euskal Elkargoak.

Hain zuzen garapen ekonomikoaren eskuduntza aldarrikatuz, Ipar Euskal Herriko erakundeak Mushdehalsuenborda izeneko eremua beregain hartuko du, Kanbon.

Puyodebat xokolategiaren gibelean dagoen terrenoa saltzeko operazioa bereziki korapilotsua izan da. Birritan interes talkarengatik salmenta eten egin behar izan zuten, hainbat helegite tarteko. Finean iragan martxoaren 30ean eginiko bilkuran ondasun hori hartzeko deliberoa gehiengo zabal batez onartu zuten Errobi poloko hautetsiek. 

Aspaldidanik dosierra horretan lan egin duen Nahi Dugun Herria oposizio taldeko ordezkaria den Argitxu Hiriart-Urrutyk txalotu du «erabaki ausart hori» Mediabask hedabideari eginiko adierazpenen bitartez.