NAIZ

Bakartxo Ruiz ez da EH Bilduko zerrendetan egongo, berak hala erabakita

Bakartxo Ruiz, hizlari EH Bilduk ospatutako Aberri Egunean, Iruñean.
Bakartxo Ruiz, hizlari EH Bilduk ospatutako Aberri Egunean, Iruñean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Hurrengo urteko udal eta foru hauteskundeetarako zerrendak osatzeko prozesua abiatu du EH Bilduk, eta horretarako abiapuntua norberak bere borondatea agertzea da. Testinguru honetan, gaur asteartean jakitera eman du Bakartxo Ruizek ez dela oraingoan hautagaia izango. Nafarroako Legebiltzarrean ardura garrantzitsuak izan ondoren, irakaskuntzari helduko dio berriz eta ez da zerrendetan agertuko.

‘Diario de Noticias de Navarra’ri egindako adierazpenetan baieztatu du erabaki hori, aurretik jada aurreratzen ari zena. Jarraian EH Bilduk ere jakinarazi du, Ruizek indar politiko honetan lanean jarraituko duela erantsiz eta bere ekarpenarekiko harrotasuna azalduz.

 

 

Bakartxo Ruiz EH Bilduko zerrendaburua izan zen 2019ko foru hauteskundeetan, Adolfo Araizi lekukoa hartuz. 50.000tik gora bozka eta zazpi legebiltzarkide lortu zituen ezkerreko indar subiranistak, Gobernua erabakitzeko giltzarri bilakatuz.

«Honako hau nere azken legealdia izango dela esana nuen jada –nabarmendu du Bakartxo Ruizek ‘Diario de Noticias’en–. Ziklo bat amaitzeko ordua da eta nere erabakia ulertua eta errespetatua izan izana eskertzen dut», erantsi du.